Gizakiak sinesteko beharra dauka, eta ez bakarrik erlijio, sineskera edo otoitz zaharretan. Gaur egun fedea zabalagoa da. Sinesten dugu algoritmoetan, ChatGPTk erantzun egoki, bakar eta zuzena emango digulakoan, sinesten dugu “influentzer” batek gomendatutako kreman, sinesten dugu, gure datuak eta bizitza mugikor txikien barruan sekretuan ondo gordeta daudela, sinesten dugu, erlojuak gure osasunaren inguruan esaten digunaz, sinesten dugu, norbaitek idatzitako horoskopoetan, sinesten dugu “energia harrietan” eta motibazio bideoak dira mantra berriak “nahi baduzu, ahal duzu” eta ahal izateko ikastaroa 199€-tan salgai.
Sinesten dugu, sinesteak lasaitzen gaituelako. Ez jakintasunaren urduritasunaren kaosari forma ematen diolako. Bai, arraroa bada ere, ikusezinean fede itsua daukagu askotan, ongiaren izenean sinetsi nahi dugu eta sinestarazten digute. Baina zer gertatzen da auzokidea etorkina denean, justu bizi den familia, beste azentu batean mintzo dena edo azal kolore ezberdinekoa... Haiei ez diegu federik eskeintzen. Beraiei konprobante eta justifikanteak eskatzen dizkiegu. Zintzotasunaren ziurtagiria, ontasunaren eta kexa ezen kontratu mugagabea, banketxeko kontu korrontearen zenbakiak eta hiruzpalau erreferentzia moral. Eta dena kaixo esan aurretik.
Paradoxikoa, baimenik gabe entzuten gaituen gailua poltsikoak dugu, baina igogailuan agurtzen gaituenaz mesfidati gara. Mundua hobea izan dadin otoitz egiten dugu, eta kalera irtetean , ez gara arrazistak, baina badaezpada, espaloiz aldatzen gara. Gizatasunean sinesten dugu… gure ondoan autobusean esertzen ez den bitartean.
Eta orain, fede nahikoa dugunez, goazen hastera koherentzi bila.