“Irakasleak hausnarketa bat egiteko eskatu digu. Bah, Chat GPTri eskatuko diot eta listo”.
“Zuk diozuna ez dago ongi. Nik Chat GPTrekin egin dut eta bestelakoa dio!”
“Badaude IArekin egindako testuak eta lanak gizatiartzen dituzten aplikazioak, eh?”
Eta hauen gisako esaldi zerrenda luuuuuze batekin bete nezake zutabe hau.
Bigarren Hezkuntzatik aurrerako zenbat gazteri (eta ez horren gazteri) entzun ote diedan halakorik! Niri ezkerreko begiak dar-dar egiten dit hauek entzuten ditudan aldiro. Zalantzarik ez: sekulako erreminta izan daiteke zintzo eta modu kritikoan erabiliz gero. Baina, hortxe gakoa: zer da modu kritikoan erabiltzea? Lortu al daiteke hori inork erakusten ez badie / badigu?
Erabilgarria al da, bestetik, izan ariketa soilak edo hausnarketak etxean egiteko bidaltzea jakinda askok (baina askok!) Chatgepete lagunttoari eskatuko diotela haien ordez egiteko?
Horrekin batera: zenbatek egin ote dizkiote galderak Chatgepeteari norberaren begirada eraikitzen laguntzeko! Informazioa bilatzea, konparatzea, egiaztatzea… ez baita bi segundotan egiten. IAk, baina, halaxe egin lezake. Zer preziotan, ordea!
Buffff a ze meloia. Zeinen azkar doazen gauza batzuk, zeinen motel besteak. Aizu…
Pentsatzen jarrita, pentsamoldea, ideologia, iritziak… guk gerorrek garatzeak makina bat lan duela ikusita, zutabe hau ere eska niezaioke Chatgepete-ri, ala?
Oraintxe galdetuko diot. Euskara txukunean egiteko gai izanen denik ez dut uste, baina tira…