Errutina babesleku da

Erabiltzailearen aurpegia Veronika Satrustegi 2025eko abenduaren 16a

Zer den egunerokotasuna, ezta? Betikotasuna da. Goizean goiz kafea hartzeko erabiltzen  den katiluaren hotsa da. Soinu diskretua, sumagaitza ia. Baina konturatzeak edo arreta  jartzeak esanen nuke baduela nostalgiatik zerbait. Ez, agian, hotsak bere horretan; bai,  ordea, inguratzen duenak: kafe usainak, loredun huleak, atariko eskulekuak biratzerakoan egiten duen zaratak, marraka eta zintzarriek, maindire barratuek…  

Buruak maiz gordetzen ditu bizitzan zehar errepikatu direnak. Baina kontzienteki gogora  ekarri nahi izanda ere, biziko esfortzua eginda ere, ezin dugu. Horiek gordetzeko  baldintza horixe da: bat-batean bueltatuko dira. Errutina itsuari zerbait gogoratu nahiko baliote bezala. Zerbaiten abisua balira bezala. 

Zerena? Zerbaitena, ziur. 

Errutina hitzak aztoratu egiten du maiz, baina errutinak ez du zertan espetxe izan behar.  Babesleku ere izan daiteke. 

Niretzako errutina nostalgiaren eskutik doa anitzetan. Bigarren hori zer den eta zergatik  agertzen den oso argi ez dudan arren. Agian nostalgia da arimak gertatzen ari zen horri  begiratzen ez jakiteagatik eskertzeko duen modua. Gu konturatzerako denborak aurrera  egin du; buruak, bitartean, hirurehun eta piku hauetan, gorde ditu gorde beharrekoak.  Eta gutxien espero dugunean berreskuratuko ditu.  

Zertarako? Zerbaitetarako, ziur.