Autoz joaten naiz maiz unibertsitatera. Bai, “billabesaz” joan ninteke.
Badakizu zenbat kostatzen zaidan esaldi hori epairik eta errurik sentitu gabe esatea eta onartzea? Bai, tira. Ingurugiroa dela eta ez dela. Kutsadura dela. Norberaren ardura ere badela. Hori: hegazkinak ahalik eta gutxien hartzearena, bertako jakiak erostea, fast-fashion delakoa urrun mantentzearena… Halakoak.
Ba errudun, aizue.
Eta egia da: norbanako gisa badugu ardurarik. Aitzitik, “bainaz” betetako esaldiak dira hauek, onar dezagun.
Gero ikusten duzu Taylor Swiftek 138 tona CO2 isuri zituela bete bikotekidea ikusteko. Zer diren 138 tona? Ba 17 etxek hiru hilabetetan, bataz beste, egiten duten energia gastuarekin aldera daitezke, esaterako. Abeslariak, urtean, ia 8300 tona aireratzen ditu. Hortxe. Egin kalkuluak. Taylor Swift da, iaz Yard marketing enpresa ingelesak argitaratutako zerrendaren arabera, munduan gehien kutsatzen duen pertsona famatua.
Zerrenda horretan Steven Spielberg, Kim Kardashian, Oprah Winfrey eta Travis Scott bezalako izenak irakur ditzakegu.
Berriz diot. Hau ez dut arduragabekeriaz itsutzeko aitzakia gisa erabiliko. Baina, tira… pentsatzekoa eta salatzekoa ere bada nola askotan fokua (eta errua) gugan paratzen diguten goitik. Goikoak izanik errudun nagusiak. Zeinek bera nolako, besteak uste halako dio esaerak. Eta agian, baliteke, ziurrenik, arrazoirik ez zaio falta.