Ez zen egon gure etxean besarkatzeko eta muxuak emateko ohiturarik, kontrakoa, nahiko giro “hotza” zegoen zentzu horretan. Inguruan ere beste hainbeste, zirudienez ezpainetako muxuak bikoteen kontua ziren bakarrik, besarkadak berriz zerbait larria gertatzen zenean norbaiti ematen zitzaion zerbait… Nerabezaroan Iruñean antzeko jarraitu zuen kontuak, nik gogortasun eta beldur puntu batetik bizi nuen sentsazio emozional hori.
Lekunberriko lagunak agertu ziren orduan, gaztetxeen garaia, Leitzako parrandak eta aurreneko giro alternatiboak. Bertan, ezpainetan “piko” bat ematea gauza ohikoa zen, laguntasun seinale, besarkadak ere lagun artean ematen genituen, topatzen ginen aldiro, ni asko lasaitzen ninduten, konfiantza ematen zidaten eta pertsona horiekin nire defentsa sistema erlaxatzen zen.
Ordutik, jende batekin mantendu ditut ohitura horiek, beste batzuekin ez, zerbait “mekanikoa”, sentipen gabea bada ez da atsegina, nolabaiteko konfiantza bat egotea beharrezkoa da pertsonen artean, argitasun bat egiten dugun horrek ez duela bestelako esanahi edo sentipenik, gorputzak gorputzekin lasai deskantsatu dezaketenaren mezua.
Argi dago muxu edo besarkada batek emozioak pizten dizkigula, emateko eta jasotzeko gure “babeste sistema” jaitsi behar dugula. Beldur ohikoa dela esango nuke muxu bat eman eta gehiago sentitu daitekeela, auskalo zertan bihurtu daitekeen… Argi dago ere mundu guztiarekin ez dugula sentitzen besarkatzeko edo musukatzeko nahia, gorputzek gordetzen dituztela ere pasatako esperientzia traumatikoen memoriak…
Interesgarria da niretzat gertatzen denaren eta ematen diogun esan nahiaren inguruko behaketan jarraitzea, nerabezaroan egiten hasi nintzen momentutik, nire barne osasuna askoz hobea dela sentitzen dudalako. Kontakturik ez egotetik oheratzera, bitarteko asko daudelako.