Ingurukoek onartzen ez badute benetako kalbarioa izan daiteke

labrit 2018ko mai. 22a, 10:10

 

 

Inork gutxik ezagutzen ez zuen armairu bat bazen, iluna, ongi ikusia ez zegoena. Armairu horren barruan zer zegoen eta ate hori irekitzeak zer suposatzen zuen inork gutxik jakin arren, denek horri buruz hitz egiten zuten, eta duguna. Zenbat aldiz entzun duzu edo esan duzu hau edo hura armairutik atera dela? Neska horrek lesbiana itxura duela? Edo beste hura bizioso hutsa dela atzo neska batekin zebilelako eta gaur mutil batekin ikusi dutelako?

 

Amaia Barrena psikologoa eta hezitzaile sexuala da eta Aner Ansorena Kattalinguneko komunikazio arduraduna da. Joan den martxoan, Lekunberrin, hitzaldia eman zuten Kattalinguneko kideek zerbitzua ezagutzera emateko. Kattalingunek LGTBI kolektiboari (Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual eta Intersexualen kolektiboa) ez ezik bere identitate edo orientazioarekin arazoak edo ezinegonak dituen edonori laguntzeko zerbitzua da. Pixkanaka gizartean aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ere gizarteak berak finkatu dituen etiketetatik alde egitea kosta egiten da eta identitate eta askotariko orientazioak daudela errespetatu arren, naturaltasunez onartu dadin asko dago egiteko.

 

 

 

Kattalingorri, Kattalingune, Harrotuz... Zerk batzen ditu?

Amaia: Kattalingorri 2000. urtean sortu zen elkartea da LGTBI kolektiboa ordezkatzen duen elkartea. Orain gutxi arte oso behin-behinekotasunean bada ere, Nafarroan kolektiboaren errealitatea ikustarazten lan egin du, gizartea sentsibilizatuz eta aktibatuz. Ekonomikoki ia laguntzarik gabe borroka horretan egon da.

Aner: Kattalingune eta Harrotuz, elkarteak martxan jarritako zerbitzuak dira. Lehena Nafarroa osoari zuzendua eta bigarren Iruñeko Udalaren bitartez hiribururako. Kattalingune 2016an sortu zen eta zerbitzuaren helburuetako bat da udalez udal eta herriz herri zerbitzua eskaintzea eta horren premiaz ohartaraztea.

 

 

 

Zergatik egin zen aldaketa hori 2016an?

Aner: Nafarroan gobernu aldaketa gertatzen da eta nolabait ordura arte elkarteak eskaintzen zuen zerbitzu hori duin egiten hasi ziren, militantzia hutsetik zerbitzu profesionalago bat eskaintzera pasaz. Elkarteak bi proiektu aurkeztu zituen, bai Iruñeko Udalean eta baita Nafarroako Gobernuan ere. Kattalingune sortu eta kudeatzeko hitzarmen bat sinatu zen Nafarroako Gobernuarekin.

 

 

 

Eta momentu honetan zeintzuk dira Kattalinguneren helburuak?

Amaia: Helburuak asko dira baina laburbilduz esan dezakegu zerbitzu honek sexu aniztasuna balio baten moduan ikustarazi nahi duela gizarte osoaren aurrean. Ez diogu soilik LGTBI sigla horrek daraman kolektiboari erantzuten. Kattalinguneren helburua zabalagoa da, gizarte osoari zuzendua, eragile sozialei, kolektiboei, ikastetxeei, familiei, auzo edo herrietako elkarteei... Bestetik, helburu zehatzagoak ere baditugu, sentsibilizazio kanpainak egitea, alor espezifikoen gaineko formakuntza eskaintzea, LGTBI kolektiboko pertsonei eta euren senide eta ingurukoei aholkularitza, orientazioa eta laguntza eskaintzea...

 

 

 

Beraz, gizarte osoari zuzendutako zerbitzu bat da. Baina zein aholkularitza mota eskaintzen duzue hemen?

