Ekainean, PIXELIANen zinema masterreko lehenengo lehiaketan, fim labur onenaren saria irabazi zuen Lore Azpirotz Sustatxa astiztarren Etxaldea pelikulak.
Udazkenean, Larraunen aurkeztuko du.
Film labur bat egin duzu eta saria eman dizute.
Masterraren parte zen film laburra bukatzea. Horren ostean proiekzioa egin zen Golem Baiona zinemetan eta epaimahaian ziren zinemagile nafarrak eta enpresa banatzailea.
Han bertan jakin genuen zeinek irabazi zuen. Zaila zen ezer aurreikustea ez baikenekien irizpideak zein izango ziren. Sorpresa nahiko handia izan zen.
Filmak zer kontatzen du?
Etxaldeak adineko bikote baten istorioa kontatzen du. Guztia etxe barruan gertatzen da. Emakume etxeaz arduratzen da eta gizona gehiago aritu da etxeko hormen beste aldean; hemen nahiko ohikoa izan dugun zerbait. Egun batean, emakumeak igartzen du gizonari zerbait gertatzen zaiola eta informazioa ateratzen saiatuko da. Gezurrak azaltzen dira, beren arteko kontuak eta, azkenean, benetako arazoa.
Gidoia zurea da eta inspirazioa...
Bailarakoa eta baita etxekoa ere. Aitak kontatu zidan antzeko zerbait gertatu zela familian, baina etxe askotan gertatu da. Eta hitz egin beharra dago horren inguruan. Jende asko harritzen da horrelako gauzak entzuten duenean.
Era berean, komunikazio falta hori ere aurkezten duzu. Bi pertsona etxe berean eta burbuila bana.
Hori da, bi burbuila eta hain gertu eta hain urrun. Hori ere bazen helburuetako bat gidoia idatzi nuenean, guztia espazio berean gertatzen baita. Esaten dena bezain garrantzitsua da isiltzen dena. Horregatik, muina horretan dago: zer esaten den eta zer ez den esaten; azpitestua deritzona.
Noiz hasi zinen gidoia idazten?
Azaroan edo abenduan hasiko nintzen, behintzat, ideia garatzen.
Film laburra egin duzu baina, zein izan da zure ibilbidea honaino heltzeko?
Lekunberrin eta Leitzan ikasi ostean, Barañainen egin nuen batxilergoa. Eta, hortik, Gironara joan nintzen Arte Eszenikoak ikastera. Dramaturgia egin nuen, baina gidoigintza, berez, ez hainbeste. Baina asko gustatzen zait. Prozesua oso bestelakoa da. Azkenean, zineman, irudien bitartez ere pentsatu behar duzu; hitza ez da guztia. Eta ikuslearen begirada bideratzen duzu erabat. Antzerkian fokua leku batean edo bestean jar dezakezu, baina ikuslea oraindik libre da. Zineman, aldiz, zuzendariak hautatzen du zer ikusiko den.
Behin gidoia duzula, zein da prozesua?
Masterrean, beste departamentu batzuetako profesionalak etorri zitzaizkigun. Batez ere, jakiteko departamentu bakoitzak zer behar duen zuzendariaren aldetik. Horrek gauza asko aurreikusteko balio izan zidan. Orduan, talde teknikoa eta artistikoa bilatzen hasi behar izan nuen. Eta baita lokalizazioa ere. Logistika asko dago.
Zenbat pertsonak osatu dute lantaldea?
Hamahiru pertsona berez, baina jende gehiago egon da, modu batean edo bestean. Interesgarria da, baliabide gutxirekin gehiago eragin behar baitzaio buruari gauzak aurrera ateratzeko. Gauza politak azaleratzen dira eta, batez ere, proiektuaren muinean zentratzen laguntzen dizu. Zer kontatu nahi dut? Zenbat pertsona behar dut? Nola egin dezaket? Baliabide gehiagorekin, badago hortik desbideratzeko arriskua, nolabait.
Egun bakarrean errodajea egitean... Toma asko?
Bai. Batzuk egin genituen, bai. Batez ere, nik aktoreekin asko landu nahi nuelako. Istorio osoa elkarrizketa bat da. Garrantzitsuena zen nola begiratzen eta hitz egiten zioten elkarri. Aktore biak antzerkitik datoz gehienbat, eta zineman ez dago jarraikortasun bat; artifizialagoa egiten da. Horregatik, sekuentzia jarraian emateko aukera eman nahi nien, paperetik atera ez zitezen, jakin baitakit niri hala gertatuko litzaidakeela.
Zaila izan zen aktore egokiak topatzea?
Casting-a zaila izan zen, bai. Nik ez ditut adin horretako aktore asko ezagutzen, oso ezagunak ez baldin badira. Eta euskaraz ere egin behar zuten. Eta euskara konkretu batean aritu behar ziren, gainera. Kontaktuen bitartez, tiraka-tiraka, Elena lortu nuen aurrena. Gizona gehiago kostatu zitzaidan. Elenak ezagutzen zuen gizon bat, egokia, baina Kanariar uharteetan bizi dena, han irakasle. Huraxe zen Iñaki. Eta, azkenean, grabatzera etortzera animatu zen.
Aurreikusten zenuen horren guztiaren dimentsioa?
Egin arte ez dakizu zer nolako lana den. Nire film laburrak zazpi minutuko iraupena du. Eta jendea ez da kontziente izango hor atzean dagoen lan guztiaz. Erabaki asko hartu behar dira.
Errodajea ez da zailena. Aurreko guztia da konplikatuena. Guztia aurreikusi behar da. Nire kasuan, eguraldi txarrak izan zuen eragina.
Baina sukalde batean gertatzen da guztia...
Baina kanpotik argiztatu nahi genuen. Eta gailu horiek guztiak estaltzeko gauza asko ekarri behar izan ziren. Jendea busti zen. Arte kolektiboa da hau: bakarrik ez zoaz inora. Eta laguntza behar duzu fokua behar den lekuan jarri ahal izateko. Hau ez dut nik bakarrik egin.
Zerbait sortzen ari zara?
Bai, hasi naiz idazten. Zerbaiten hastapena badago.
Euskaraz?
Bai. Nire ama hizkuntza da eta hori dut naturalena. Hautua ere bada: militantzia puntu bat badago. Arriskua ikusi nuen hasieran, baina euskaraz sortzeak, ateak itxi baino, zabaldu dizkit. Ez da gutxietsi behar. Zirkuitu askotan baloratzen da hizkuntza ez hegemonikoen erabilera. Eta istorio honek ez zuen zentzurik gazteleraz kontatzea.
Nafarroak zinemaren aldeko apustua egiten ari da azken urteotan...
Bai, egiten ari da. Urteetan arte jendea kanpora joan da eta hemen sortzen jarraitzeko interesa errotzen hasi da orain.
Larraunen aurkeztuko duzu, laster, film laburra.
Udalak lagundu zidan lokalizazioarekin eta aurkezpena egingo dugu orain. Interesgarria da hemengo batek hemen egindako zerbait aurkeztea eta azaltzea. Ez da askotan ematen den zerbait.
Ondarea da, finean.
Hori da. Eta animatu nahi dut jendea proiektuak martxan jartzera eta Udalak apustua egitera. Oso garrantzitsua da. Bertigo pixka bat eman badezake ere.