Covid-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia jarri diete Amavirren

Mailope Aldizkaria 2021ko mar. 12a, 15:07

Koronabirusaren aurkako txertoa jaso dute Beteluko Amavir egoitzako aitona-amona eta langileek.

 

Joan den otsailaren 12an, Beteluko Amavir egoitzan Nafarroako Osasunbideko mediku eta erizainen bisita izan zuten. Bertako aitona-amonei eta langileei Covid-19aren aurkako txertoaren bigarren dosia jarri zieten. Iaz, martxoan, alarma egoera ezarri baino lehenagotik mugatuta dituzte bisitak. Bertako lan-taldeak inon baino zuhurtzia handiagoarekin jokatzea erabaki baitzuen. Horri esker, ez dute kasu positibo bakar bat ere izan. Baina babes neurriak gogorrak izaten ari dira, jada urtebete bertatik atera ezinik edo euren senideen bisiten zain bizi direnentzat.

“Ea bera hiltzen den edo berak gu hiltzen gaituen!” hala dio barrez Maria Angeles Razkinek txertoaren ziztada jaso eta gero. Lakuntzarra da bera eta iazko otsailean iritsi zen Beteluko egoitzara. Ia ez du egoitzako errutina “normala” ezagutu. Bera iritsi eta egun gutxira iritsi baitziren lehen babes neurriak. Maria Angeles: “Erorikoengatik nago hemen. Hainbat aldiz erori nintzen eta azkenean ospitalean amaitu nuen. Han denbora gehiago pasa ezin nuela ikusi zutenean, hona ekarri ninduten. Santa Ageda egunean etorri nintzen, otsailaren 5ean”.

Lau seme-alaba ditu eta asko gogoratzen da beraiekin. “Telefonoz deitzen didate eta badakit ongi daudela, baina joan den urteko otsailetik eurak ikusi gabe nago. Hemen badira burutik ongi ez dauden pertsonak eta ez dute egoera ulertzen, etxera joan nahi dutela diote behin eta berriz. Gogorra da, baina ongi gaude. Tarteka kirola eta dantza egiten dugu eta ongi pasatzen dugu. Eguberrietan Olentzero etorri zen eta beste behin haurrak ere etorri ziren abestera, baina ez ziren sartu. Leihotik ikusi genituen”. Berari ere bigarren dosia jarri diote oraingoan eta lehenak baino sintoma gogorragoak eragin ditzakeela dioten arren, ez dio beldurrik.

Maria Angelesek baino denbora gehiago darama Betelun bizitzen Rosalia Azparrenek. Maiatzean bost urte izanen dira egoitzara iritsi zela. Eugikoa da jaiotzez. Bera ere anai-arrebak ikusteko gogoz dago. Rosalia: “Anai bat eta hiru arreba dauzkat eta martxotik ez ditut ikusi, baina ez dut bisitan etortzerik nahi adinekoak direlako eta ni ongi nagoelako. Hau guztia denon hobe-beharrez egiten ari dira eta konforme nago. Egunero hitz egiten dut haietako batekin bazkalondoren”.

 

Rosalía Azparren

 

Irakurtzeko zaletasuna du eta horri esker orduak azkarrago pasatzen zaizkio. Hala ere, negua luze egiten ari zaio. Udan ere, kasu positiboak jaitsi ziren arren, ez zuten kalera ateratzerik izan. “Urtebete daramagu hemen sartuta. Neskak (langileak) egunero ateratzen dira, euren etxeetara joan behar dutelako. Beraiek ahozapiarekin ibiltzen dira, guk gaur zuek etorri zaretelako jarri dugu, baina bestela ez dugu ahozapiarekin ibili beharrik”. Lasai dago Rosalia, denok pazientziarekin hartu behar dugula dio eta ahopeka kontatu digu hori dela batzuei falta zaiena.

Beste batzuei aldiz hitz egiteko gogoa da falta ez zaiena. Ikusi orduko, bere gurpildun aulkiarekin elkarrizketa bila hurbildu da Fernando Etxarri. Sakandarra da, Etxarri Aranazkoa. Berari ere luze egiten ari zaio eta gainerakook etxetik lanera eta lanetik etxera gabiltzanaren argudioak ez du konbentzitu: -“Zuek kalera ateratzen zarete ordea!”- dio. Fernandok ez zuen sekula pentsatu halako ezer bizitzerik, baina tarte-tarteka pasatzen dela ohartarazi digu: “1918ko gripeak laurogei etxarriar baino gehiago hil zituen eta Nafarroan hiru mila pasa izan ziren! Izurri beltza ere izan zen XIII. mendean edo...”.

“Ongi egiten ari ote ginen ez jakitea zen gogorrena”

 

Esmeralda, Beteluko Amavierreko zuzendaria

Esmeralda Maso Beteluko Amavir egoitzako zuzendaria eta gizarte langilea da eta Rosi Gaztelumendi berriz, langileen ordezkaria. Beraiei ere malkoek irrist egiten diete azken urte honetan bizi izandakoa gogoratze hutsarekin.

Nola gogoratzen dituzue hasierako lehen aste haiek?