Amaia: Aholkularitza zerbitzua batez ere sexologikoa izaten da, identitatearekin edo orientazioarekin zerikusia duten kontuei buruzkoa. Izan daiteke, LGTBI kolektiboko pertsona bati zuzendutakoa edo bere guraso, edo lagunen bitartez egiten dena. Baina izan daiteke gizonezkoa izanik beti gizonezkoekin liatu izana eta bat-batean gau batean emakume batekin liatzea. Edo heterosexuala nintzela uste izan eta egun batean nire sexu bereko pertsona batekin liatu naizelako galduta sentitzea. Zer naiz, heterosexuala, homosexuala, bisexuala...? Gizarte honetan hiru etiketa daude eta egiten den irakurketa da horietako baten barruan egon behar zarela. Baina identitatea eta orientazioa ez da horren hertsia, uste duguna baino zabalagoa da.

 

 

 

Hainbat herritan Kattalingune zerbitzua ezagutzera emateko hitzaldiak eskaintzen hasi zarete...

Lekunberrin martxoan izan zineten... Zer moduz joan zen hitzaldia?

Aner: Bertan Inma Etxarri, kultur teknikariaren bitartez antolatu genuen eta jende dezente bildu zen, 2016tik hona egindako aurkezpenik jendetsuena izan zen.

 

 

 

Eta hitzaldi horietan zer da aurkezten duzuena?

Amaia: Zerbitzua bera eta eskaintzen dituen baliabideak aurkezteaz gainera, hitzaldiaren bitarte leku horretan LGTBIren eta sexu aniztasunaren gaia zein egoeratan dagoen ezagutzeko erabiltzen dugu.

Aner: Lekunberrin adibidez aurkezpenaren ondotik talde bat aktibatu zen. Helburua landa eremuko herrietan ere gune kritiko bat sortzea da LGTBI mugimendu bat eratzeko edo herri horretan antolatzen diren ekimenetan LGTBIren gaia kontuan hartzeko, jaietan, eskolan… Lekunberrin gazteengana iristea lortu genuen eta 16 eta 25 urte bitarteko 60 laguneko gazte talde bat elkartu da eta pixkanaka hasiko gara lanean eta gauzak antolatzen.

 

 

 

Eta Lekunberriko hitzaldian zein pertzepzio izan zenituzten edo zein iritzi jaso zenituzten?

Amaia: Bertan egon ziren pertsona gehienentzat buruan zuten gaia zen, zerbait egin izan dute edo egin nahi dute. 25 edo 30 pertsona elkartu ginen eta jendaurrean hitz egiteak sortzen duen lotsa kontuan izanik ere, oso eztabaida parte-hartzailea sortu zen. Uste dut belaunaldi berriek gaia normaltasun handiagoarekin hartzen dutela nabari dela. Beraientzat ez da horren zaila gai horiek lantzea, nahiz eta oraindik gauza asko ditugun egiteke.

Aner: Baziren gaiak barrutik ukitu zituen pertsonak ere. Garrantzitsua da ohartzea, orain dela hamar urte Lekunberrin zenbait gairi buruz hitz egitea oso zaila zen eta orain aldiz pixka bat errazagoa bada.

 

 

 

 

Kattalingunera zein kasu mota iristen zaizkizue?

Amaia: Denetarik. Azken batean Kattalinguneren helburuetako bat da landa eremuan sentsibilizazio aniztasuna balioan jartzean. Adibidez, deitu izan digu eskola bateko irakasle batek gomendio eske, ikasgelan nola kudeatu ez dakien egoera bat duelako, edo jokabide desegokiak ikusten dituelako. Baliteke aholkularitza bilera baten bitartez laguntzea edo liburu bat proposatzea...

Izan daiteke transexuala den haur edo gaztetxo batek laguntza eske jotzea gugana etxekoei kontatu nahi dielako eta ez dakielako nola edo etxean ez duelako babesik jaso... Profila oso zabala da.

 

 

 

Azken urteotan euren orientazio eta identitatearekin arazoak dituzten pertsonak geroz eta goizago hasten dira azaleratzen. Zergatik dela uste duzue?

Amaia: Alde batetik, gaur egun geroz eta onarpen handiagoa dagoelako gizartean eta erreferentzia eta azpiegitura gehiago daudelako. Eta nahiz eta oraindik, adibidez transexualitatearen egoera patologizaturik egon eta oraindik normaltasunarekin tratatzeko urrun gauden, egia da pertsonen artean diskurtsoa ezberdina dela. Hori nabaritzen da, ikusten da jendea elkartu egin dela zerbait berri erakusteko munduari eta ez dira soilik diskurtso politikoa egiten ari, ikerketa zientifikoetan oinarritzen dira eta horrek lagundu egin du.

