Bolo-bolo dabil azken aldian inteligentzia artifizialen kontua. Segundo gutxitan egituratu dezakete edozein ezagutza, jakintza, diskurtso, arazo… Batzuentzat sekulako tresna, besteentzako tresna beldurgarri, orain dela denbora bat jakintzaren inguruan ditudan pentsaerak baieztatzen dizkit egoerak.
Hezkuntza sistema klasikoan ikasi dut nik, non ezagutza “errepikatuz” ikasi dugun batez ere, zentzu gutxirekin ikasiz eta denbora gutxira ahaztuz. Sareek ere aspaldi erakutsi dute ez dela balio handi bat ezagutza teorikoa izatea, hori erraz eskuratu daitekeela. Tresna berri hauek hau indartzen dute, edozeinek eduki dezake orain behar duen informazioa esfortzu oso gutxirekin.
Nonbait irakurri nuen, mundua liburuz betetako astoz betea dagoela, Alegia, ezagutza zentzu gehiegi gabe errepikatzen dugun jakintsu bihurtzen ari garela. Sentitzen dut jakintza hori egiazkoa izateko, sakona, esperientzia batek lagundua joan behar duela. Zentzu sakona duen ikaskuntza, esperientziak eman didana dela.
Teoria behar badugu, segituan praktikan jartzeko izan dadila, hor sendotzeko, baieztatzeko, esperientzia gidatzeko… bestela, ez du gehiegi balio. Eta zer esan bestelako jakintzez, emozionalaz, afektiboaz… Pazientzia edukitzeaz, nire burua maitatzeaz, besteak errespetatzeaz… Hor ere badago jakintza garrantzitsu bat inteligentzia artifizialek nekez garatuko dutena, bakarrik gizakiarenak direlako inteligentzia horiek. Horien garaia garatzeko prest nago ni. Ezagutza desorekatua sentitzen dudalako, gehiegi buruetan, gutxiegi bihotz eta gorputzetan.