Elkarrizketa

Javier Almirantearena Legaz. Lekunberriko Zerbitzu Anitzetako arduradun berria

Mailope Aldizkaria 2023ko aza. 28a, 11:28

Maiatzaren 15ean hasi zen Javier Almirantearena Legaz Lekunberriko Zerbitzu Anitzetako arduradun gisa lanean.
Hasiera mugitua izan du, baina oso pozik dago lanpostu berrian.

Nor da Javier Almirantearena Legaz?

40 urte ditut eta Orbaizetakoa naiz, Pirinioetakoa. Duela 20 urte ezagutu nuen nire emazte Maitane Oderizko festetan eta Irurtzun inguruan ibili izan naiz ordudanik.
13 urtez Ororbiako lantegi batean aritu nintzen lanean, 2019an Irurtzungo udaletxean lan egitera pasa nintzen bakante bat betez eta iaz, Iturmendin plaza atera bezain laster, Lekunberrikoa lortu nuen jarraian.

Nolatan aurkeztu zinen Lekunberriko lan aukera honetara?

Iturmendin plaza ateratzean ez nuen hona etortzeko asmorik, baina emazteak hemengo osasun etxean egiten du lan fisioterapeuta moduan eta berak esan zidan hemengo lan eskaintzara apuntatzeko, eta asmatu nuen. Iturmendi txikiagoa da eta gehiago behar nuen.

Nolakoak izan dira lehen hilabeteak lanpostu berrian?

Eromen pixka bat izan dugu. Nire postuan lan egiten zuen Jose Manuel
jada jubilatua zegoen eta praktikoki ez da esperientzia hori trukatzeko aukerarik egon lanean bertan. Edurne lankidearekin bai, baina bera ere lanez lepo zebilen Jose Manuelen hutsunea bete beharrarekin eta ni hasi bezain laster hartu zituen oporrak.

Espainiako itzulia zetorrelako ere ezohiko lan dezente izan genuen, antzinako azoka, festak... hemen egiten diren gauzak kozkorrak dira orain arte ikusitakoagatik. Horrelako egunak datozenerako materiala prestatzen hasi beharra dago, elektrizistekin hitz egin... dena aurreratuz azken batean. Gero berriz, dena jasotzen hasi eta 3 egun behar izaten ditugu bukatzerako. Ikusten ez den lan pila bat dago atzetik.

Zenbat langile dituzu zure gain? Ardura handia sentitzen duzu?

Edurne eta biok finko gabiltza. Brigadarako sei hilabete edo urtebeterako kontratatu ohi da jendea eta lau aritzen dira bertan. Guztira sei gabiltza, beraz.

Lantegian ere mantentze lanetako enkargatua izan nintzen eta askoz potenteagoa da hura honekin konparatuta. Segurtasuna eta kalitatea udaletxeetan ezberdina da, familiarragoa nolabait esatearren. Industrietan ezin zara lerrotik atera eta hemen desberdina da, zure modura,
ongi, lasai eta aurrera. Horrexegatik atera nintzen industriatik. Akzionis-
tak, ERTEak... ez nuen hainbesteko ardura sentitu nahi nire gain eta hor-
tik atera beharra neukala ikusi nuen.

Zure lan egun bat deskribatuko?

Iristen naizenean adibidez, goizeko zazpietatik bederatziak arte eskolan
aritu ohi naiz, haurrak sartu baino lehen bertako lantxoak egiteko. Gero
egun batetik besterako plan bat egiten saiatzen naiz. Aurrez hasitako
lanak bukatuak ditugun edo ez aztertu eta eguraldiaren arabera ere antolatzen gara. Ez da berdin euriarekin edo eguzkiarekin aritzea.

Gaur adibidez konpostagailuak husten ari dira langileak eta herenegun euriagatik ezin zen. Bestalde, abisuak ere egoten dira. Esaterako arketa bat
puskatu dela esaten badigute eta arriskutsua dela, bertara joan behar izaten gara. Kultur teknikariak, arkitektoak edota zinegotziak emandako ideiek ere eragiten dute gure lanean ia beti.

Lekunberrin kalean egin beharreko ia lan guztiak zuen gain beraz, ezta? Udal instalakuntzak ere bai?

Kaleari dagozkion ura, espaloiak, arketak, belarra, garbiketa... hori guztia gure gain dago bai. Astelehen eta ostiraletan egiten ditugu garbiketa lanak eskuz zein makinaz. Garbitzeko makina, giro zero esaten zaion belarra moztekoa eta traktorea dauzkagu lan horietarako. Udal instalakuntza batzuk gure gain daude eta beste batzuk ez. Kiroldegia esaterako mankomunitateak kudeatzen du eta asko jota laguntzera sartzen gara bertara.

Nahiko baliabide dituzue horretarako guztirako?

Beste herri batzuekin alderatuta profesionalizatzea falta da. Gauzak
mugitzeko esaterako kamioi edo furgoneta handi bat behar genuke eta gaur egun, Pick Up eta Berlingo batekin ibiltzen gara. Materiala ere lau txoko ezberdinetan daukagu eta hori nabe batean zentralizatua egotea komeniko litzake, guztia antolatuago izan eta beste herriei gauza gutxiago eskatzeko (mahaiak, aulkiak...).

Lan taldeari dagokionez ere, jende gehiago behar genuke. Udala honen guztiaren jakitun da eta aukera ezberdinak aztertzen ari dira.

Lanetik kanpo zer zaletasun dituzu?

Mendira joaten saiatzen naiz, baina askotan ez dut lortzen. Bi alaba eta
40 urte dauzkat eta animoak jaisten doaz kar-kar. Lagunekin egon eta
Orbaizetara joatea ere gustatzen zait. Han daukat nire familia osoa:
ama, aita... eta Irurtzungo kuadrilaz gain, hango kuadrilarekin harremana
mantentzen ere saiatzen naiz.