“Mikel, honek guztiak bere jatorrizko lekuan izan behar du”. 2021eko ekaina da; Mikel Uharte, Larraungo alkatea, Iruñeko Planetarioan dago, Spelaeus erakusketaren aurkezpenean, eta Trino Torres paleontologo entzutetsua da hizketan ari zaiona. Ia bi urte geroago, mahai beraren atzean daude biak eserita, Nafarroako Gobernuko Kultura zuzendari nagusia den Ignacio Apezteguíarekin eta Jesús García Gazólaz ondare teknikariarekin batera. Esker oneko hitzak txandakatzen dira guztion ahotan: Larraungo Udalari, egindako ahaleginagatik; Nafarroako Gobernuari, emandako erraztasunengatik; Ondare taldeari eta beste norbanako batzuei, egitasmoari hasieratik eman dioten bultzadagatik eta Satorrak taldeari, egindako lan guztiagatik. Pozik daude guztiak, Apezteguíak esan duen moduan, erakusketa dagozkion koordenatuetan ikusita.
Erakusketa martxoaren 17tik apirilaren 23ra izango da ikusgai Larraungo udaletxearen egoitzan, Gabarin. Asteburuetan eta jaiegunetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bisitatu ahalko da, ordutegi horretatik kanpo taldeentzako bisita gidatuentzat erreserbatuko baita.
Amutxate
1988an, Satorrak espeleologo taldeak Baraibarretik gertu dagoen Amutxateko leizearen AM3 zuloa aurkitu zuen. Arturo Hermoso de Mendoza espeleologo berak kontatu du nolako esperientzia izan zen hura: zulo horretatik ateratzen zen haize-lasterrak iragartzen zien barruan bazela espazio ireki handi bat, ganbera moduko bat eta, horrenbestez, “deskubritzeko mundu bat”. Sei urte eman zituzten zirrikitua zabaltzen. 1995ean, bide estu-estua ireki zutela, lortu zuten, azkenean, duela 50.000 urte hartzek baliatu zuten aretora heltzea. Oso bide meharra zen, “tarteka aire guztia bota behar zen” kabitu ahal izateko, gogoratu du espeleologoak. Ez omen dago hitzik “denboraren kapsula” hori aurkitzeak eragin ziena azaltzeko, baina nolabaiteko kezka ere sentitu zuela adierazi du Hermoso de Mendozak: “Espeleologook kaltea eragiten dugu, bideak zabaltzean eta abar, eta pentsatu behar dugu gure ekintzen inpaktuan. Oso gauza garrantzitsua aurkitu dugu, bai, baina horren ardura dugu orain”.
Hurrengo urratsa aditu bat engaiatzea zen. Jesus Altuna Etxabe antropologo eta paleontologo gipuzkoarrarekin hitz egin zuten eta horrek leize-hartza ikertzen zebilen “zoro” batekin jarri zituen harremanetan. Zoro horren izena: Trinidad “Trino” Torres.
Trinok hiru baldintza jarri zizkion Satorrak taldeari: ez zezatela ezer uki, “denboraren kapsula” hura bere horretan ikertu nahi baitzuen; sarrera zabal zezatela, Trino bera kabitzen ez zelako eta piezak ateratzeko ezinbestekoa izango zutelako, eta finantzaketa lor zezatela. Lehenengoa erraza zen betetzen, bigarrenak lan handia eman zuen, eta hirugarrena Nafarroako Gobernuak jarri zuen.
“Denboraren kapsula”
50.000 urtez, “denboraren kapsula” honek 22.000 pieza inguru gorde ditu. Askotariko animalien aztarnen artean, deigarriena azken kuadrikulan topatu zuten hezurdura izan zen. “Hartz oso bat ateratzen ari gara!”, abisatu zuten Trino. Ilunpetan, eta aurkikuntzaren ezohikotasunak liluratuta, Mari jarri zioten izena, emea zelakoan. Handik gutxira, baina, ikusi zuten Mari arra zela. Mariri, besteak beste, eskuineko hanka biak, belaunezurrak, bularrezurrak eta omoplatoak falta zaizkio. Orno batzuek ere hortz markak dituzte. Hienen bisita izan omen zuen erakusgarri.
