Gaurkoan ahalik eta emekien aritu nahi dut, gaiak goxotasuna eta maitasuna merezi dituelako.
Bi dira aukeratutako hitzak, suizidioa eta erromantizismoa, eta bat, hauen artean sortu eta normalizatu dugun erlazio toxikoa.
Norbaitek bere buruaz beste egiten duenean, haren ingurukoa, justifikazio bila hasten da, dena ulertu, arrazoitu eta kontrolatu nahian, mina eta errua kontrolatu nahian. Baina ez dugunean erantzuna topatzen, sufrimendua hasten da gure hitz eta ekintzen jabe izaten. Kontrolaezina bihurtzen den arte, eta buklean sartzen gara. Azkenean arrazoimena gehien desafiatzen duen sentimenduak, hartzen du lekukoa. Maitasunak. Eta suizidioa maitasun ekintza moduan justifikatzen dugu sarritan.
Behin eta berriro esan digu gizarteak hori dela bide zuhurrena. Nork ez du entzun inoiz Romeo eta Julietaren berri, maiteminak beraien buruaz beste egitera eraman zituela. Besterik gabe onartzen dugu hala izan zela, pentsatu gabe. Inoizko maitasun istorio hilezkorrenaren amaiera, heriotza bera da.
Suizidioa ez da erromantizatu behar, ez da maitasunagatik egiten, desesperazio, atsekabe, ezinegon eta barne sufrimendu luze baten ondorioa da. Eta hala denez gero, gizartea kontzientziatu behar da. Osasun mentalari daukan bezain beste garrantzi ematen hasi. Agian horrela konponbidea ere zein den argitzen hasi gaitezke.