Araizko Udalak etxebizitzaren egoerari buruzko txostena sortu du

Mailope Aldizkaria 2025eko azaroaren 13a

Araizko udalerriaren tamaina txikia izanik, Udalak zuzeneko behaketa bidez egin ditu kontaketak. Kontzejuz kontzeju eta etxez etxe tokiko errealitatea ongi ezagutzen duten udal taldeko kideek egindako landa-lan horri esker, etxebizitza bakoitzaren erabilera sailkatu ahal izan dute. 

Metodo horrek errore-marjin txiki bat izan dezakeen arren, erradiografia fidagarria eta errealitatetik hurbilekoa sortu du, eta salmenta-prezioen datuak Araizko Udalaren datu basetik jaso dituzte.

Txosten horrek Araizko udalerriko etxebizitzaren egoeraren datu xume batzuk biltzen ditu, eta gutxi eraiki den inguruko herrietan orokortuak dauden tendentziak errepikatzen direla ikusi dute.

Nabarmentzeko datuak hurrengo hauek izan dira:

  • Ohiko etxebizitza: % 53,92.Etxebizitzen erdia soilik erabiltzen da ohiko bizileku moduan Araitzen, Nafarroako %80ko batez bestekoaren oso azpitik.
  • Etxebizitza hutsak:% 22,59. Azken hamarkadetan udalerria husten joan den einean etxebizitza asko hutsik  geratu dira, gehienak berritu gabe eta saldu gabe.
  • Bigarren egoitza: % 20,48. Kanpora bizitzera joan ziren araiztarren eta haien oinordekoen jabetzan geratu dira edo saldutako bigarren egoitzak dira. Uda partean eta asteburuetan erabili ohi dira. Nafarroako udalerri txikienetan antzekoa izaten da bigarren egoitzek eta etxe hutsek osatzen duten % 40 inguruko portzentaia.
  • Turismorako egoitzak: %3,01. Nafarroako landa eremuko batez bestekoa baino altuagoa da biztanleko.

Informazio gehiago nahi baduzu, sar zaitez Araizko Udalaren web orrialdean.