2008. urtean lehertu zen gizartean lapurtutako haurren gaia. Azken urteotan, kasu horien oihartzuna isildu egin bada ere, gurean inoiz baino indar gehiagorekin piztu da. Maria Esther Telletxea, Malen Goikoetxea, Maria Jesus Martiarena, Elvira Ibar eta Fani Erro Frankismo garaitik datorren negozio beltz horren biktimak dira. Orain, elkarrekin, euren kasuak argitu arte borrokatzeko erabakia hartu dute.
Igoan jaioa da, baina Lekunberrira ezkondu zen Maria Esther Telletxea. Marcelino Mariñelarenarekin lau haur izan zituen. Bigarrena ordea, jaio eta ordu gutxitara hil zen. Hori esan zioten, eta hala sinistu izan du haur lapurtuen kasuak hedabideetan agertzen hasi ziren arte. 1973Ko otsailaren 28an erditu zen Maria Esther. Orduan ere, Gizarte Segurantzako erditzeak Bideko Amabirjinaren Ospitalean izaten ziren, baina data horietan berritze lanetan zebiltzala eta, Nafarroako Unibertsitatea Klinikara bidali zuten.
Egun hartan, eguerdi aldera, abiatu zen Iruñera. Alaba eta senarra etxean utzi eta taxian joan zen. Garai hartan, oso bestelakoak ziren erditzeak, emakumeek bakarrik bizi ohi zuten esperientzia hura. Ospitaleetan ez zen beste inoren konpainiarik onartzen. Urduri egin zuen Lekunberritik Iruñerainoko bidea, zazpi hilabete eta erdi baino ez zituen beteta sabelean zeraman mutikoak.
Korneta txiki batekin haurraren bihotz taupadak neurtu eta gero, dena ongi zihoala esan zioten eta ez zuela zertan arduratu. Maria Esther: “Berehala jaio zen, nire erditze guztiak azkarrak izan dira eta hura ere hala izan zen. Ongi jaio zen, baina jaio eta berehala eraman zuten, ez zidaten erakutsi ere egin. Handik bi ordutara, galdezka etorri zitzaidan, ea izenik pentsatu al genuen. Carlos Jose izena zuela esan nien eta ea zergatik galdetzen zidaten... Behar baino lehenago jaiotzen ziren haurrak bataiatzeko ohitura zutela esan zidaten eta garai hartan, ez zitzaidan horren arraroa iruditu”.
Beste bi ordu pasa zirenean, haurrak arazoak zituenaren berri eman zioten, baina eginahalak egiten ari zirela eta ez larritzeko. Egun hartan bertan, iluntze aldera, hirugarren edo laugarren aldiz etorri zirenean, hil egin zela esan zioten. Haurra ikusteko aukera eman zioten, baina Maria Esther jokoz kanpo zegoen jada, eta ez zuen haurra ikusi. Hurrengo egunean, senarrak Iruñera zihoan lehen autobusa hartu zuen, baina hura ospitalera iristerako, ehorztetxekoak etorri eta euren lana egin zuten. Maria Estherrek Iruñeko hilerrian, lurperatuko zen lekuan, seinaleren bat uztea nahi zuela esan zien. Ez zioten herrira ekartzeko aukerarik ere eman. “Garai hartan, esandakoa onartu baino ez zenuen egiten. Esan zidaten ez zela inolako seinalerik geldituko, ezinezkoa zela, 24 ordu baino gutxiago bizitzen ziren haur jaioberriak hobi komunean lurperatzen zirela”.
Bizitzako pasarte hura Dominguez doktoreak azaldu bezala onartu zuen. Gerora, beste bi alaba izan zituen mediku berarekin eta ez zuen zalantzan jarri hark esandakoa 2008. urtean gai honen berri izan arte. “Orain dela zortzi urte inguru, gaia hedabideetan ateratzen hasi zenean, nire alabak hitzaldi batzuetan izan ziren eta Unibertsitate Klinikan halako kasurik ez zela ezagutzen entzun zutenez, ez genion buelta gehiagorik eman. Orain, nik ere niri gertatutakoa argitu nahiko nuke”.
