Erreportajea

BIZIPEN ASKO PASATAKO GAZTEA

Mailope Aldizkaria 2023ko abe. 20a, 19:36

Taha Nahimi bizikletan

Marokoarra da Taha Nahimi, hegoaldean dagoen Marrakex hirian jaio eta bertan bizi izan zen 22 urte bete arte. 6 anai-arrebaz osaturiko familiako kide da, bera izanik gazteena. Umezurztegi batean egiten zuen lan bere amak eta han bizi izan zen Taha.

 

4 urte zituela, bere ama Saharak “Umearen Etxea” izeneko umezurztegian lana lortu zuen eta han bizitzera joan ziren Taha eta bere ama. Asteburuetan soilik itzultzen ziren etxera Mohamed aita eta anai-arrebengana. Umezurztegian gurasorik gabeko umeak edota zaindu ezin dituzten gurasodun umeak daudenez, umezurztegia haien familia bihurtzen da. Bertan egiten dute dena (jan, lo, jolastu, klaseak jaso...), bertan bizi dira azken batean. