Txarra kenduta ongi?

Erabiltzailearen aurpegia Oskar Estanga 2026ko otsailaren 2a

Modan dagoen esaerarekin hasi dut hilabete honetako kolaborazioa, baina galdera ikurrarekin, gauza asko biltzen dituelako bertan. Hasteko, nola dugun ohitura “zer moduz?” galdetzen digutenean ongi esateko, gehiegi sakondu gabe. Hor ere badirudi galdetzen dugunean, espero dugun erantzuna dela ongi hori, orokorrean ez dugulako denbora eta patxadarik izaten gehiago sakontzeko.

Bestalde, ongi edo gaizki egotearen “orokorkeriari” buruz informazioa ematen digu esaerak. Gaizki ez da inoiz erantzuten, oso gutxitan. Posible al da dena ongi edo dena gaizki izatea norbere bizitzan? Bai, posible izango da, baina askotan ez da pasako… Esaerak argitzen digu beti daudela gauza batzuk “ongi” eta besteak “gaizki”. Baina, zer da ongi eta zer da gaizki?

Orokorrean, minak, tristurak, haserreak… “gaizki” barnean sartzen ditugu, aldiz poza, lasaitasuna, plazera… ongi bezala. Noski, gizakiok badaukagu berezko joera bat “ongi” horretarako, gure barne eta inguru orekak osasuna dutenaren seinale. Baina badugu ere horrelako gizarte exigentzia bat, arrakastaren exigentzia, non itxura mota bat izan behar dugun, arazorik ez izan… Bada esamolde bat diona: ongi esan beharko, gaizki esanez gero parra eitten diate ta… hor ikusten da exigentzia.

Azken aldian zera sentitzen ari naiz sakon, dena hasten eta bukatzen dela, denak duela bere alderdi pozgarria eta alderdi tristea, gozoa eta gogorra… Pertsona bezala gehiago normalizatu nahi ditudala minak, galerak, beldurrak, arazoak… hori egiten dudan heinean gutxiago pisatzen didatelako, ez naizelako arraro edo galtzaile sentitzen.

Elkar entzuteko ohitura sustatu nahi nuke, non gai garen elkar entzuteko gomendiorik eman gabe, zer den txarra eta zer ona esan gabe, elkar entzutearen indarrarekin, hor egon ahal izateko, zerbait eskaintzeko, eskatzeko… Prozesuak errespetatuz, txarra eta ona indarra galtzen doan lekuan, gure epaiek baino bizitzak berak erabakitzen duen lekuan.