Noiz eta nola sortu zen Larraungo Eguna?
Larraungo Eguna duela 25 urte inguru sortu zen, Larraungo AEKren bitartez, nahiz eta lehendik, tarteka, Larraun bat izeneko bestelako ospakizun bat antolatzen zen. Garai hartan, euskararen erabilera eta herri arteko harremanak sustatzeko beharra ikusi zen, eta horretarako ospakizun bateratu bat antolatzea erabaki zen. Lehen edizioa Larraungo AEK, Mitxausenea, Musika Eskola, Euskara Zerbitzua eta norbanako batzuen artean antolatu zen, betiere, udalen parte-hartzearekin. Eta helburu argi batekin hasi ziren: ibarreko herriak elkartzea, euskaraz bizitzeko aukera ematea eta komunitate sentimendua indartzea. Urtez urte, herriz herri ospatzen joan da, eta hasierako asmoa mantenduz, Larraungo herritarrak elkartzea eta euskal kultura ditu ardatz.
"Urtero gonbidatzen ditugu ibarreko kultur taldeak Larraungo Egunean parte hartzera"
Zein da jaialdiaren helburua?
Gure ibarreko egunaren helburua argia da: 17 herriak elkartzea, komunitatea sendotzea eta gure kulturaren, historiaren eta ohituren transmisioa bermatzea. Urtero herri desberdin batean ospatzen dugu eguna, eta horrek aukera ematen digu ibar osoko jendea batzeko, harremanak estutzeko eta gure identitatea indartzeko. Halaber, belaunaldi berriek beren sustraiak ezagutzea eta bertako kulturaz harro sentitzea ere sustatu nahi dugu. Finean, batasuna, parte-hartzea eta euskal kultura bizirik mantentzea dira gure xede nagusiak.
Zein ekintza nabarmen antolatu dira aurtengo Larraungo Egunerako? Nola aukeratzen dira programako ekitaldiak?
Urtez urte egitaraua nahiko antzekoa izaten da, nahiz eta berrikuntzaren bat urtero sartzen den. Egitaraua Batzordean adosten da, eta ekintzen antolaketa Batzordean eta bileretan parte hartzen dutenen artean banatzen da. Aurtengo egitaraua ez da guztiz osatu, heldu den apirilaren 15ean deituko dugun bilera irekian aztertuko baitugu.
Nolako parte-hartzea dute Larraungo herritarrek ospakizunean? Nola sustatzen da hori?
Larraungo herritarren parte-hartzea funtsezkoa da Larraungo Eguna ospatzeko. Herritarrak hainbat modutan inplikatzen dira. Antolakuntzan aritzen diren herritarrez gain, badira ekitaldi zehatzetan aktiboki parte hartzen dutenak ere. Herriz herri txandakatzen joaten garenez, herri guztietako bizilagunen partaidetza ematen da.
Bestalde, Mailopek eman digun aukera probestu nahi dugu Larraungo bizilagunak parte-hartzera animatzeko. Bai aurretik antolatzeko egiten diren bileretan, bai egunean bertan egoten diren hainbat lanei aurre egiten laguntzen, bai ekitaldian parte-hartzen.
Horri esker izango baita Larraungo Eguna benetan herritik eta herriarentzat antolatutako ospakizuna.
"Larraungo herritarren parte-hartzea funtsezkoa da Larraungo Eguna ospatzeko."
Zer egiten da bertako kultura eta tradizioa mantentzeko?
Urtero gonbidatzen ditugu ibarreko kultur taldeak Larraungo Egunean parte hartzera. Guztiz errotuak daude Larraun Pilota Eskolako partiduak, Aralar Udal Musika Eskolaren partaidetza, edota Tirikitrauki Dantza Taldearen emanaldia. Horrela, bertako musika, dantza, bertsolaritza, kirola… batzeko nahia bilatzen dugu beti. Azkenean ez dugu eguneko festa honen haria galdu behar: ibarrean komunitatea eta indarra sortzeko eguna izatea, eta hori izango da beti gure nahirik nagusiena.
Zein erakunde, elkarte edo enpresek laguntzen dute jaialdi honetan? Nola?
Larraungo Eguneko Batzordea elkarte eta entitate ugarik osatzen dute: Larraun eta Lekunberriko Udalek, Euskara Zerbitzuak, Kultura Sailak, Larraungo AEKk, Bertso Eskolak… baina, noski, edonorentzat ateak irekiak daude beti. Hain zuzen, aurten Larraungo Eguneko Batzordea elkarte moduan ofizialki sortzeko pausua eman dugu, nolabait batzordea finkatu eta egonkortzeko. Horretarako, ezinbestekoa da bizilagun eta elkarteen laguntza, bestela ezinezkoa izango litzateke festa hau aurrera eramatea.
Zein dira antolakuntzan izaten dituzuen erronka nagusiak? Nola egiten diozue aurre oztopoei?
Erronka nagusiak boluntarioen mobilizazioa, egitaraua eta parte-hartzea, eta eguraldia eta logistika dira gehienbat. Ekitaldi arrakastatsu bat aurrera eramateko ezinbestekoa da jende askoren laguntza. Antolakuntza-lanetan parte hartzeko prest dauden boluntarioak edukitzea erronka handia izaten da.
Egitaraua eta parte-hartzeari dagokionez, ekintza erakargarriak antolatzea garrantzitsua da adin tarte guztientzat. Batzuek kirola nahi dute, beste batzuek kultura edo musika, eta denen gustuko egitaraua osatzea ez da erraza izaten. Bestetik, kanpoan egiten diren ekitaldien kasuan, eguraldiak eragin handia izan dezake. Alternatibak prestatzea beharrezkoa da ustekabeak saihesteko.
"Antolakuntza-lanetan parte hartzeko prest dauden boluntarioak edukitzea erronka handia izaten da"
Aurreko urteekin alderatuta, nolako berrikuntza edo aldaketa egin dira aurtengo ospakizunerako?
Esan bezala, aurtengo egitaraua oraindik antolatzeke dago, baina aurrerapen moduan, kontzertuak eta bazkari herrikoia betiko moduan ospatuko direla esan dezakegu. Apirilaren 15ean egingo dugun bilerara gonbitea luzatzen diegu larraundar guztiei, Larraungo Eguneko Batzordean parte har dezaten eta gure ibarreko festa denok auzolanean eraikitzeko.