Esmeralda: Lehen aste haietan zentzutasuna aplikatzea erabaki genuen. Iristen zitzaizkigun irizpideak kontrajarriak ziren, Osasunbideko Zuzendaritzatik gauza bat esaten ziguten eta Gizarte Politiketako Zuzendaritzatik beste bat. Oinarrian esperientzia falta nabaritzen zen. Beraz, langile guztiok bildu ginen eta denon artean bisitak mugatzea erabaki genuen. Ezin genuen debekatu, baina mugatzea erabaki genuen.

Erabaki hori alarma egoera indarrean sartu baino lehenago hartu zenuten...

E: Bai. Hasieran Donostian eta Gasteizen, Nafarroan baino kutsatu gehiago zeudela zioten eta gu erdian egonda iruditu zitzaigun ateak itxi egin behar genituela. Akaso azkarregi itxi genituen, baina orain ikusten dugu asmatu genuela. Alarma egoera ezarri zenean, ni lasaitu egin nintzen, neurri hori betetzea beharrezko bilakatu zelako. Ondoren, batzuek bisitaren bat izan dute, baina kontu handiz eta oso modu antolatuan. Denbora honetan guztian, bertan ditugun guztien senideekin une oro harremanetan egon gara, e-postaz, WhatsAppez, mezu bidez. Gurekin zegoen senidearen berri ematen genien, bisitan etorri nahi bazuten noiz egin zezaketen eta noiz ez, Gobernuak hartutako erabakiek guri nola eragiten ziguten azaltzen genien... Zentzu horretan lasai egon dira senideak.

Eta egoitzan dauden aitona-amonek nola bizi izan dute?

Txapeldunak dira! Sufritu egin dute, baina tabletarekin bideo-deiak egiten hasi ginen eta komunikatzeko tresna ezin hobea bihurtu da guretzat. Orain arte ez genuen behin ere erabili. Alarma egoeran iritsi zen gurera eta opari bat izan zen! Oso momentu hunkigarriak bizi izan ditugu. Gu egunero beraiekin gaude, baina eurak berriro elkar ikusten zuten momentu horiek oso bereziak izan ziren, poza, pantailari emandako muxuak, berehala bisitan etorriko zirela entzuten zutenean sortzen zien lasaitasun aurpegia... Momentu politak izan ziren, baina hori zen zeukaten bakarra. Eta oraindik ere horrela gabiltza.

"Kanpoaldearekin zuten harreman guztia galdu dute"

Ez du erreza behar neurri horiek errespetatzeak...

E: Ez eta aitortu beharra dut familiek hasieratik errespetuz hartu zutela gure erabakia. Zentzu horretan ez dugu inolako arazorik izan eta nik pertsonalki eskerrak eman dizkiet.

Rosa: Aitona-amonentzat hasierako asteak baino ondorengo hilabeteak izan ziren gogorrenak. Egoera luzatzen hasi zenean. Kognitiboki ongi daudenak, telebista ikusten dute, irratia entzuten dute, egunkaria irakurtzen dute, baina gainerakoei kosta egiten zaie egoera ulertzea.

E: Kognitiboki ongi daudenak askotan beraiek dira euren senideak lasaitu eta ez etortzeko eskatzen dietenak. Oso arduratsuak izaten ari dira. Sakrifizio handia egiten ari gara denok, bai langileok, bai familiak eta baita eurak ere.

Bisitak mugatzeaz gainera zein beste neurri hartu dituzue?

E: Bestelako sarrerak ere saihestu genituen, postariarena, materiala ekartzen digun garraiolariarena. Horiek ez ziren atetik sartzen. Bestalde, garbitasuna izugarri zorroztu da, lixiba eta urarekin dena behin eta berriz garbitzen ibili dira garbitzaileak, espazioak aireztatzen... Talde-lana gakoa izan da, denok norabide berean aritu gara. Inoiz baino argiago gelditu da denok garela beharrezkoak halako egoitza batean, garbitzaileak, gerokultoreak, sukaldariak, zuzendariak...

Hunkitu egiten zara, ezta?E: Bai. Gogoan dut etxealdi garaian nire lankideak etxera joateko irteten zinela eta jakitea zer-nolako ardurarekin eta zamarekin bizi behar zuten. Izugarrizko ardura izan da guretzat. Egoitzaren alde baino ez gara bizi izan azken hilabete hauetan. Lanetik etxera, etxetik lanera eta tarteka erosketaren bat egiteko baino ez ginen ateratzen. Sakrifizioa da hitza. Gure lana da, gure eginbeharra, baina bokazioa, borondatea eta sakrifizioa inoiz baino nabarmenagoa izan da. Eta baita nekea ere. Psikologikoki eta emozionalki oso nekagarria izaten ari da.

R: Hasieran izugarria izan zen. Oso gogorra. Ongi egiten ari ote ginen ez jakitea eta egunero hainbeste hildako zeudela entzutea...

E: Denbora guztian gure buruan bueltaka genituen kezkak ziren: Eta nik kutsatzen baditut? Eta nirez erruz hiltzen badira? Norbait sukar pixka batekin bazegoen izugarria zen. Oraindik ere, egunero hartzen dugu tenperatura.

Zama handia izan da...

E: Bai. Lehen ikastetxeko ikasleak etortzen ziren tarteka bisitan eta baita boluntarioak ere. Orain berriz, kanpoaldearekin zuten harreman guztia galdu dute. Hilabete hauetan gu izan gara euren senideak, zaintzaileak, terapeutak... Dena. Horregatik oso hunkigarria da guretzat, esperientzia gogorra izan delako.