Zerk bultzatu zintuen mendiko lasterketetan parte hartzen hastera, eta zer lotura duzu kirol horrekin?
2022an hasi nintzen mendi lasterketetan. Erronka berri bat behar nuen momentu hartan, eta lehengusuari aipatu nion, bera korrikan ibiltzen baita. Epe motzera zeuden lasterketak begiratzen hasi ginen eta Berastegiko Negu Trail lasterketa hartu genuen helburutzat, 3 hilabetez prestatzen aritu ginen eta... orduan hasi zen dena. Hortxe amaituko zela pentsatzera ere iritsi nintzen, egin dudan lasterketarik gogorrena izan baitzen, 16km eta 1100metroko desnibelarekin, eta azken metroetan iskiona igotzen hasi zitzaidala sentitzen hasi bainintzen. Baina behin helmugara iritsita, harrotasun sentsazio horrek zaletu egin ninduen, entrenatzen jarraitu nuen, eta... orain arte!
Kirol honekin lotura handirik izan dudanik ez nuke esango. Bueno, ez honekin ezta beste edozeinekin ere. Txikitatik kiroletarako nahiko “faltsua” izan naiz, alfer xamarra. 18 urte nituenean, Pirinioetara joaten hasi nintzen maiz, mendian ibiltzera. Deskonexio eta askatasun sentsazioa ematen zidan inguru horietan egote hutsak. Eta nik uste, hortik etorri zen lotura hau, ez dakit...
Nolakoak dira zure entrenamenduak mendi lasterketetan lehiatzeko? Zer alderdi dira garrantzitsuenak prestakuntza fisiko eta mentalerako?
Egiten ditudan entrenamenduak oso sinpleak dira, 4-5 egunetan: astean 3 egunez 30-40 minutuz asfaltoan aritzen naiz, desnibelik gabe eta erritmo oso lasaian. Astean behin serieak egiten ditut, erritmo azkarretan. Eta beste egun batean mendian ordu eta erdiz aritzen naiz, erritmo lasaian, baina kasu honetan desnibela sartuz. Entrenamendu hauetan oso malgua naiz; izan ere, negu garaian mendiko eskia egiten dut, eta jendearekin jarduera ezberdinak egiteari ematen diot lehentasuna. Prestakuntza fisikorako deskantsua, mugikortasuna nahiz indar ariketak eta elikadura oso garrantzitsuak direla esango nuke, nahiz eta ni hankamotz geratzen naizen alderdi gehienetan. Prestakuntza mentalerako, berriz, zugan sinestea oso garrantzitsua iruditzen zait, eta hori egiteko gai zarela errepikatzea zeure buruari behin eta berriz. Eta nola ez, lehiakortasun pixka bat izatea ere bai.
“Txikitan gurasoekin paseotxoak ematen genituen mendian, baina igandeko bueltatxo txikiak izan ohi ziren”
Kontatu al dezakezu mendiko lasterketa batean izandako esperientzia nabarmenen bat? Desafiatu edo bereziki motibatu zaituen uneren bat?
Nire lehen lasterketa nagusiaren aurretik, Zubiriko Sansilvestrailera joan nintzen, probatzera. Espektatibarik gabe joan nintzen. Hasi eta Hiru Herri taldeko hiru nesken atzetik abiatu nintzen, jakin gabe ze postutan nengoen. Bukatzear geundela, azken metroetan, helmugan zinta jartzen ari zirela ikusi nuen, lehen neska sartzera zihoan seinale. Kontatzen hasi eta laugarren nindoala ohartu nintzen. Honek asko motibatu ninduen, ez bainuen inondik inora espero.
Bereziki desafiatu nauen lasterketa bat aipatzearren, Canelle aukeratuko nuke, Izabako 13km eta 1000m-ko desnibela duena. Lasterketan zehar postu batzuk aurreratzen joan nintzen eta 4. postuan nindoala esan zidaten. Jaitsiera oso irristakor zegoen, aurreko gauean bota zuen ekaitzarengatik, baina, 3. neska hurbil nuela esan zidatenean, inoiz baino gehiago estutu, ipurdikoren bat hartu eta 3.postua lortu ahal izan nuen. Esan bezala, lehiakortasun puntu hori badut barruan.
Zein dira korrikalari gisa aurre egin behar izan diezun erronkarik handienak, eta nola gainditu dituzu?
Korrikalari gisa hasiberria naiz, eta oraingoz erronkarik handiena burua “hotz” mantentzearena izan da; izan ere, noizean behin sortu daitezkeen “minek” asko eragiten didate psikologikoki. Ez dut lesiorik izan, baina gainkarga bat bai beharbada, eta gustuko dudana egitea galarazi izan dit tarteka. Azkenean neure buruarekin dut erronka handiena halakoetan, momentu hauetan egoera erlatibizatzeko garaian.
“Azkenean, beste edozertan bezala, konstantzia behar da, eta gauzak ateratzen joaten dira”
Ba al dago maitasun handiz gogoratzen duzun lasterketa berezirik, edo mugarritzat jotzen duzunik?
Maitasun bereziz nire lehenengo lasterketa oroitzen dut, Berastegiko Negu Trail. Batetik, lehenengo lasterketa izan zelako, eta, bestetik, lehengusuaren laguntzarekin egin nuelako. Oso berezia izan zen, eta lehengusuarekin harreman estuagoa sortzen hasi nintzen geroztik. Berak prestatu ninduen eta mundu honetan jarraitzeko indarra eman dit, eredu baita niretzako. Kirol honetan jarraitzeko ilusioa transmititu dit, konstantzia eta diziplina eman dizkit, eta hori gustatzen zait gehien, baita jende berria eta txoko ezberdinak ezagutzeko aukera ere.
Aurreko bi urteetako lasterketa gehienak errepikatzea izan da nire helburua aurten, eta horretan nabil, baina aukera berriak ireki zaizkit. Duela gutxi Federaziotik gonbidapen bat jaso nuen, mendiko eski taldean sartzeko aukera eskaintzeko. Gauza berriak probatzea gustatzen zait eta aukeren artean, aipatutako mendiko eski taldean sartzeaz gain, Hiru Herri taldeko nesken duatloi taldean sartzeko ideia ere buruan dut bueltaka.
Zerk motibatzen zaitu kirol honetan lehiatzen eta hobetzen jarraitzera? Etorkizunean lortu nahiko zenukeen helburu espezifikorik?
Kirol honek ematen dizkidan diziplinak, bidaiak eta jende berriak motibatzen nau. Jendeak animatzen nau lasterketa luzeagoetan izena ematera, baina oraingoz ez dut hori buruan. Helburu espezifikorik ez, baina gozatzen jarraitu eta, hurrengo ikasturtera begira, eski taldean sartu eta duatloia probatuko dut.
Zer aholku emango zenioke mendiko lasterketak egiten hasteko interesa duen norbaiti?
Mendira joan eta pixkanaka hastera animatuko nuke, inongo presiorik gabe, naturaz disfrutatzera. Gero ilusioa egingo lizukeen lasterketa bat aukeratu eta helburu hori entrenatzeko motibazio moduan hartuko nuke. Eta hori bai, nire ustez garrantzitsuena, ez itxaron %100ean sentitu arte, momentu perfektu hori normalean ez baita iristen. Bi aldiz pentsatu gabe egingo nuke.