Maria Estherri ez zioten haurra ikusten utzi, ez bizirik eta ezta hilik ere. Eta erditu ondoren, ez zioten inolako erabakirik hartzen utzi. Horrek susmoak pizten dizkio. Orain orduko dokumentazioa eskuratzen dabil.
Malen Goikoetxea berriz, Intzakoa da eta Tolosako Asunción Klinikan izan zuen bere lehen haurra 1969ko otsailaren 15ean. Juan Olasagarrerekin ezkondua zen (Malen orain hogei urte alargundu zela) eta berarekin joan zen Tolosara goizeko ordu bietan. Gogoan du elurte handia zela egun hartan eta joaterako urak egin zituela. Malen: “Erdittu aurrean, nei injekzioa edo zerbatte eman ziten minik ez sentitzeko eta gero erditzeko gelara eaman ninyuen eta han loarrazi ein ziten. Erdittu ondoren, gelan esnatu nintzen bakar-bakarrik. Nei ez zitean ez aipetu eta ez eakutsi, etzitzatela komeni ekustea! Eta ondoren eondu nintzen eunetan e ez zitean deus eakutsi”. Erditu ondotik gelan esnatu zenean, haurra gaizki jaio zela esan zioten Maleni, baina ez zioten ikusten utzi. Ibarrako Benito Izagirre doktoreak artatu zuen erditze hura. Malenen amaren lehengusu bati, haurra katarroarekin jaio zela azaldu zion doktoreak eta Azaldegi medikua ere ekarrarazi zutela, baina ez zela posible izan onik ateratzea. Eta beraiek lurperatzearen kargu eginen zirela. “Ne alabak esaaten zeen: Ama, zuri ostu ein dizue! Hildakoa zertako due? Hildakoa eman ein behar zuen! Beño hila zela esan ziguen eta guk sinistatu eitten ginen”.
Asunción Klinikan haur lapurtuen kasu ugari daude eta horien berri jakin orduko hasi zen Malen informazioa biltzen, baina etsita bukatu zuen. Tolosako hilerrian behar luke Intzako mutiko jaioberriaren gorpuak, baina han ez dago inolako gorpurik. Data horretan lurperatutako izenik gabeko fetu bat baino ez omen dago. Malen erregistroan ere izan zen eta bertan emandako informazioaren arabera, ez dute haur horren daturik. Eta han erregistraturik beharko luke, abortuak ere erregistratu egiten baitziren.
Orain, berriro ere indarberriturik eta bere egoera berean dauden gainerako emakumeekin elkarturik, berriro ere bere lehenengo haur haren bila hasi da.
Lekunberriko Maria Jesus Martiarenaren kasua bestelakoa da. Bere anaiaren bila baitabil. Aita Ramon Martiarena Etxarri zuen, lekunberriarra eta ama berriz Lezaetakoa, Maria Dolores Goikoetxea Zabalo. Maria Jesus: “Gure aitak beti aipamen berdina egiten zuen, berari semea kendu egin ziotela”. Lekunberrin bizi zen bikotearen lehen semea zen, ondoren jaio ziren Mari Jose eta Maria Jesus. Lehen seme hura, Jesus Mari, 1943. urteko irailaren 22an jaio zen. Ama etxean erditu zen, Frauca medikuaren laguntzarekin eta handik zazpi egunetara bataiatu zuten. Baina ama ez zegoen ongi eta ginekologora joan zen, Iruñeko San Francisco Javier Klinikara, Miguel Etxarri doktorearengana. Haurra ere hara eraman omen zuten amarekin. Baina haurra primeran omen zegoen.
Maria Dolores han zela, haurra hil egin zela esan zioten medikuek. Ez zuen inork ezer ikusi, eta haurra osasuntsu joan zen Iruñera, ama zen gaizki zegoena. Haurra zigilatutako hil-kutxa batean eman zioten eta hala bueltatu ziren Lekunberrira. Erregistroko datuen arabera, urriaren 4an hil zen. “Zigilaturik eman zieten hil-kutxa eta ez zuen inork ireki eta gorpua ikusi. Aitak beti esan ohi zigun gauza bera: Kendu egin ziotela!”.
