Urte asko daramatzazu marrazten, komikigintzan, ilustratzaile lanetan…
Neure buruaz esango nuke komunikatzaile bisuala naizela. Hainbeste urte eta gero, konklusio horretara iritsi naiz. Egia da, nire kasuan, zubi lana egiten dudala euskararen eta irudiaren artean. Hori da nire dohaina, eta, hain zuzen ere, horretan egiten dut lan. Komikiaren bidez, zirrikitu bat ikusi nuen, eta neure burua aurkeztu nuen, nire egitasmoa.
Komunikatzean, beraz, irakurlearengana ailegatzea duzu helburu, hartu-eman bat sortzea? Ez soilik zuk nahi duzun hori adieraztea.
Hori da. Komunikazio bisual horren barruan hainbat gauza daude, arbola batean adarrak bezala: komikia, ilustrazioak, jende aurrean sormen tailerrak egiten ditut, orain oso modan dauden infografiak… Azken horiek gaztaroan ere egiten genituen, Egunkarian adibidez, eta orain visual thinking esaten dio horri edozeinek. Eta esaten dut: “joe, orain dela 30 urte egiten nuen!”. Horretan guztian ari naiz. Azken hilabeteotako jarduna errepasatzen ari naiz. Oso eskertuta nago aukera honekin, eta oso argi daukat egitasmo hau auzolan baten modukoa dela.
“Hau eremu euskalduna izanik, arnasa ere hartu dut”
Nolatan erabaki zenuen Geuretik Sortuak egitasmora aurkeztea?
Alde batetik, premia ekonomikoagatik, dudarik gabe, hori aitortu beharra daukagu, nire lanbidea delako. Beste alde batetik, ideia gustatu zitzaidan. Ahuldade horretan gelditu beharrean, bizitza osoa daramagu marru, negar edo tristura gorrekin, esanez ahulak garela, eta, jakina, gaitz edo dena delako honek ahultasun handiagoa ekarri digu. Egoera honetan, geure burua indartu egin behar dugu. Eskertuta nago, sortzaileoi duintasunez lan egiteko aukera bat eman digutelako. Hori azpimarratu egin nahi dut, eta eskertu. Eta, era berean, ikuspegi hori ez dut galtzen: gaur ni izan naiz hautatua, baina hemen lantalde bat dago. Beharbada hitz politak dira, baina nik sinetsi egiten dut horretan.
Artista asko aurkeztu zineten deialdira, 73, eta 26k baino ezin izan duzue parte hartu.
Bai, tamalez. Bide luze bat egiten ari gara dagoeneko; nik 30 urte daramazkit, gorabeherekin, baina txoro-txoro, urte batzuk bai.
Proiektu bat aurkeztu behar izan zenuten izena emateko?
Baldintzak ikusi nituen, eta aurretik honezkero ere ari nintzen proiektu batean lanean; beti izaten dut sukaldeko sua piztuta, eta aukera hori ikusi nuenean erabaki nuen aurkeztea egokia izan zitekeen egitasmo bat. Horrelakoetan erantzuna beti izaten da ustekabean: egitasmo bat bidaltzen duzu eta ereiten duzu. Esango nuke, beharbada, baldintza egokiak daudela hau ernaltzeko. Alperrikakoa da hazi on bat edukitzea ez badituzu baldintza egokiak. Eta hori da artiston arazoa: egiturazko arazo bat daukagu.
Zer pentsatu zenuen Araitz-Betelu-Larraun ibarra egokitu zitzaizula jakin zenuenean?
Ez nuen prozesu honetan ardurak blokeatzerik nahi; beti izaten dira gorabeherak. Hasieran ardura handia sumatu nuen. Hau artista eta sortzaile handien habia izan da, eta ez nuen horrek ni blokeatzerik nahi. Astebete igarota [Uztegin izan da elkarrizketa, uztaila hasieran], etxearen oinarriak egina dauzkatela esan dezaket. Ideia pila bat ekarri nituen, burusia ideiaz beteta, eta, astebeteko bizipenak eta gero, bizkarrezurra edo oinarria jartzen hasi naiz.
Zer konta dezakezu egiten ari zaren lanari buruz? Nolako produktua da?
Komiki bat izango da, urari buruzkoa, hogei orrialdekoa. Noski, komikia egiteko modu asko daude, komikiaren zentzu zabalean. Azken finean, komikia paperezko zinea da. Inoiz baino gehiago jarri naiz irakurlearen lekuan. Irakurleak gustura irakurriko duen zerbait izan behar da. Zer nahi dugu? Arnasa hartzeko balioko digun zerbait; ez dut esango alaia, baina nik beti sortzen dut umoretik.
Zergatik aukeratu duzu ura?
Ura batez ere, eta emakumea; bi aitzakia horiek ditu proiektuak. Ez dut irakurleak espektatiba handiak egiterik nahi, baina bi aitzakia horiek hartu ditut. Ura bizitza da. Iruditzen zitzaidan aitzakia ona izan zitekeela nire bidean pauso berri bat emateko.
Egun batzuk hemen egin eta gero, zer iruditzen zaizu ingurua? Hemengo bizimodua?
