Ikastearen garaiko semea naiz, lanbide on bat izateko ikastea izan da nire aukera paregabeetako bat. Eta baliatu dudala sentitzen dut, handik eta hemendik ikasiz, kalitate oneko bizitza eraikitzeko gai izan naizela uste dut. Baina, informazio artean denbora gehiegi eman dudanaren sentsazioa ere ba dut.
Jakintza asko eta jakinduria gutxi egon daitekeela esan zuen norbaitek. Ados nago. Gauzei buruz jakitea tresna bat da, ongi etorri daiteke horretara baldin bazaude, baina informazio gehiegi izateak jakitearen ilusio bat sortu dezake gero egia ez dena. Gauza bakoitzak bere ñabardurak ditu gainera, bere aldaerak, izaera bereziak… Urrutiko gauzetan hamalau jakin dezakegu, gerturatu eta lau direla ohartu gaitezke.
Jakintza teoriko asko dago, informazio asko, datuak, berriak… bada ordea nire ustez garaia beste jakintza mota batzuetan fokua jartzeko eta sakontzeko, jakintza emozionala, gure mugen jakintza… Benetan pertsona eta gizarte bezala informazio garrantzitsua emango digutenak autoezagutza finean jarraitzeko, osatuan.
Informazio teorikoa adimen artifizialek eraiki eta kudeatu dezaketen honetan, benetako giza jakintza zein den hausnartzeko garaia dela uste dut. Ikusten ari gara nola asko jakiteak ez gaituen hobeak egiten, ez digun benetan bizitzan baliagarri izateko laguntzen…Nola kokatu hori? Eskulana eta lan fisikoa gutxietsiak izan den garai honetan, horren balioa ere gero eta gehiago sentitzen ari gara.
Jakintza mundua ulertzeko modu bat dela ohartzen ari naiz, ez mundua bera. Mundua oraindik zabalagoa dela jakintza bera baino, beraz, jakin jakin, dakidanarekin eta datorrenarekin, aurrera denok elkarrekin, umiltasunarekin, maitasunarekin, zaintzarekin!