Lekunberrin egin zioten hileta elizkizuna eta herriko monagilo gaztea arduratu zen hil-kutxa elizara eta hilerrira eramateaz. Herritar horren ahotik jakin zuten gerora, bere ustez hil-kutxa hura hutsik zegoela. Maria Jesus: “Fani hedabideetan ikusi eta gero eta amaren kasuan ere klinika berean eta mediku berarekin izan zela ikusita, etxean hitz egiten hasi ginen eta alabak animatuta Faniri hots egin nion eta martxan jarri ginen informazioa eskuratzeko. Ez dakigu gure anaiaren kasuan zer gertatu ote zen, baina behintzat argitu egin nahi dugu. Hilik baldin badago, behintzat ziurtatu egin nahi dugu eta lasai gelditu”.
Hurrengo elkarrizketatua ere Miguel Etxarri doktorearekin erditu zen. Garai hartan asko izan baziren ere haur lapurtuen negozioan parte hartu zuten osasun langileak, gurean ez da kasualitatea kasu gehienak Etxarri Doktorearekin lotuta egotea. Larraundarra zen Miguel Etxarri, Etxarriko Ausenean jaiotakoa. Frankisten aldeko bandoan ibili omen zen Gerra Zibilean eta ondoren eskuratu omen zuen Medikuntzako Lizentziatura. Ezin jakin haurren salerosketa horietan nahi zuelako parte hartu ote zuen ala behartua izan zen. Argi dago, ordea, bere ustezko biktimak aski ezagunak zituela, beti egon izan zelako lotuta larraundarrekin eta oso ospe ona omen zuen gainera.
Elvira Ibar Gorritira ezkondu zen Miguel Berekoetxearekin. 22 urte zituen eta bere bigarren erditzea zen. Baina oso arraroa izan omen zen guztia. Lehenik emagin batek artatu omen zuen, bat-batean hura desagertu eta moja bat sartu omen zen, orduan, berehala haurra jaio egin zen. Segundo gutxiz neskatoaren aurpegia ikusteko aukera izan omen zuen eta izugarri polita omen zen. Ongi jaio zen. Geroxeago, Etxarri doktorea entzun zuen bere senarrari azalpenak ematen: “Lasai egon Miguel, nik ez dut errurik izan. Ez didate abisatu. Erditzea ongi joaten bada medikuok ez dugu esku-hartzen, emaginarekin erditzen dira. Baina ez zaitez arduratu, Elvira oso ongi dago eta seme-alaba gehiago izango dituzue. Eta honetaz guztiaz neu arduratuko naiz”.
Elvirari eta Migueli ere ez zieten haurraren gorpua ikusten utzi. Beraiek ere gauzak horrela izan zirela sinistuta bizi izan dira urte luzez, orain dela zazpi urte inguru Elvirak erretiroa hartu zuen arte. Gizarte Segurantzan erretiroa hartzeko izapideak egiten ari zela, zenbat haur izan zituen galdetu ziotenean azaldu zien lau zituela, baina bosgarren bat jaio eta gutxira hil zela. Familia liburuan ez zuen datu hori jasoa eta erregistrora bidali zuten jaiotze-agiriaren eta heriotza-egiaztagiriaren bila. Han ordea, Malenen kasuan bezala, ez zetorren haur horren inolako daturik. Elvirarentzako ere gogorregia izan zen egiaz ohartzea eta ikertzeari utzi egin behar izan zion, bere osasunak okerrera egin ez zezan. Orain, berak ere babes nahikoa duela sentitu du zer gertatu zen argitzen saiatzeko.
