Betidanik izan naiz sentikortasun handikoa, batzuetan gehiegizkoa zela pentsatu izan dut. Ingurua (familia, eskola, lagun arteak) gutxiago sentitzeko eta “hotzagoa” izateko prestatuta zegoela zirudien, sentikortasuna ahulezia bat balitz bezala. Noski, sentikortasuna diodanean sentipen denak sartzen dira, poza, tristura, beldurra… Zenbat aldiz entzun dut “ez zela hainbesterako”. Barnean zerbait “puskatua” nuela ere pentsatu izan dut noizbait.
Barne lanketan sakontzearen arabera, ohartzen joan naiz opari bat dela sentikortasun handia, hori bai, behar dudan modu berezian kudeatu behar dudala. Eroso sentitzen ez naizen lekuetan ezin dut egon (kaosarengatik, biolentziagatik…) eta horrek harremanak mugatzen dizkit. Sentikortasun hori garatzeko lan “artistikoak” egitea iruditu zait beti bide egokia. Bestalde, besteentzako agian garrantzia gutxi duten gertaerek (eztabaida bat, tristura bat, pentsamendu bat…) eragin handia dute nigan, eta hor gelditzen naiz egoerari bueltaka. Egiten dit bere ekarpena horrek, baita mugatu ere.
Hainbeste ez sentitzeko, “itxi” behar izan naiz askotan. Baina barne lanaren ondorioz eta antzeko jendearekin elkartu izanagatik, berriro irekitzen noa, kudeatzen ikasten, zentzua ematen… Bizitzan “niago” izaten, eta bizitza “nireagoa” sentitzen.
Azken aldian badirudi ohikoa baino jende gehiago gabiltzala sentikor, hauskor ere, garai bereziki aldakorra balitz bezala, barne beldurrak eta minak bere lekua eskatuko balute bezala, egin nahi diguten ekarpena egiteko. Garaia hala izan edo ez, ni behintzat lan honetan nabil eta segituko dut, barne kontu zaharrak garbitzen eta berriak ongi neurtzeko. Antzeko zerbait pasatzen bazaizu, ongi etorria zure partekatzea, horrelako prozesuak partekatuak arinagoak direla ikasten ari naizelako, aurrera ba!