Elkarrizketa

"Bukaera emateko unea iritsi dela sentitu dugu"

Mailope Aldizkaria 2023ko abe. 20a, 19:24

2010ean sortu eta orain arte, plaza mordo bat alaitu dizkiguna da Gabenara. Taldearen ibilbideari amaiera ematea erabaki berri dute. Ana Arraras Zabaleta abeslari eta pandero-joleak eta Garazi Erbiti Goienetxe gitar-joleak azaldu dizkigute taldearen nondik norakoak.

Nolakoa izan zen Gabenara taldearen sorrera?

Aralar Musika Eskolan trikitixa eta panderoa ikasten ari ginen Araitz eta Larraun bailarako hirukote bat osatu genuen Irati, Jaione eta Anak. Etxez-etxeko errondak, feriak, bazkariak eta afariak… girotzen hasi ginen. Honela urte batzuk aritu eta gero, gure irakasle Nerea Erbitik eta gertuko pertsonek animaturik, hirukotea handitu eta erromeria talde bat sortzeko ideia jaio zitzaigun.

Irati soinu-txikiarekin, Jaionek panderoa jotzen zuen baina taldea osatzeko baxua jotzen ikastera animatu zen, Ana abeslari eta pandero-jole moduan, Leitzatik Garazi gitarrarekin batu zen eta Lesakatik bateriarekin Mattin. Musika ekipoa eta teknikaria ere behar genituen eta lan hauetarako Fermin, Garaziren aita, laguntzeko prest agertu zitzaigun, oso “saltxeroa” da eta ikastaro bat egin zuen gurekin martxan hastearren.

Urte batzuk badaramatzazue honetan eta zuen ibilbidea azalduko?

2010 bukaera aldera taldea osatu eta abestiak aukeratu ondoren entseatzen hasi ginen. Abestien zerrenda ez zen makala, 65 abesti! Izan ere, erromeria taldeei ordu dexente jotzeko eskatzen digute, askotan arratsaldean ordu bat eta erdi eta ondoren, gauean lau orduz, beraz, abestien errepertorioa ere nahikoa izan behar plazen beharrak asetzeko!

Urtebete jo eta ke prestatzen ibili ondoren, 2011ko irailean Intzako festetan plazaratu ginen lehen aldiz eta geroztik, gelditu gabe jardun genuen pandemia iritsi zen arte.

2011ko irailean Intzako festetan plazaratu ginen lehen aldiz

Pandemiarekin zuentzat ere, etenaldia etorriko zen...

Inorentzat ez zen erraza izan etxean egon behar hori eta zuzeneko musika egiten dugunontzat gogorra izan zen emanaldirik gabe egotea, gure artean entseatzeko ere ezin bildu gintezkeen probintzia arteko mugimenduen mugengatik… eta honela, bi urte pasa genituen plazak alaitu gabe baina denok hainbeste desio genuen eguna iritsi zen eta gu gogotsu geunden berriro ere bideari ekiteko, nahiz eta ia-ia zerotik hasi behar izan.

Taldekideak aldatzen joan zarete eta nola bizi izan dituzue une horiek?

Aldaketa guztietan izaten dira maldak... Taldekide berriak aurkitzea ez da lan erraza izaten, normalean ahoz-ahokoan jendeari galdetuz moldatu izan gara eta horrela jende asko ezagutu dugu. Hala ere, zortea izan dugu eta ezagutu ditugun musikariak taldean sartzea erabaki izanaz gain, oso ongi moldatu izan gara. Erromeria batean oso garrantzitsua iruditzen zaigu taldekideen arteko harremana ona izatea, ordu asko pasatzen baitira elkarrekin. Beraz, kide berriak aukeratzean, musika arloari begiratzeaz gain, taldearen izaerara ongi egokitu daitekeen norbait aurkitzen saiatu gara beti. Ondoren, entsegu asko egin behar izaten dira musikari berria gure errepertoriora egokitzeko.

Taldekideen artean emakumeek osatu duzue gehiengoa, kasualitatea ote?

Hasieratik elkartutako lagun-taldearen gehiengoa neskak ginen bai, bost musikarietatik lau. Urteen poderioz taldekideak aldatzen joan garenez, kide berrien etorrerak ere aurreko kopuruetatik gertu ibili dira, inoiz ez gara bi emakume baino gutxiago egon oholtza gainean. Akaso, zoriaren kontua izan daiteke baina ordezkoren bat bilatzerako orduan emakumeak agertu dira ia beti. Poz handia ematen digun gauza da benetan, emakume musikariz beteta gaudela ikusi baitugu urte hauetan, gainera, agian hain ohikoa ez den testuinguru batean. Laburbilduz, neskengandik sortutako talde bat izanik, nahiz eta helburua ez den eszenatokia neskez betetzea izan, neskak gailentzen direla ikustea ere pozgarria eta ederra da eta jarrai dezagun plazak betez!

Gaztetxoak ere erromeriak sortzera animatu nahi genituzke

Non eman izan dituzue kontzertuak? Mimo berezia diozuen tokirik bai?

Gehienbat Nafarroa iparraldean mugitu gara eta aprezio handia hartu diogu zonalde honi guztiari. Badira gehiago errepikatu ditugun herri edo zonaldeak eta gehiago gozatu ditugun kontzertuak, baino orokorrean gehien dantzatzen duten herriei eta guregana gehien hurbildu diren ikusleei hartu diegu “kariño” gehien. Beti gustatu izan zaigu herritarrak ezagutzea eta beraiekin saltsan ibiltzea. 

Udan izaten dituzue kontzertu gehienak ezta?

