Pazientzia

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Estanga 2024ko mai. 9a, 09:53

Hitz horrekin bakarrik esana legoke dena. Pixka bat garatuko dut ordea. Sentipena dut nire ezinegonaren arrazoi nagusienetako bat pazientzia eza dela, dena momentuan nahi izate hori. Udaberria iritsi den honetan ordea, inguruak oroitarazten dit prozesuek bere erritmoa behar dutela, bere denborak.

Interneten garaiko ajea izango da agian, airean dabilen ideia delako momentuan nahi dugun hori momentuan izan dezakegula, klik bakarrera. Telefonoak ere badakar hori, nahi duzunarekin nahi duzunean egoteko ustezko botere hori.

Baina sakonago ere ikus ditzaket arrazoiak, beti hobetzen egon behar hori, emaitzak lortu beharra, lortze horrek bideaz gutxiago gozatzearen eragina nola duen. Ohartua nago gizartearen denborak naturaren antzekoak direla ere, haziak landatu (barnean eta kanpoan), horiek zaindu eta elikatu, hazten ikusi, fruituak
dastatu, berriro egokitu, ber-egokitu...

Emaitza nahi izatearen antsietatea ere kaltegarri zait sarri. Hiriaren argiak etxeraino iristen zaizkigun garai honetan, gure inguruko herrietan bizitzeak ere pazientzia berezi bat eskatzen duela argi dago, inguruarekin harremantzeko, pertsonekin, erritmoekin, soinuekin...

Inguruarekin lanean dabilenak hori ongi dakiela iruditzen zait, baina ni gutxi nago inguruarekin kontaktuan eta pazientzia galtzen dut sarri, gauza gutxi pasako balira bezala...

Nire buruari pazientzia garatzea opa diot ba, ekintza bakoitzari behar duen denbora eskaintzeko, egun bakoitza bere ezaugarriekin bizitzeko, emozioei ere beren denbora emateko, poza, tristura, haserrea...

Gutxiago gustatzen zaizkidan lanak egiteko pazientzia ere, hala nola garbiketa, zaintza, ikastea... Eta pazientzia nire buruarekin egoteko, ongi nagoen edo ez sentitzeko, erabakiak lasai hartze-
ko. Pazientzia ulertzeko bideak intentsitate ezberdinak dituela eta denak direla beharrezko, beraz, pazientziaz aurrera!