Trino Torresek azaldu duenez, leize-hartzek, negua heldu aurretik, 40-50 kilo gantz pilatzen dituzte gorputzean hibernatu ahal izateko. Zenbaitetan, baina, ez dute negu osoa pasatzeko lain jaten edo zaharregiak dira udaberrira heltzeko, eta, elurra desagertzen denean, hienek gorpuak usaindu, sartzen dira eta hezurrak ere jaten dituzte. Barre artean, Trinoren hitzetan, “Amutxate pleistozenoko janari-lasterreko sukurtsal bat izan zen”, nolabait.
Hala eta guztiz ere, zientziaren ikuspuntutik, Mariren hezurdura ikusgarriak ez du ekarpen handirik egin. Amutxatek ez dio bere garrantzi paleontologikoa hiru metroko garaiera omen zuen hartzari zor. Leizea berezi egiten duena “kapsula” izaera hori da, zeinari esker, besteak beste, jakin daitekeen nola hazten ziren hartzak, nolakoa zen emeen eta arren arteko aldea etapa horietan zehar eta zer presentzia zuten hienek testuinguru horretan. Gainera, Amutxaten topatutako fauna guztiaren aztarnei esker, garai hartako ekosistemaren inguruan ere asko ondoriozta daiteke; gaur egun orkatzak eta basurdeak ikus daitezkeen eremuetan, duela milaka urte, errinozero iletsuak, mamutak eta leizeetako lehoiak baitzebiltzan, besteak beste. Hori dela eta, funtsezkoa deritzote izugarri aberatsa den ondare hau guztia behar bezala zaintzeari.
Horren harira, Hermoso de Mendozak adierazi du zirkulua ez dela itxi. “Dibulgazioa egin ostean, orain zer? Kobazuloa hor dago, eta jendea hurbiltzen da, batzuk asmo onez, baina…”, esan du espeleologoak ondarearen babesaren garrantziaz ohartarazteko. Gobernuaren laguntza ez ezik, bertako biztanleena ere du ezinbestekotzat Satorrak taldeko kideak. Ildo berari jarraiki, Trino Torresek gaineratu du Spelaeus bezalako erakusketak beharrezkoak direla jendeak inguruan daukanaren garrantziaz jabetu dadin. Eta ideia hori bera zuen buruan Trinok, 2021eko ekaineko egun hartan, Mikel Uharterekin hitz egin zuenean.
Mainea
Gabarin aurkituko duguna ez da, baina, Amutxatera mugatzen; Mari hartzak Uitziko Mainean topatu ziren oreinaren, mamutaren eta bost errinozero iletsuen konpainia baitu erakusketan. 250 pieza inguru eman zituen, 1996an, Otxola taldeak topatutako aztarnategian Paco Etxeberria forentse eta antropologo ospetsuak zuzendutako indusketak. Mainearen datu harrigarrienetakoa bildu ziren aztarna gehienak fauna hotzari dagozkiola da. Fauna hotza topatzea ez da arraroa inguru honetan, % 99 fauna mota horrekin lotuta izatea, ordea, bai. Asier Gómez-Olivencia paleontologoak azaldu du litekeena dela dolinak tranpa natural bezala funtzionatu izana, non ugaztun handi horiek erori ziren, handik ateratzeko inolako modurik gabe ez zutela. Bertan, gosez hiltzen ziren. Lekuaren helezintasunak Amutxatera hurbiltzen ziren hienak bezalako sarraskijale handien bisitak galarazten zituen eta, horrenbestez, nahiko egoera onean kontserbatu ahal izan dira aztarnak. Duela 45.000 urteko hezurrek garai hartako klimaz hitz egiten digute eta, informazio horri esker, Neandertal gizakiak bizi zituen aldaketa klimatikoen inguruko informazioa deduzitu daiteke.
Paleontologiari dagokionez, aberatsak
Aranzadiko Jexux Tapia arkeologoak aurreratu du, inaugurazioaren biharamunean, leize-hartzarekin lotura duen aztarnategi bat topatu dutela, Ondare talderekin elkarlanean. Xehetasunik ez du eman, lekua babestea baita lehentasuna, baina aurkikuntza garrantzitsua izan daitekeela aurreratu du arkeologoak. Datozen hilabeteetan datu gehiago emateko asmoa dutela jakinarazi du. Aztarnategi hori ez ezik, beste bost inguru aztertzea ere aurreikusten dute, baina ez dute lan makala izango, Tapiak azaldu bezala, berrehun kobatik gora baitaude Larraunen. Ikusteko dago zer altxor gordetzen dituzten.