Dolua adierazteko presio soziala

Erabiltzailearen aurpegia Veronika Satrustegi 2025ko ots. 12a, 11:26

Heriotza bada esperientzia unibertsala eta maiz, mendebaldeko kulturetan, bakartienetakoa. Ez baitugu norekin elkarbanatu, ez baitugu ondoan guk nahi genukeen bezala entzunen gaituen inor. Bestalde, ez horren urrutiko gizarteetan modu kolektiboan (edo
kolektiboagoan) ulertzen da heriotza: ez da amaiera, bizitzaren zirkuluan fase berri baterako urratsa da.

Gurean malkoak espero dira, ageriko tristura. Eredu honetan ez sartzeak eragin dezake sufritzen ari denak ulertu gabe edo  errudun sentitzea dolua modu “egokian” ez bizitzeagatik. Bada-
go halako presio soziala mina esplizituki erakustekoa, gizakiaren konplexutasun emozionala aintzat hartzen ez duena.

Dolu-eredu tradizionalera ez egokitzeak isolamendu sentsazioa areagotu dezake: beren mina nahikoa ez balitz edo baliozkoa ez balitz bezala.

Esan gabe doa: gizarte mailan eta indibidualki ez dago dolua bizitzeko modu bakar bat. Oinazea mila modutan adierazten da,  denak ere zilegi. Ez daude aurretiaz idatzitako etapa itxirik ere.

Indibidualtasuna errespetatzea ezinbestekoa da, beraz: batzuek auhenaz eta negarrez erantzunen dute, beste batzuek oroimena eta ospakizuna izanen dute oinarri. Edozein modutan ere, kultura guztiek dolua beharrezkotzat jotzen dute galera gainditzeko eta joan direnekin lotura, nola edo hala, mantentzeko.