Txorrota ireki, eta ur garbia etxean. Izan edateko, kozinatzeko, dutxatzeko, loreak ureztatzeko… hamaika gauzatarako erabili ohi da ura, eta hamaika gauzatarako da ezinbesteko gaur egun. Horrek guztiak, baina, kudeaketa bat behar du, eta udala arduratu ohi da horretaz. Kudeaketak eta hornikuntzak, gainera, kostu bat daukate, eta herritarrek hiru hilabetero pagatzen dute txorrota ireki eta ura izateagatik. Alabaina, zenbat ordaintzen du herritar bakoitzak horregatik? Asko ala gutxi?
Lekunberriko bizilagun batzuek adierazi dutenez, herritarrek asko pagatzen dute uragatik inguruko herriekin konparatuta. Jose Luis Goldarazena 2019. urtean hasi zen dagoeneko uragatik asko pagatzen zuela esanez. Bidaltzen zizkioten uraren fakturak oso garestiak iruditzen zitzaizkion, eta Nafarroako Arartekoari erreklamazio bat bidaltzea erabaki zuen. Goldarazenaren arabera, Arartekoak erantzun zion tasak “neurrigabeak” zirela, kontuan hartuta Lekunberrin nahikoa ur badagoela, eta Arartekoak Lekunberriko Udalari uraren prezioa jaisteko iradokizun bat egingo zion. Gerora, Iñaki Ganuza herritarra batu zitzaion bide horretan, eta gaur egun, eta geroztik, biak ari dira uraren prezioa jaisteko eskatzen.
Halaber, Lekunberriko Udalaren bertsioa bestelakoa da. Gorka Azpiroz alkateak azaldu duenez, Arartekoak txostenean ez du esaten tasa altua denik, ezta prezioak jaitsi egin behar direnik ere. Zehazki, honako hau eskatzen duela esan du Azpirozek: “Ur hornikuntza zerbitzuaren tasak aztertzeko, eta, ahal den neurrian, tasa horiek murrizteko”. Lekunberriko Udalak baieztatu du Arartekoari bost aldiz eman diola eskatutako informazioa, eta bosgarren aldian, dagoeneko, Arartekoak gaia bukatutzat eman duela.
Horrez gain, legealdi honetan beste pauso batzuk eman dituztela nabarmendu dute: tasen analisi sakona, txosten publiko bat, udalaren webgunean urari dagokion espazio bat gehitu dute, eta tarte gorena 41m3-tik 66m3ra pasatu dute. Azaldu dute azken horrek prezioa jaistea dakarrela. Gainera, erdiko tartea legealdi honetan izoztu edo geratu zela adierazi dute. “Besteen maila berean gaude. Hortik gorako kontsumoa da aldentzen dena, eta hori da beste erabilera batzuetarako kontsumoa. Guk jasangarritasunaren alde egiten dugu. Ura behar da behar denerako, eta beste kontuak luxu bat dira”, adierazi du alkateak.