Gurean argi ditugu hainbat ezaugarri: puntualtasuna, adinduei eserlekua ematea garraioan, etab., etab., etab.
Aurrekoan gaiari heldu genion Perun gauden alemaniar batek eta biok. Berak sei hilabete luze daramatza herrialdean. Baina tira, gatozen harira.
Egia da puntualtasuna, orokorrean, ez dela perutarren indargunea. Hori hala da. Niri, alemaniarrari bezainbeste (edo, beno, ez horrenbeste agian), haserretzen nau horrek. Hark gogor kritikatzen zuen jarrera hau Alemanian ezinezkoa delakoan.
Estereotipoei jarraitu eta Espainian ere halakoxea ei da jendea haren ustetan. Siesta luzeak botatzen direla eta sangria edan.
Hortxe ikusi nuen: “heziera onekoa” zaiguna orokortzeko joera dugu. Niretzako X denak, denentzako behar al du X, bada?
Elkarrizketa hartan beste puntu bai mahaigaineratu nuen gaiari buruz hausnartzeko. Adibidez, zuentzako zer da ohikoena etxera norbait gonbidatzen duzuenean? Jateko edota edateko zerbait eskaintzen diezue? Nik baietz esanen nuke, orokorrean gurean eskaintzeko joera dugula. Bada, hemen, Perun, ere bai. Deus ez eskaintzea “heziera txarrekoa” da.
Hortxe alemaniarrak hartu zuen “kolpea”. Ezetz, deus ez eskaintzea normala omen. Zergatik eskaini behar diot ezer?,
zioen.
Hari horretatik tiraka ibili ginen eta hausnarketa dotorea egin daitekeela uste dut halako txikitasunetatik abiatuta. Guretzat ohikoa, araua, hegemonikoa dena ez baitu zertan besteentzako hala izan behar.