Fani Erro izan da hein handi batean emakume hauek bat egin eta gurean ez ezik, Nafarroan haur lapurtuen gaia, berriro ere, gizarteratzeko pausoa eman duena. Fani Lekunberrin jaioa da, Barrenean. 21 urte zituen bere lehen haurra izan zuenean. “Nik Iruñeko San Francisco Javier Klinikan erditzeko asmoa nuen Etxarri doktorearekin. Berak Klinikan zerbitzu pribatua eskaintzen zuen eta Bideko Birjina Ospitalean Gizarte Segurantzako Zerbitzua ematen zuen. Azkeneko hilabetean, Ospitaleko zuzendari nagusia zela esan zidan eta ez nuela zertan Klinikara joan eta ordaindu. Berak artatuko ninduela ospitalean. Nire senideen ezaguna zena, betiko ezaguna, nire amari ebakuntza bat egin zion eta nire ahiz-pa zaharrenek berarekin izan zituzten beren alabak. Ni konfiantza osoz joan nintzen ospitalera”.
1969ko uztailaren 30a zen, Fani bere senarra Aníbal Centenorekin batera joan zen Iruñera, baina ohikoa zen moduan, bakarrik sartu zen erditzera. Goizeko hamaiketan iritsi zen eta gela txiki batean sartu zuten, guztiz bakarturik. Neskatoa eguerdiko ordu bata aldera jaio zen. Jaiotzera zihoan momentu berean, emagina sartu zen eta oihu egin zuen: “Etor dadila medikua, taupadak galtzen ari da!”. Medikua etorri eta haurra jaio zen momentuan bertan gelatik atera egin zuten. Fanik lepoa luzatu zuen ea ikusterik ote zuen, baina bultzada bortitz batez etzanarazi eta loarazi zuten.
Hurrengo goizean, esnatu zenean, erizain bat sartu zen, kasualitatez Faniren arreba baten laguna zena eta gertatutakoa kontatu zion. Honek, ahizpa Mercedesi deitu eta gero, Aníbalek bere koinataren deia jaso zuenean jakin zuen gertatutakoa. “Harrigarria da, erizain horrekin harremanetan jarri naiz ea egun hartan zerbait sumatu ote zuen jakiteko eta ez omen da gogoratzen niri zuku bat ekarri eta nire ahizpari deitu zionik ere. Ez dut uste berak negozio horretan parte hartzen zuenik, oso gaztea zen, baina ez dago laguntzeko prest. Hala ere, hari esker jakin dut orain Etxarri ez zela ospitaleko zuzendaria, beste mediku bat gehiago besterik ez zela”.
Faniren kasuan ere, ez zuen inork haur jaioberria ikusi, ez berak eta ezta bertaratu ziren senarrak eta ahizpek ere. Iruñeko hilerrian lurperatu zuten ustez. Ondoren, beste lau seme izan zituen mediku berarekin. Min handia sortzen zion haur jaioberriei buruz hitz egiteak. “Hedabideetan haur lapurtuei buruz hitz egiten hasi zirenean, katez aldatzen nuen, ezin nuen hura ikusi, min ematen zidalako. Nire ahizpek ordea orduan hasi ziren susmoa hartzen, orain arte ezer esan ez badidate ere”. Uztailean, errain baten bitartez lortu zuen barruan zuen korapiloa askatu eta gogoan zuen gertaera arraro horri zentzua eman eta puzzlea osatzen hastea. “Nire erraina Maria Teresa, adoptatutako neska bat da, Nafarroako Familia batek adoptatu zuen eta zoriontsu izan da beti, baina hemezortzi urte bete eta gero bere jatorriaren berri ikertzen hasi zen gurasoak emandako datu guztiekin. Jaio zen klinikara joan zen Madrilera eta han moja batek bere bizitzarekin jarraitzeko esan zion eta ustez bere ama biologikoak idatzita utzitako eskutitz bat eman zion. Eskutitz hori bera lapurtuak izan diren haur askori eman diete. Bertan amak dio ez zuela diruagatik edo bere gurasoengatik utzi, ez zuelako maite utzi zuela. Eskutitz izugarri krudela da, ama batek hitz horiek inoiz idatziko ez lituzkeenak. Errima eta guzti dauka”. Errainak bere bizitzako pasarte hura Fanirekin partekatu zuenean, honek bere barruan zuen bizipena kontatu zion eta batzuetan berari ere haurra lapurtu izan ziotela pentsatu ohi duela esan zion.