 

 

 

Zein da Kattalingunen jarraitzen duzuen protokoloa?

Amaia: Edozein saio oinarri sexologikotik planteatzen da, baina beti biografia pertsonala jarraitzen dugu. Protokoloek maiz ez dute balio, beharrezkoa da kasuan kasu tratatzea. Familia batentzat tontakeria bat dena, agian beste batentzat ez. Edo haur batentzat kontatzea erraza dena beste batentzako ez, nahiz eta familia irekita egon eta konta dezala eskatu. Faktore asko sartu ohi dira jokoan.

Aner: Baina helburua da ume hori ume izatea, den modukoa eta horregatik gizartean arazorik ez izatea bere orientazio edo identitateagatik.

 

 

 

Nafarroako osasungintzan ere aldaketak egiten ari dira...

Amaia: Ekainean atera zen LGTBI legea, Nafarroako Gobernuarekin eta LGTBI kolektibo askorekin batera egin dena. Beraz, lege hori bada neurri batean errealitatearen isla. Osasungintzari dagokionez, aldatzen dena da despatologizatu egiten direla kasu hauek. Ea poliki-poliki gainerako alorretan ere aldaketak gertatzen hasten diren...

 

 

 

Aner, zenbat urterekin hasi zinen konturatzen mutilak zenituela gustuko?

Aner: Txikitatik arraroa nintzela pentsatzen nuen! [Kar, kar, kar]. Arraroa, ezberdina nintzela bai, baina hamabost urte nituen arte ez nuen pentsatzen horregatik izango zenik. Ni orduan ohartu nintzen. Nik asko sufritu nuen. Eskola izugarri zaila izan zen niretzat. Irakasleen aldetik ere ez nintzen onartua sentitzen. Adibidez, behin irakasle batek neskak neskekin eta mutilak mutilekin ibili behar genuela esan zigun eta ni neskekin ibiltzen nintzen, niri futbola eta pilota ez zitzaizkidan gustatzen. Irakasleak hori esan zuenean, neskek nirekin egon nahi izateari utzi zioten eta hiru urtez bakarrik ibili nintzen eskolan eta irakasleek hori ikusi eta ez zuten ezer egiten. Asko sufritu nuen. Eta min ematen dit oraindik ere, gaur egun, hori gertatzen dela kontatzen didatenean.

Amaia: Kontua da, diskurtsoaren baimena aldatu dela, hau da, gauza gehiago baimentzen dira, baina ezberdintasuna onartzeko ez dira bideak eratu. Ikastetxeetan esaterako, hezkuntza sexuala oso tarteka eta gainetik lantzen den ikasgai bat izaten jarraitzen du. Ekonomikoki ere ez dute horretarako laguntzarik izaten eta lau orduko saioak izaten dira. Ez da lantzen alde gizatiarra eta emozionala. Ziurrenik irakasle askok behar horretaz jabetzen dira, baina ez zaie baliabiderik ematen. Akademikoki kontuan hartzen ez den gai bat da eta hori ez baldin bada aldatu, sakontasunean pertsonak ez gara asko aldatu. Horregatik, ez nau harritzen gaur egun, oraindik ere ikastetxeetan edo lan arloan halako egoerak gertatzea. Beharrezkoa da bakoitzaren ezberdintasunak kontuan hartzea eta horiek kontuan hartuta heztea.

Aner: Aniztasunean heztea!

Amaia: Hori da! Ulertu behar dugu Lekunberriko mutil gehienek pilotan jokatzen dutela eta jokatzen ez duten hiru mutil horiek ere Lekunberriko mutilak direla.

 

 

 

Zein gomendio emango zeniokete momentu honetan bere orientazio edo identitateagatik gaizki pasatzen ari den irakurle horri?

Amaia: Laguntza bila dezala. Hona deitzeko edo etortzeko ez duela zertan adinez gorakoa izan eta informazioa eskatzeko lasai. Gertatzen zaiona, gertatzen ari zaiola eta hori onartzea dela lehenengo pausoa. Horrekin ez dut esan nahi onartuz gero ongi eramango duzunik, agian onartu arren gaizki pasako duzu, baina hor dago eta horrekin aurrera egin behar da. Eta aurrera egiteko baliatu zaitez inguruan dituzunez, familia bada familiarekin, ez badu funtzionatzen lagunekin, horiekin ez bada beste batzuekin...

