None
Buelta batzuk eman dizkiot ze hitz erabili, heldu, atton-amon… Baina erabaki dut bere kutsu “gutxietsitzaile” eta guzti, zahartzaroa izatea bizitzaren azken zatian dauden pertsonak definitzeko hitza. Betikoa da zaintza behar hau, gure guraso gehienek gure aiton amonak zaindu dituzte. Baina bizipen errealetan,b nahiko berria da niretzat. Ingurukoak ikusten noa ere gero eta gehiago gurasoen zaintzekin arduratuta… eta egoki ikusi dut honen inguruan ideiak garatzen jarraitzea.
Emozio kontrajarriz betetako garaia da niretzat zaintzeko garai hau, alde batetik beldurra, tristura, zalantzak nola joango den… Nire beldurrik handiena sufrimenduari da, minari, zahartzaro eta zaintza ez duinari. Beste alde batetik, harrotasun eta goxotasun punttu bat ere senti dezaket, non gu zaindu gaituztenak zainduz, harremana orekatuko balitz bezala. Bizitzaren lege garrantzitsu bat beteko balitz bezala.
Kezkatzen nau ere gizartean zahartzaroarekiko dugun ikuspegiak, kaltegarria dela uste dut. Lan produktiboan oinarritutako gizarte honetan, produktibo ez izatea karga bat bezala hartua dago, ondorioz arriskua dago zahartzaroan dagoen pertsonak bere burua gutxiesteko. Ez dela justua iruditzen zait, bizitza guztian gauzak egin ondoren, atsedenerako eta kokapenerako garaia behar lukeela uste dut.
Bestalde, zahartzaroa duina izateak ere asko kezkatzen nau, bagatoz bizitza ahalik eta gehien luzatzeko kultura batetik, zaindu eta zaintzaileentzako sufrimendu handia suposatu arren horrek batzutan. Nire partetik, testamentu bitala egin nuen, non diodan (gutxi gorabehera) nire buruaren jabe ez naizen momentutik, ez dudala bizitzari eusten jarraitu nahi. Bakoitzak jakingo du, nire kasuan asko lasaitzen nau aukera honek.
Nola zahartzaroa zaindu, nola zaintzaileak zaindu, ea ba jarraitzen dugun bizitzaren ezinbesteko garai hau ahalik eta egokien bideratzen, aurrera ba!