Nazkatu naiz, emakumearen bandera hartuta nator, feminismoak askotan ahazten duen emakumearen hitza izatera.
Menopausia ez da amaiera, nahiz eta askotan hala irudikatzen den. Ez da isiltasunera kondenatutako bidaia bat, baizik eta bideko beste etapa bat. Emakume guztien gorputzetan gertatzen den aldaketa naturala da. Na-tu-ra-la. Gaztetasuna eta emankortasuna gurtzen dituen mundu batean, gizarteak bizkarra eman arren, (deseroso sentiarazten diolako) Menopausiaren egia batekin nator. Gorputzak aldatzen dira, baina beraien balio ez.
Menopausia ez da, ez akats, ez porrot. Barrutik eta kanpotik eraldatzen gaitu, fisiologia, biologia, psikologia, morfologia… alderdi askori eragiten die. Denok dakigun bezala, baina ezjakinarena egiten dugu, “normala da” sufrimendua ikusezin bihurtuz. Emakume askok bakardadean zeharkatzen dute, hitzik, azalpenik eta babesik gabe, “normala” izateaz gain tabua delako.
Baina etapa honetan dauden emakumeak ez dira desagertzen, sakondu egiten dira, isilagoak agian, baina baita argiagoak ere. Indar berri moduko bat hartzen dute, goxoak eta zorrotzagoak aldi berean, eta hori ahaztu egiten du sistema oso batek.
Horregatik, menopausiari izena ematea, hari begiratzea, erdigunean jartzea, ekintza politikoa da. Duintasuna eta errespetua aldarrikatzea da. Emakumea baloratzea ez da aukera bat: behar bat da. Gizateriaren zor zahar bat.