Aner: Hemen bera den bezala errespetatuz tratatuko dugula eta laguntzeko prest gaudela.

Amaia: Hemen familia edo pertsona horrek nahi duen horretaz hitz egiten dugu. Gure funtzioa taxilariarena da. Guk kaleak ezagutzen ditugu, zein bide dauden. Familia taxira igotzen da eta nora joan nahi duen esaten dionean taxilariak esango dio zenbat bide dauden horra iristeko eta beraiek erabaki beharko dute nondik joan eta zein abiaduratan. Poliki, azkarrago, gelditu hemen...

Erritmoa familia edo pertsona horrek markatu behar du. Baina batez ere gaizki pasatzen ari den pertsona edo haur horren senideei esango nieke lagundu dezatela, ingurukoek onartzen ez badute benetako kalbarioa izan daitekeelako.

 

 

 

“Hemendik urte batzuetara naturalagoa izango da eta ez da jakintzat emango heterosexuala zarenik”

 

 

Paula eta Aiora

 

Kattalingunek Lekunberrin eskaini zuen hitzaldiaren harira sortu zen gazte taldeko kide dira Paula Etxarri (16 urte) eta Aiora Irastortza (18 urte). LGTBI kolektiboaren errealitateari buruz sentsibilizatzeaz gainera, feminismoa eta beste hainbat borroka aurrera eramatea du helburu taldeak.

 

 

 

Erraza al da homosexuala izatea Lekunberrin?

Paula: Nik hasieran beldurra neukan, baina orain, jendeak nola hartu duen ikusita ongi, ez da horren zaila izan.

Aiora: Nik uste dezente normalizatu dela. Azken urte hauetan aurrerapauso handia eman da.

 

 

 

Non uste duzue dagoela egiteko gehiago gazteen artean ala helduen artean?

Paula: Helduen artean.

Aiora: Guk eredu asko ditugu, Youtuben, telebistan, sare sozialetan... Hitzaldiak eta halako egitasmoak garrantzitsuak dira, baina uste dut etxean gurasoek beti gazteoi erakusten diguten moduak guk ere asko dugula erakusteko. Kasu honetan gai horiei buruz guk gertuagotik ezagutzen dugunez, horri buruz hitz egitea gure ardura ere bada.

Paula: Nire etxean bertan, gai honi buruz gehiago jakin dute niregatik, kanpotik baino.

 

Eta erreferenterik ez zenuen?

Paula: Ez. Aner izan da neurri batean gertu izan dudan erreferente bakarra... [Kar, kar, kar].

Aiora: Ez daude asko. Nik uste hemendik urte batzuetara naturalagoa izango dela eta ez dela jakintzat emango heterosexuala zarenik. Eskolan bertan ez digute aukerarik eman bestelako identitateak edo orientazioak ezagutzeko.

Paula: Adibidez sexologoa etortzen zenean, harreman heterosexualei buruz bakarrik hitz egiten zigun.

 

 

 

Normalizatuago dago nesken artean mutilen artean baino?

Paula: Bai.

Aiora: Neska kuadrilla bati galdetzen badiozu ea neskekin harremanik izango ote luketen, gehienek ez lukete ezezko borobilik emango, ate hori irekita uzten dute. Irekiago daude probatzera. Mutilak askoz ere itxiagoak dira orokorrean. Errazagoa da homosexuala zarela esatea neska kuadrila batean, mutil koadrila batean baino.

 

 

 

Eta homosexualitateaz ari gara... Baina bisexualitateaz edo transexualitateaz hitz egingo bagenu?

Aiora: Okerrago oraindik! Nik askotan pentsatzen dut denak bisexualak garela... [Kar, kar, kar]. Baina egia da transexualitatearen kontua edo intersexualitatearena askoz arrotzagoak direla eta gazteontzat ere nahiko ezezagunak direla. Horregatik, garrantzitsua da informaturik egotea. Eta talde honen bitartez ekintzak antolatu nahi ditugu.

Paula: Eta herritarrak egingo diren jardueretan parte hartzera animatzen ditugu.