Asko aipatzen da azken aldian zaintza, argi dago erdiguneko egin beharra dela. Bereziki eguneko gaia da nor bere buruaren zainketa, bai alderdi fisikoan (kirola, elikadura…) eta baita alderdi psikologikoan ere, autolaguntza, terapia… Arreta pertsonon barruan jartzen da asko, zer egiten dut nik nire egoera dagoen bezala egoteko, zer egin dezaket hori hobetzeko.
Lan oso sakona eta beharrezkoa dela iruditzen zait, denok egin beharrekoa. Baina, norbere egoera dagoen bezala egotearen inguruko arrazoiak pixka bat ahazten direla iruditzen zait, eta hori arriskutsua izan daiteke. Familiaren eraginak nahiko sartuak daude auto lanketan, (nire haurtzaroak ze eragin izan zuen nire izateko moduan, etab). Kontutan hartzekoak dira ordea jaio naizen herria, gizartea, garaia….
Asko gustatu zitzaidan entzun nuen esaldi hau: Lanean estresatuta bazaude, agian ez duzu terapeuta bat behar, agian sindikatu bat behar duzu. Ardura gero eta gehiago norberarengan jartzen den honetan, ardura estrukturalei arreta kentzen diegu, eta desoreka handia sortzen da hor, oso garrantzitsuak eta eragindunak diren ezaugarriak baitira kanpokoak ere.
Garai honetan ezin besteko dira kontutan hartzea, adibidez: Itxurarekin daukagun harremana. Betiko gaztaroaren formulari lotuak, ezinezkoa dela jakinda ere. Diruarekin daukagun harremana, gero eta gehiago nahi, gero eta gehiago gastatu, horrek gure ekintzetan duen eraginarekin. Espiritualitatearekin dugun harremana, iruditzen zait krisi handi batean gaudela hor. Komunikabideekin dugun harremana, mundu ikuskera bat ematen digute, baldintzatua, interesatua…
Horrek denak, gure buruarekin eta gure inguruarekin nola harremantzen garen baldintzatzen du. Sentsazioa dut gure buruak gehiegi zaintzen jartzeak, ingurura ez zaintzera garamatzala, edo zaintzen badugu oso modu interesatuan… Zaintza erdigunean jartzea garrantzitsua den garai honetan, ea ba nola osatzen dugun gure buruaren eta gizartearen zaintzaren oreka hori, azkenean gauza bera zaintzen dute biak eta.