Elkarrizketa

Plazaola, Lekunberrin sortutako garagardo berria

Mailope Aldizkaria 2023ko urr. 30a, 09:30

Ainhoa Sanchezek eta Xabi Zabaletak sortu dute. Ipa motakoa da, eskura daitekeen lehena, eta Plazaola izena jarri diote.

Nola sortu zitzaizuen zuen garagardoa egiteko ideia?

Xabi: Duela bost urte inguru, garagardoa egiteko kit txiki bat erosi genuen anaiak eta biok. Hasiberri gehienek bezala, lehen sortak harraskatik behera bota edo oilaskoa labean egiteko erabili genituen. Azken urteetan, ordea, garagardo edangarria egitea lortu dugu Ainhoak eta biok.

Ainhoa: Garagardo munduan ezagutzen hasi ginen jendeak ere animatu gintuen gure lote propioa ateratzera. Erraz salduko genuela zioten eta haiek ere erosiko zigutela. Bultzada horiekin gehiago animatu ginen.

Zenbat sartzen da lote batean?

Xabi: 800 litro egiten dira, baina gero garbi... estiloaren arabera aldagarria da. Kasu honetan 700 litro atera zitzaizkigun garbi, 2100 botilla inguru
guztira.

Produkzio guztia zuek egin duzue edo norbaiten laguntza izan duzue honetarako?

Ainhoa: Garagardoa egiteko Euskal Herri mailako kooperatiba bat dago beren langileekin. Norberak bere errezeta eraman eta haiek egiten dizute. Beraz, garagardoa norberarena da, baina eskulan guztia haiek egiten dute.

Nola deskribatuko zenukete zuen garagardoa?

Xabi: Ohituta gaudena baino afrutatuagoa da. Limoi-laranjaren zitrikoa
sumatzen zaio eta pomelo pixka bat ere bai agian. Lehorra da baina
bukaerako garratz ukitua dauka.

Ainhoa: Garagardo freskoa da, udan edateko aproposa. Usai asko daukala komentatu digute baina gero zaporea askoz xuabeagoa da, beraz, ausartu probatzera!

Ze harrera izan du?

Ainhoa: Nahiko ona. Hemen ez dago garagardo artisau askorik eta bertakoa izatearekin jendea gehiago animatzen da. Probatu dutenek zoriondu egin gaituzte eta nahiko pozik gaude. Edateko erraza den garagardoa egin genuen jendearentzat atsegina izango zelakoan eta nire ustez ongi atera da.

Non eskuratu daiteke?

Ainhoa: Kotxera Amairu tabernan dago salgai, 3 eurotan.