Betelun bizi zara…
Leitzarra naiz, baina duela urte bat baino gehiago, ikasketak amaituta, Betelura etorri nintzen bizitzera; Beteluko Kroseko egunean hain zuzen. Bertan oso gustura eta lasai bizi naiz. Leku ederra eta atsegina da eta asko erakartzen nau. Halaber, bizitzera etorrZi aurretik maiz etortzen nintzen, eta herritarren elkarlana, ideologia eta balioak asko gustatzen zaizkit.
Noiz piztu zitzaizun ilustrazioarekiko interesa?
Ilustrazioaren alderdi artistikoak betidanik erakarri nau. Leitzako Amazabal eskola publikoan nintzela, mugikortasunari buruzko proiektu bat sortu zutela. Gure ikasturteko marrazketa teknikoko ikasgaian, proiektu horri buruzko logotipo bat egitea proposatu ziguten, ariketa bezala. Hala, ikaskide eta irakasleei nik egin nuen logoa gustatu zitzaien, eta azkenean, lehiaketa irabazi nuen. Oso pozik sentitu nintzen.
Beraz, ilustrazio mundua interesgarria iruditzen zitzaidanez, Ingeniaritza Diseinu Industriala eta Produktuaren Garapenea ikastea erabaki nuen. Askotan pentsatzen da makinak eta zenbakiak besterik ez direla lantzen, baina nik hautatutako gradua nahiko artistikoa izan zen. Marrazketa artistikoa eta diseinu grafikoa landu genituen, besteak beste. Asko gozatu nuen eta nire kabuz gehiago ikasten hasi nintzen.
Hala, Leitzan sortutako “Zaindu Leitzaldea” proiektuan parte hartzeko aukera izan nuen eta logotipoa egitera animatu nintzen. Asko ikasten dut logotipo berri bat diseinatzean.
Mailope Aldizkaria eta Aralar Irratiaren logotipo lehiaketako txapelduna izan zara. Nola bururatu zitzaizun logo berriaren irudia?
Askotan inspirazioa Interneten bilatzen dut, besteen ilustrazioak edo logoak ikustea onuragarria izan daiteke. Hala ere, hasieratik nahiko argi izan nuen Mailoen gaia nolabait adierazi behar nuela. Gainera, duela urte batzuk Beteluko nesken sokatira taldean aritu nintzen, eta bertako logoa diseinatzeko aukera izan nuen. Beraz, hasierako ideia hura ezaguna iruditu zitzaidan, eta gai orokorra gogoan nuen. Hala ere, ez nekien ongi nola lotu irratia, aldizkaria, Larraun, Lekunberri, Araitz eta Betelu, dena irudi batean. Beraz, paper batean marrazten hasi nintzen: lehenengo Mailopea, mendiak, erreka...
Hasieran dena marra okerrekin egin nuen.
Egia esan, unitateak eta egiturak asko gustatzen zaizkit eta horregatik, marrazki oker hura unitateetara pasatzea pentsatu nuen. Beraz, tabletarekin unitate finko bat definitu eta marrazki guztia horren arabera eraiki nuen. Ondoren, inguru berdea adierazteko lore bat marraztu nuen, eta lanean ari nintzela ohartu nintzen komiki-globo baten antza ere izan zezakeela, elkarrizketaren ideia adierazteko. Horrenbestez, goitik behera joan nintzen elementuak lotzen, eta horrela osatu nuen logotipoa.
Beraz, gazte ekintzailea ere bazara…
Gradua ikasten hasi baino lehen, proiektu propio bat sortu nahi nuen, eta laugarren urtean ekintzailetzan espezializatu nintzen. Nire proiektua sortu nahi nuen, baina hori egitea ez da hain erraza, eta azkenean, start-up batean hasi nintzen praktiketan.
Batzuetan, lan karga handia da, baina, hala ere, asko ikasten ari naiz. Izan ere, enpresa txiki batek eskaintzen duen aukera handia da.
Eta etorkizunean…
Lanaz gain, saiatzen naiz beste estimulu batzuk bilatzen, eta prest nago logotipoen diseinuak egiteko. Epe laburrean, nire helburu nagusia proiektu berrien bidez ikasten jarraitzea da. Etorkizunean, nire kabuz lan egitea gustatuko litzaidake. Baina lehenengo arlo desberdinak ezagutu eta probatu nahi ditut.