Duela 14 urte ezagutu zuten elkar Garikoitzek eta Kizkitzak. Ordurako, proiektuaren ideia sortua zuen
Garikoitzek, eta, txikitako laguna duen Camilo-rekin batera, artea eta sorkuntza ardatz, kale-artearekin
lotura zuzena duen ibilbidea hasi zuten. Kizkitzarentzat elkar ezagutzearen pack berdinean etorri zen
aipatua, eta berarentzat GKo ez da enpresa bat, bizi proiektu bat baizik. Kudeaketa eta aholkularitza
ekonomikoan lagundu zuen hasieran, eta GKo-k arteak, esperimentazioak eta sorkuntzak duen aberastasuna eman dio. bueltan. Dena den, berak ez du egunerokoan GKo-n lan egiten, beste enpresa batean aritzen da administrari.
2008an sortu zuten GKo, Street Art (kale-artea) galeria. Euskal Herrian ireki zen erakusketa, eta
salmentarako lehen kale-arte guneetako bat izan zen. Denborarekin, 2013an denda gehitu zuten, eta
2018tik aurrera kultur-arte sorkuntza agentzia ere badira. Gaur egun Garikoitzen lan nagusia margotzea
da, bere muralak eta margo lanak zabaltzea, ezagutaraztea... eta bestetik saltzea. Era berean, kultura-artea eta gizartea lotzen dituzten proiektuak izaten dira haien helburu.
“Euskal Herrian ireki zen erakusketa, eta salmentarako lehen kale-arte guneetako bat izan zen”
Tolosan dute denda, bertan haien arropa marka saltzen dute, haiek serigrafiatua. Horrekin batera, artisten lanak ere saltzen dituzte. Urtean behin denda jaso eta erakusketa bat egiten dute, bertan Euskal Herriko kale-artean esanguratsua den gonbidatu bat aurkeztuz. Gonbidatuak bere lan berrienak aurkezten ditu, eta, era berean, salmentarako bitartekari lana egiten da. Tailerra eta bulegoa Ibarran dituzte, bertan proiektuak ekoiztu eta sortzeko. Garikoitzek bere margo lanak bertan egiten ditu.
Kizkitzak betidanik bizi nahi izan du baserri batean, eta bizitzak Araitzera ekarri ditu. Txikitan aitona-
amonekin pasatzen zen ibar honetatik, eta oroitzapen oso politak ditu. Beti sentitu izan da inguruari lotuta: “Hemen zerbait berezia dago, ez dakit nola azaldu, energia berezi bat sentitzen da”. Garikoitzek ere leku hau paregabea dela dio, edertasunak eta lasaitasunak ez dutela parekorik: “Guk bertakoengandik ikasteko gogo handia daukagu, bertan dagoen lurra eta nortasuna mantentzeko ideiarekin gaude, argi bai dugu hauek direla herri egiten gaituztenak”. Elkar ezagutzean, Gko proiektuarekin jarri ziren buru-belarri eta baserriaren proiektua lozorroan geratu zen. Urteetan bilatzen aritu ostean, aukera hau suertatu eta izarrak lerrokatu izan balira bezala sentitu zuten.
“Hemen zerbait berezia dago”
Araizko zaporeen ferian ere parte hartu zuten. Bai haien margo lanetarako eta baita zerbitzu bezala ere,
serigrafia lanak egin eta ikastaroak eskaintzen dituzte. Arriben, haur eta gazteekin tailer txiki bat egitea
pentsatu zuten eta gutxi batzuk animatuko zirela uste arren, azkenean jende askok parte hartu zuen: “Oso gustura joan zen bakoitza bere poltsa estanpatuarekin”. Bide batez, haien dendan dutena ere ekarri zuten, eta merkatuaren parte izan ziren guztiz.
Aurrera begira, baserriaren egokitze lanetan aurrera egin eta martxa pixka bat hartzea dute helburu. Haiek ari dira egokitze lan horiek burutzen eta abentura polita izaten ari omen da. Kizkitzaren aita primerako laguntzailea dute gainera. Etorkizunean, lan zati bat etxetik bideratzeko aukera, ez dute baztertzen. Garikoitzek dioenez, bere lana mugitu egin daiteke, beraz, hemen pentsatu, landu eta edonon burutu dezake. Kizkitzak, berriz, Olaberrian egiten du lan: “Egun batez behintzat telelana egiten dut, eta egia esan oso erosoa egiten zait. GKo-ri dagokionez, lekura egiten goazen heinean joango gara hauek bideratzen”. Aurrerago begira, badituzte zenbait ideia buruan baserria eta artearekin lotuta, baina oraindik oso goiz da horiek azaltzeko.