Denborari denbora

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Estanga 2025eko abenduaren 16a

Exkerra, Gaintzen urte askotan bizi izan zen pertsona xelebre xamarrak, mozkortzen zenean (sarri izaten zen hori), logika handirik gabe hitz egiten zuen askotan, bestetan berriz egurra ematen zuen hitz gutxirekin… Tarteka esaten zuen esaldia zen “tiempo al tiempo”, auskalo nondik ikasia, grazia berezia egiten zidana. Hausnarketa honetarako oso ongi etorriko zait, jakinduria handiko esaera dela iruditzen zait. 

Sarri izan naizelako gauzak kolpe batez egin nahi dituena, pentsamendutik dena aldatu nahi duen horietakoa, argi pentsatuz gauzak, logikaz… kolpe batez dena egin! Eta oso gutxitan funtzionatu izan dit horrek, gauzak ez ziren eta ez dira nik nahi bezala gertatzen, beste erritmo motelago bat daramatela iruditzen zait orain… Denboraren erritmoa. 

Pentsatzen dut gauzak denbora luze behar izan dutela eraikitzeko, ondorioz aldatzeko denbora behar izatea da arruntena ere, gerora aldatuko dena orain aldatzen hasiz eta gerora sendotuko dena orain sendotuz. Ideiak oso azkar aldatu daitezkeen bezala, sentipenak, baloreak… denbora behar dutela eraikitzen, sendotzen… 

Sentitzen dut denborari denbora emanda, egiten dudan hori loratzen doala, alde batera edo bestera. Denbora mantso edo azkar doala, eta ez dela gelditzen. Etengabe elikatzen dela nitaz, ni berataz ere, erreka horretan noala erremediorik gabe. 

Beraz, asko zaindu nahi dudala zer eskaini denborari garai bakoitzean, denbora orok ekartzen didan jakintzari leku eginez, zalantza garaian zalantza, sendotzean sendotu….  Soka geldi ezin hori jarraitzearen ondorioz, heriotzaren zubi berezia iritsi arte, denborari denbora eman, ni neu eman denborari, zintzoki eta arriskuz. Orain arte asko dut eskertzeko, zenbat eta denbora gehiago eman niri, zenbat eta ni gehiago denborari, orduan eta ezuste gehiago. Eman diezaiogun ba denborari denbora!