Horrela, uztailean ekin zion Fanik bere neskatoarekin gertatutakoa argitzeari. Hilabete gutxitan datu asko lortu ditu eta haurra lapurtua izan zenaren zantzuak geroz eta nabarmenagoak dira. Hilerrian bere izenean dagoen fetu bat omen dago, baina ez da existitzen ordea lurperatze egiaztagiria. Heriotzaren txostena senarrak berak sinatu zuen, eta hori mediku batek eta bi testiguk sinatu behar izaten dute. Pertsona kualifikatua ez izateaz gainera, senarrak ez zuen haurra ikusi ere egin.
Bestetik, Gizarte Segurantzak haur bakoitzeko eman ohi zuen diru-laguntza bat eman zieten. Baina Gizarte Segurantzan baieztatu zioten, diru hori ez zuela Gizarte Segurantzak eman eta ziurtagirian zegoen seilua ez dagokiola Gizarte Segurantzari. Beraz, diru hori ospitaletik bertatik atera zen. Familia Liburuan datorren dokumentu hori faltsifikaturik dago. Faniren susmoa haurraren salerosketako diruaren zati bat eman ziotela da. Baina bere historia klinikoan datorren datu txiki bat izan da pistarik garrantzitsuena. Ospitalean jarri zioten profila D.Social izan zen, hau da Distrofia soziala. Antza profil hori jarri ohi zieten lapurtzera zihoazen haur horien amei. “Baliabiderik ez zenuela, familia gatazkatsu edo baztertu batetik zatozela, senarrik ez duzula, burutik ongi ez zaudela edo haur hori mantentzeko diru askirik ez duzula esan nahi zuen. Izan dira, bere haurra erditu eta berehala bilatzen hasi zirenak eta eroetxean sartu zituztenak gaixo egon gabe, isilarazteko. Botere handia zuten eta edozer egiteko prest zeuden”.
“Behintzat ez dezatela pentsatu ez genituela maite”
Zein da eman nahi duzuen hurrengo pausoa?
Fani: Udalei laguntza eskatu diegu eta Larraungo eta Lekunberriko Udalen babesa daukagu eta beste zenbait udalen atxikimendua eskatzeko asmoa dute. Nafarroako Gobernura ere joango gara, agintariei zerbait egin dezatela eskatuko diegu, beraiek borondatea izanez gero, askoz ere errazagoa delako hau guztia argitzea.
Salaketak ere jartzen hasi zarete...
Fani: Bai, guk fiskaltzan eta foruzaingoan jarri dugu salaketa. Ikerketek aurrera egitea espero dezagun. Gainera, Nafarroako Parlamentuak 2017an lege bat onartu zuen haur lapurtuen kasuak argitzeko eta errolda bat sortzeko. Errolda hori dagoeneko sortuta dago eta haurra lapurtu zioten edozein gurasok edo senitartekok eman ditzake bere datuak. Pixkanaka geroz eta kasu gehiago ari dira azaleratzen. Ama asko isilik egon dira urte luzez. Orain arte haurrek soilik zuten euren gurasoak bilatzeko eskubidea, artxiboetan arakatzekoa etab. Lege berri honekin gurasooi ere eskubidea aitortzen zaigu.
Maria Jesus, zure anaiaren kasuan, ezinezkoa litzateke hil-kutxa hori berreskuratu eta han gorpurik dagoen egiaztatzea?
Maria Jesus: Galdezka ibili gara Lekunberriko Udalean, baina hemen ez dago lurperatutakoen datu horren zehatzik. Ez dakigu hilerriko zein txokotan lurperatu zuten.
Zuen egoera publiko egin eta gero, zein izan da herritarren erreakzioa?
