Igandea da, oheratzeko ordua. Telefonoa itzali aurretik, begirada bat ematen diot eta Iñigo lagunaren whatsappa aurki-
tzen dut zain. Oso gutxitan idazten diogu elkarri, urtebetetzetan eta eguberritan soilik. Harriduraz eta kuriositatez ireki dut whatsappa eta hantxe irakurri: gaur, bihotzekoak jota, Koldobika hil egin da.
Oso azkar etorri da nire erreakzioa, kontrolaezina. Oihu egiten dut. Ez dakit zer esaten dudan baina oihu horretan batzen
dira istant batean harridura, ezin sinestea eta amorrua. Nire bikotekideak galdetzen dit ea zer gertatzen den, zergatik oihu
mindu hori. Azaltzen diot gertatutakoa eta nor izan den lagun hau. Izan ere, gaztetan lagun handiak izan ginen. Elkarrekin mendiak igo, eskalatu, bidaiaren bat egin eta neskekin ligatu.
Astelehena. Gaua gaizki pasa dut, oso triste, oso nahastua eta oso bigun. Oroitzapenak pilatu egiten zaizkit. Negar egiteko gogoa ez da begietaraino iristen, agian lotsagatik, baina lur jota nago. Telefono deiak. Iñigo eta senideekin, besteak beste, hitz egiten dut. Guztiok harrituta eta triste gaude. Deskubritzen dut lagun komuna genuenekin hitz egiteak lagundu eta lasaitzen nauela, bera beste bidetik edo ezagutu ez zutenekin konpartitzeak baino areago. Burura, behin eta berriz etortzen zait kanta. Non hago, zer menditan, Alkizako laguna? Mendi hegaletan gora, oroitzapen den gerora, ihesitan joan hintzena!