Izan daiteke ere pertsonak edo kolektibo sozialak, adibidez ijitoak, emakumeak... gutxiesteko, kritikatzeko...Oso nahasgarria da gainera asmo onez txisteak egiten ditugunean eta oharkabe norbaiti gaizki esaka ari garenean. Txiste bakoitzean epai bat dago, zer den ona do zer den txarra diona.
Umore klabean izateak ez dio garrantzia kentzen epai edo ideia finko horri. Askotan txisteek ez dute graziarik egiten txarrak direlako, iraingarriak. Badaude umore moduak nahiko finkatuak daudenak garaiaren arabera. “Modan” dago garai bakoitzean sozialki onartua denari barre egitea. Nire garaian etiopiarrak ziren, oso flakoak zirelako. Edo Lepe-koak, asto xamarrak zirelako, edo euskaldunak, exageratuak omen, tripazorriak... umorearen bidez izaerak finkatzen dira ere, nolakoak izan behar garen.
Eta agian arriskutsuenetako bat, elkarri gauzak esateko erabiltzen dugun umorea da. Batzuetan kontzienteki, broma moduan baina pentsatzen duguna esatea da, garrantzirik izango ez balu bezala, bestela esateak beldurra ematen digulako... Beste batzuetan oharkabean aldiz, broma baten ondorioz eztabaida hasten da, hor umorea baino gehiago, minak, asegabeak, eta abar aipatzen direlako, nahiz eta umore tonua izan. Behar duten seriotasun eta tonurik ez dutelako, ez dira ongi ulertzen eta nahasmena etor daiteke.
Niretzako oso garrantzitsua izan da umoreaz hausnartzea eta zer umore egiten dudan ohartzea, bai bertsolaritzan lan egin ahal izateko eta baita bizitza pertsonalerako ere. Virginia Imaz klown paregabeak esaten zuen bezala, umoreak norberatik pasa behar du beti, eta umorea egiteko, zauriak itxia egon behar du. Ea ba zer umorerekin datorkigun aurtengo udara, besarkada bana eta ongi pasa!