Fani: Gehienak gurekin daude. Gure lekuan jartzen dira. Niri denek babes eta maitasun handia eman didate. Eta hedabideak ere primeran portatzen ari dira. Egia da gaur egun arte agintariek ez dutela argitara eman nahi izan haur lapurtuen gaia, jende asko dagoelako inplikaturik, botere handia duten pertsonak daude salerosketa horien atzean. Eta haietako asko hil egin badira ere, mediku haien ondorengoak gelditzen dira, eta ez dute hau guztia azaleratzerik nahi. Adopzioan hartzen zituzten familia asko ere dirudunak eta boteredunak ziren, baina badira halaber salerosketa horren berririk ez dutenak.
Eta zer esango zeniekete lagungarria izan daitekeen daturen bat ezagutzen duen pertsona horri? Gure eskualdekoa nahiz kanpokoa izan...
Fani: Hitz egin dezatela. Dagoeneko euren haurrak hiltzat eman, nahiz lapurtuak izan zirela pentsatuz hil egin diren guraso horien memoriagatik bada ere. Hitz egiteko betebehar morala dute.
Ez dugu mendekurik bilatzen, justizia baino ez dugu nahi eta gure haurrak aurkitu ditzatela. Euren berri izan nahi dugu, aurkituz gero ez dakigu gurekin harremanik izan nahiko duten, baina behintzat ez dezatela pentsatu ez genituela maite. Hori izan baitzen nire errainak esaterako eskutitz hori irakurri zuenean sentitu zuena.
DNA probak egiten hasi zarete erroldan izen-emateko...
Fani: Bai. Baina ni ez naiz Espainiako DNA probez fidatzen. Nafarroako errolda nahiko fidagarria dela pentsatu nahi dut, baina nik Iruñean DNA proba egiteaz gainera, beste bi proga egin ditut atzerriko bina laborategitan. Euren bitartez kasu asko argitzen ari baitira. Lapurtua izan denaren zantzurik duen horrek ere egin behar du proba. Garrantzitsua da, asko erraztuko duelako kasuak elkar-lotzea.
Maria Jesus: Oso zaila izango da pertsona horiek aurkitzea.
Malen: Haitako askok ez due jakingo adoptatuk dienik e!
Fani: Baina bat bakarrik aurkitzea lortzen badugu ere garaipen handia izango da gu guztiontzat. Berdin zait zeinena.
Psikologikoki zer suposatzen du iraganean gertatutako kasu hauek mugitzeak?
Fani: Izugarria da. Hil egin zela sinistarazi diozu urte luzez zeure buruari eta orain lapurtu egin zizutela pentsatzea, ikaragarria da. Baina era berean, bizirik dagoenaren esperantza izateak indarrak ematen dizkizu.
Maria Jesus: Barrenak mugitzen zaizkizu, ezinezkoa da hitzez azaltzea. Hasieran ezinezkoa dela iruditzen zaizu, baina gertatu diren kasuak ezagutzen zoazen heinean posible dela ohartzen zara.
Maria Esther: Hil zenaren berri eman zidatenean erotu egingo nintzela uste nuen, baina gero horretan ez pentsatzen saiatzen zara eta orain kosta egiten da gauzak horrela izan ez zirela pentsatzea.
Fani: Etxarri doktorearekin erditutako larraundar horietako asko hilik daude dagoeneko, baina euren senideek susmoa izanez gero argitzen saiatuko beharko lukete. Familiaren betebeharra da haur horiek aurkitzea eta ondoren, nahi badute harremana mantentzea, eurek nahi dutena errespetatuz. Baina garrantzitsua da euren haurra hil egin zela eta gorpua ikusten utzi ez zieten guraso horiek susmoa izan dezatela. Baita gorpua zigilatutako hil-kutxa batean eman bazieten ere, gorpua ikusi ez bazuten argitu dezatela non dagoen. Noski horien artean egiaz hildako haurrak egonen direla, baina Nafarroan urte haietan hildakoen zenbatekoa ikaragarria da.