2004. urtean, Caja de Ahorros de Navarrak Beteluko hirugarren adinekoen egoitza zabaldu zuen, udalak helburu horretarako propio erosi zuen Sorobilla Hotela izandako eraikinean. Egoitzaren kudeaketa kutxak berak sortutako Amma taldearen bitartez egin zen hasiera hartan.
2010ean, baina, Banca Cívican sartu zen kutxa nafarra eta, bi urte geroago, CaixaBank-ek irentsiko zuen. 2016an, Adavir enpresaren jabetza zuen Maisons de Famille talde frantsesak, Amma erosi eta biak fusionatu zituen, Amavir sortzeko.
2025eko irailean, Amavirrek Beteluko eta Ibañetako adinekoen egoitza itxiko zituela iragarri zuen. Betelukoa, abenduaren 31n bertan.Eta halaxe jakinarazi zion Inés Francések, Nafarroako Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Agentziako zuzendari kudeatzaileak, udalari.
Beteluko Udala kontuak ateratzen hasi zen, proiektuari eustea ezinbestekoa baitze-ritzon. Baina 1.200.000 euroko aurrekontua zuen zahar-etxeak, udalarenaren bikoitza inguru. Arazo handi bat egonez gero, zuloak udala irentsi ahal zuen. Hori dela eta, inguruko udalekin biltzen hasi zen Betelukoa, proiektura batuko ziren galdetzera. Ez zuten, baina, atxikimendurik lortu.
45 bezerori zerbitzua eta 37 langileri lana ematen dien egoitza desagertzear zen. Hori gerta ez zedin, Beteluko Udala Amavirrekin eseri eta zesioa negoziatu zen, euro batean, zahar-etxeak aurrera egin zezan. Adostutako puntu garrantzitsuenen artean, sei-zazpi hilabeteko trantsizioan Amavirrek laguntzea zegoen. Horri esker, errazagoa izan da esku-aldatze prozesua. “Argi ikusten genuen Amavirrek nahiago zuela guk hartzea, Nafarroan beste egoitza batzuk edukita, ixteak bere irudiari kalte egingo liokeelako”, adierazi du Lontxo Zubillagak. Ordura arteko zorrak bere gain hartu zituen enpresak eta guztiekin bakean hasi zuen egoitzak ibilbide berria.
EH Bildu alderdiari esker, 100.000 euroko diru-laguntza izenduna jasotzeak ere asko erraztu zuen guztia, ikastaroak eta formazioa beharrezkoak baitzen. Etxean mantenu lan batzuk ere egiteke zeuden, eta horri ere buelta eman behar zitzaion, pixkanaka-pixkanaka.
Udalak ezin zuenez ardura guztia bere gain hartu, irabazi asmorik gabeko kooperatiba sortzeko aukera aztertu zen, Xabier Barinaga-Rementeria abokatuak lagunduta. Kooperatiban, udalak ezingo du gehiengoa eduki eta bezeroen, langileen eta bestelako eragileen artean banatuko da parte hartzea. Izen berria ere badu egitasmoak: Zedade. Zaintza Errespetua Duintasuna Adinekoen Egoitza.
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izanik, aurretik zen soziedade merkantila desagertuko da. Atzean ez da egongo, orain arte izan den bezala, negozio bat, baizik eta zerbitzu bat. Eta irabazten den guztia bezeroen eta langileen baldintzak hobetzera bideratua izango da.
Aldaketa honetan guztian zehar, kooperatiba izan gabe, kooperatiba bezala funtzionatu du egoitzak, Aitziber Otamendik koordinatzaile lana harturik.
Aipatu beharra dago kooperatibizazio prozesua bera ez dela erraza izan, egitura horretako beste adineko egoitzarik ez omen baitago ez Nafarroan, ez Estatuan. Eta badira, dagoeneko, beste eskualde batzuetatik, nola egin duten galdetzera gerturatu zaizkienak.
Hasieran, bizilagunen artean beldur batzuk igarri zirenez, bilerak egin ziren bideragarritasunaren inguruko azalpenak emateko. Gaur egun, herritarrak oso eskertuta agertu zaizkiela aitortu dute behin-behineko zuzendaritza taldeko kideek. “Jendeak bere inguruan geratu nahi du”, nabarmendu du Ainhoa Tobajasek.
Sakanatik eta Leitzatik heldutako batzuk badira ere, bezero gehienek elkar ezagutzen zuten aurretik elkar. Beste leku batzuetan ez dagoen gertutasuna sumatu daiteke korridoreetan zehar. Zuzendaritzako kideak ere ezagutzen dituzte. “«Etor dadila alkatea!», esaten du batek konpontzeko zerbait dagoenean”, komentatu du barre artean Lontxo Zubillagak. Zedade familia handi bat bezalakoa dela dio Ainara Zubiriak.
Langileendako ere aldaketa handiak datoz.
2013. urtean, etxea defizitarioa zelako aitzakia baliatuz, Estatu mailako lan-hitzarmenera lotu zituen enpresak langileak. Eta egoera irauli ezin izan zuten protesta handiak egin zituen plantillak, garai hartan, beren eskubideen alde. Orain, Nafarroako lan-hitzarmenera itzuliko dira eta, dagoeneko, berria langileak erakartzen hasi da. “Zaila da zenbait profil lortzea, izan garraioagatik edo bizitoki faltagatik, baina azkenaldian jende gehiagok erakutsi du prestutasuna edo interesa”, azaldu du Ainhoa Tobajasek.
Orain, lehen ez bezala, psikologo bat izango dute egoitzan eta baita asteburuetan ariko den erizaina ere. Era berean, euskaldunak edo euskalduntze bidean dauden langileak lortzeko ahalegina egiten ari da.
Horrez gain, zerbitzua osatzeko egitasmoak jarri nahi dira martxan. Laster, beren etxeetan lo egingo duten hamar lagunentzako eguneko-zentro bezala ere funtzionatuko du egoitzak, eta, besteak beste, bazkariak banatzeko zerbitzua ematea aztertzen ari da.
Egoitzak sukalde propioa du eta bere kudeaketaz kooperatiba arduratuko da, Aramark enpresarekin indarrean dagoen hitzarmena amaitutakoan, 2027an. Langile horiei ere, Zedaden lan egiten jarraitzeko aukera emango zaie, hala erabakitzen badute.
Adinekoen egoitzak hiru solairutan banatzen ditu erabiltzaile autonomoak, erdi-lagundurikoak eta lagundurikoak. Baina, erabiltze kopuruari dagokionez, egoitza txikia denez, beheko solairuan bildu daitezke guztiak.
Eraikinak Udalarena izaten jarraitzen du eta legeak ahalbidetzen duen gehienezko 20 urteko lagapena eman dio kooperatibari.