Bai, normalean herriko festetan ibili izan gara, baina urtarrilean eta otsailean ihauterietako emanaldi solte batzuk izan ditugu, gero apirila bukaeran hasi eta jarraian, urria edo azaroa aldera arte ibili izan gara jotzen. Gehienbat asteburuetan, baina herri gehienetako festak abuztuan izaten direnez, hilabete honetan astegunez ere izan ditugu emanaldiak.

Musika estiloari dagokionez, ze bilakaera izan duzue?

Beti saiatu izan gara betiko erromeriari eusten. Urtero abesti berriren bat sartu badugu ere, ez ditugu betiko abesti eta dantzak kendu nahi izan. Ohitura hauek ere plazetan pixkanaka galtzen ari direla ikusten dugu eta urte hauetan honi eusten saiatu izan gara. Dantzatzeko piezak, mexikarrak, kalejirak... Gaur egun gazte askok nahiago izaten dituzte abesti berri gehiago dituzten taldeak, baina oraindik ere jende asko (tartean gazte dexente) dago horrelako musika gustoko duena eta plazetan faltan botatzen duena. 

Duela gutxi, idazki bat atera duzue…

Bai, hamabi urteren ondoren taldea uzteko erabakia hartu dugu. Urte asko pasa ditugu plazaz-plaza eta taldeak bere “esentzia” mantendu duen arren, taldekideen artean aldaketa asko egon da eta erabakia hartzea asko kosta bazaigu ere, bukaera emateko unea iritsi dela sentitu dugu. Garbi genuen gure bizitzako etapa bat izango zela eta honaino heldu da etapa hau. Orain bakoitzak bere bideari ekingo dio eta esperientzia berriak biziko ditugu. 

Bizipen honek asko erakutsi digu

Ze gauza onekin gelditzen zarete?

Bizipen honek asko erakutsi digu. Gehiengoa Gabenararekin murgildu ginen lan mundura, oso gazte hasi baikinen, zaharrena 20 urterekin eta gazteena 16rekin... Pentsa, talde bat eramatea dakarrenak bakarrik asko erakusten du bizitzan. 

Honetaz gain, jende eta leku berri asko ezagutu ditugu, Euskal Herriko txoko berezi asko. Hala ere, gehien bete gaituena ezagutu dugun jendea izan da, musika formatu honi urteak eskaini izanaren motorra, dudarik gabe!

Ahaztekoak ere gertatuko zitzaizkizuen…

Ez pentsa ahazteko esperientziarik dagoenik! Hain onak izan ez diren momentuak egon direnik ez dugu uko egingo; materialarekin arazoak daudela, taldekideren bat azken momentuan gaixotzen dela, kontzertua eman behar dugun lekuan muntaia egiteko arazoak daudela... Baino ez genuke esango ahazteko bizipenik izan denik, hauek denek hazten lagundu baitigute eta asko ikasi baitugu! Gure lehentasuna herria musikarik gabe ez uztea izan da eta beti lortu dugu modu batera edo bestera kontzertuak aurrera eramatea. 

Anekdotarik?

Asko! Behin, herri batean emanaldia genuela eta, muntaketa lanetan hasi eta bertako jendea ea zer ospakizun zegoen galdezka hurbildu zitzaigun. Festak ote ziren pentsaeran geundelarik, emanaldiko datan hilabete bat aurreratu ginela konturatu ginen. Berriro ere dena jaso eta etxera!

Beste behin, etxetik bi ordura genuen emanaldi batera bateriaren platerak etxean ahaztuta joan eta ezta ohartu ere muntaketan hasi ginen arte. Bertako jendeari galdetuz, herritar bat bateri-jolea zen eta berak utzi zizkigun platerak. A ze estuasuna! 

Hona hirugarren bat! Lehen musika-ekipoa eta instrumentuak remolke batekin mugitzen genituen. Bidean gindoazela, kotxetik kea ateratzen zela konturatu eta zer gertatzen zen ikusteko gelditu egin ginen. Handik minutu gutxira kotxeak su hartu zuen eta bertara inguratu zen jendeak lagunduta, remolkea kotxetik askatu eta aldentzea lortu genuen. Gu, izua gorputzean baina bestelako lesiorik gabe eta ekipoa eta instrumentuak arriskutik kanpo geratzean, etxetik engantxea zuen beste auto bat hartuta emanaldiko herrira joatea lortu genuen. Honelako ezustekoetan denbora azkar pasatzen den arren, bizi-bizi dena muntatu eta hitzartutako orduan puntual jotzen hasi ginen. Susto batean geratu zen dena eta gaitzerdi!

Beste batean, herri bateko kontzertuan horren ongi pasa genuen, ondoren bertako jendearekin trago bat hartzen gelditzea erabaki genuela. Ohartzerako egunak argitu zuen eta herritarrek berriz ere soinua jotzeko eskatu ziguten. Azkenean, furgonetatik trikitixa eta panderoa atera eta herriari buelta eman genion kalejira bat eginez. Diana polita izan zen!

Kontatzeko gehiago ere baditugu, baina guretzako zerbait ere gorde behar, kar-kar-kar!

Aurrera begira, musikari lotuta jarraituko duzue?

Ez diogu musikari inoiz aterik itxiko. Modu batera edo bestera, denek jarraituko dugu musika munduan. Behin honetan sartzean zaila da ateratzea.

Jendeari helarazi nahi diozuen mezurik?

Jendea plazetan dantzan aritzera animatu nahi dugu eta zuzeneko musikaren lana baloratu eta indarra ematera bultzatu nahi dugu. Datorren urtean plazaz-plaza dantzan jarraitu nahiko genuke. Gaztetxoak ere erromeriak sortzera animatu nahi genituzke. Esperientzia zoragarria da. Jende asko ezagutzen da, asko ikasten da eta gainera lana egitearekin batera parranda ere egiten da!