Gainontzekoen bizitza baloratzeko eskuliburua

Erabiltzailearen aurpegia Veronika Satrustegi 2026ko otsailaren 2a

"Betebeharraren" eta "nahi izatearen" urak etengabe gurutzatzen diren mundu batean bizi gara, bai paraleloak bailiran, noizean behin elkar jo eta korronte zurrunbilotsuak sortzen dituztenak. "Betebeharra", larrialdien eta erantzukizunen mozorroarekin, baimenik eskatu gabe iristen da gure bizitzetara. Inguruko arau ez-idatzien arabera zer egin behar dugun gogorarazten digu, gizartearen itxaropenak betetzea eskatuko baligu bezala. "Nahi izatea", ordea, xuxurla errebelde bat da, gure izatearen sakonean piztutako sugar bat, batzuetan betebeharraren mareak itotzen
duena.
 
Bada, antza, bizitza “zuzenaren” eskuliburu bat: markatutako bidetik ez desbideratzea eta espero bezala erantzuteari buruz mintzo dena. Besteen begientzat onargarria den irudi bat mantendu behar dugula dioena. Gizartearena. Errotutakoa. Nolabait, idatzi gabeko horri erantzuteko
ezinbestekoak dena.
 
Eta parean nahia: libreago izateko gogoa, geu geuganago joatekoa, espero zenaren pisurik gabe sortzekoa. Horra hor bizitzak eskatzen duenaren eta arimak irrikatzen duenaren arteko pultsua.
 
Topatzen dira inon betebeharra eta nahi izatea. Batzuetan oreka prekarioan. Agian, bizitzea bi ibai horien artean nabigatzea dela onartzea besterik ez da geratzen, batak bestea irentsi gabe eta bakoitzari bere garaian dagokion indarrarekin jariatzea ahalbidetuz. Eta esanen nuke borroka horretan, kaos ordenatu horretan sortzen dela gure benetako esentzia.