Aurretik ere hemendik pasatutakoa naiz, mendian zein bizikletaz. Horregatik, niretzat ez da eremu arrotz bat. Eremu euskalduna izanik, arnasa ere hartu dudala esango nuke. Izan ere, ni eremu erdaldun batean bizi naiz, Altzan [Donostia, Gipuzkoa], eta hemen arnasa hartu dut. Gainera, oso harrera ona egin didate.
"Nire kasuan, lan bikoitza da: idatzi eta marraztu egiten dut".
Noizko egongo da prest proiektua?
Irailaren 15erako eginda izan behar dugu jada, idatzia eta marraztua. Nire kasuan, lan bikoitza da: idatzi eta marraztu egiten dut. Hori da komikiaren xarma. Zorionez ala zoritxarrez, kultura bisualean nago erabat sartuta, eta nik daukadan dohaina da biak uztartzen ditudala; lehen aipatutako zubi lana egiten dut irudiaren eta euskararen artean.
Euskara aipatzen duzu zubiaren harri nagusi gisa. Zergatik? Euskara bultzatzeko helburuarekin egiten duzu lan, euskara presente daukazu zure lanetan…?
Euskararen aldeko hautua egiten dut euskaraz lan egiteko, ez euskararen alde. Egia da nik uste, azken batean, transmisio lan bat egiten ari naizela, eta alderdi horretatik ari naiz hitz egiten. Esango nizuke, alde batetik, bai dela sortzea, baina badela transmisioa ere honezkero. Ni alde horretan nago. Ohartzen naiz transmisio bat egiten ari naizela, eta hor sartzen da euskaraz egitea. Ondare bat galtzen ari dela ikusten dut, euskara, eta ondare hori transmititzen ari naiz. Azken urteetan batez ere kontzienteagoa naiz horretaz. Urteetan eta mendeetan jaso dugun ondare hori galtzen ari da, eta guri dagokigu transmisio hori egitea. Beste esparru batzuetan ere ari naiz transmisio hori egiten.
Haurrei zuzendutako lan asko egin dituzu; tartean, 20 urte bete dituen Belardo. Zaila al da haurrentzat sortzea?
Ez. Nire kasuan, haurrekin ikastetxeetan zein kultur etxeetan sormen lan asko egiten ari naiz; tailer asko eman ditut azken urteetan. Horrez gain, hezkuntza ez-formalean ere aritzen naiz. Ez da soilik sortzea; hiru zutabetan ari naiz momentu honetan: sortzen, hezkuntza ez-formalean eta transmisioan.
Konfinamendu garaian helduentzako komiki bat argitaratu zenuen: Klak!. Garai horrek inspiratu zintuen ala lehenagotik zenuen ideia bat zen?
Hori honezkero kontu zaharra da. Konfinamenduan sortu nuen gure barrenak askatzeko. Lan horrek ez dauka zerikusirik honekin. Barre egiteko sortu nuen. Esango nuke alor pertsonala eta ogibidea izaten ditugula; batzuetan bat datoz, eta beste batzuetan ez. Klak! guztiz pertsonala zen. Zortziko argitaletxeak argitaratu zuen, Donibane Lohizuneko [Lapurdi] argitaletxe batek, eta honezkero bere bidea egiten ari da. Kasu horretan, komiki mutu bat izan zen, irudi hutsez osatua, eta zuri-beltzean.
Aurrera begira, zer beste lan daukazu buruan? Zertan zabiltza?
Proiektu hezitzaile batzuk ditut martxan. Sormen tailerrak eskaintzen ditut, umeentzako batez ere, eta heldu batzuentzako ere bai. Agenda betetzen ari naiz, bai behintzat abendura arte. Eta gero beste liburu pare bat ere baditut; bizpahiru gauza bai.
Sormena hain beharrezkoa izan arren, oro har uste duzu denbora gutxi eskaintzen zaiola sormena lantzeari eta geure kabuz gauzak sortzeari?
Agian kontu sakonetan sartzea da. Niri iruditzen zait ezinbestekoa dugula autorregulatzea, eta autorregulatzeko modu bat da sortzea, edo zure emozioak edo gorabeherak bideratzea. Nik uste hori ezinbestekoa dela. Maila pertsonalean ari naiz. Gero beste kontu bat da lanbidea. Zer pasatzen da? Ba, batzuek hori egiteko premia handiagoa dugula. Autorregulatu behar gara, edo gorputza nahiz emozioak adierazi egin behar ditugu, lanbidea ere izan gabe. Eta, horretarako, denbora ezinbestekoa da. Denboraren galera ikaragarria daukagu, denboraren lapurreta bat gertatzen ari da, denbora urritzen ari zaigu. Ni ere lanean-edo ari naizenean, tarte bat hartzen dut niretzako, norberak bere buruari entzuteko. Nire kasuan, prozesu baten ondorioa izan da sormena lanbide bihurtzea, eta ez helburu bat. Gaztetatik neure burua kokatzen hasi naiz, prozesu psikologiko zein emozionalak, eta, azkenean, lanbide bihurtuta, gorabeherekin jakina.
Zuen sektorean, gainera, egoera ez da samurra; baliabide gutxi izaten dituzue.
Guri kohesioa falta zaigu; bueno, gizartean oro har. Beste jardun batzuetan ere aritzen naiz, komikiarekin zerikusirik ez dutenetan, eta horietan ere kohesioa da helburua, konfiantzazko guneak lortzea, gure premia afektiboak eta bestelakoak asetzeko.