ARGAZKI KAMERAREN ATZETIK

Mailope Aldizkaria 2023ko abe. 20a, 19:43

Idoia Zabaleta

Argazkilaria da Idoia Zabaleta Aranburu. Ferminaren alaba Leitzakoa da izatez, baina Iruñean bizitakoa eta azken urteetan baita Atallun ere. Argazkipress-entzat egiten du lan gehien, baina behar duen guztiari eskaintzen dio argazki zerbitzua.

Ostalaritzan urte askoz lan egitez nekatu eta gero, argazkilaritza gustuko zuenez, Argazkilaritza ikasketak burutu zituen Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan. Ikasten ari zela, “Gaztediaren Etxean” ikastaroak ematen hasi zen euskaraz, urte pare batez edo. Orduan analogikoan lan egiten zuten eta ikastaroan, argazkiak nola egin, errebelatu, positibatu... erakusten zuen. 2000. urte inguruan,  7Krako lan batzuk egiten hasi zen eta hor egin zuen lan 6 urtez.

Argazki on bat ateratzeko: lekuan egotea, aurreikustea eta norbere kamera ongi ezagutzea da garrantzitsuena bere ustez. Kaleko argazkiak, bidaietako argazkiak eta erretratuak ateratzea du gustuko batez ere Idoiak eta gaur egun, lan gehien Argazkipress-entzat (FOKU) egiten badu ere, bere argazki zerbitzua behar duen guztiari eskaintzen dio. Webguneetako argazkiak ere egin izan ditu eta ezkontzaren bat ere bai lagunentzat, azkena Covid garaian. Kuriosoa  iruditu zitzaion egoera horretan ezkontza bat egitea, jende gutxi eta gonbidatuak musukoak traje edo soinekoarekin konjuntatuta.

Lan guztiak bezala, bere alde ona eta ez hain polita dauzka

Lan guztiak bezala, bere alde ona eta ez hain polita dauzka. Fotokazetaritzan (kirola, kultura, politika, gizartea) alde batetik bestera ibili behar dira eta batzuetan denbora eskasarekin. Beste batzuetan argazki politak eta jende interesgarria ezagutzeko parada ematen dio eta horrelakoetan, pertsona pribilegiatua dela pentsatzen du.

Bitxikeriengatik galdetuta, hasierakoa da beti gogoratzen duena:

“Sanferminetako entzierroan, nire aurreneko entzierroa zen Estafetako kurban eta goizeko 5:30ean han nengoen lekua hartzeko. Oraindik gaua zen eta jendea parrandan zebilen, baina ni han mugitu gabe. Zortziak jotzeko hamar minutu faltan argazkilari amerikar ospetsu bat etorri eta nire lekuan jarri zen...

-Nik: Barkatu baina hor ni nago.

-Argazkilari amerikarrak: Sorry, I don´t understand (barkatu, ez dut ulertzen).

-Nik: That you don’t understand! I’ve been here since 5:30h and that’s my place!! (ez duzula ulertzen! Hemen izan naiz goizeko 5:30etatik eta hori nire lekua da!!).

Beno, erantzuna askoz ere luzeagoa izan zen... baina nahiz eta txikia izan, zuzen jarri nuen. Argazkilari ospetsu hark beste leku batera alde egin behar izan zuen eta nire inguruko argazkilariei irrifarrak igarri nizkien.”

Gaur egun, argazkilariak gutxietsiak daudela uste du

Aurrera begira ez dago oso baikor. Gaur egun, argazkilariak gutxietsiak daudela uste du. Denok dugunez mugikorra eta harekin argazkiak egiteko kamara, batzuk, argazkilarien lana hobby bat izango balitz bezala hartzen dutela dio. Adimen artifizialak ere kalte egingo digula uste du. “Egia esan, gustukoa dudanak ez dit dirurik emango, baina disfrutatuko dut.”

Idoiarekin kontaktatu nahi izanez gero, www.idoiazabaleta.com webgunea du eta hor dator informazio pixka bat. Orain dela urte batzuk berritu gabe dagoela dio eta aspaldi ez dituela argazki berriak igo, baina bere lana ikusteko erakusleiho ona da.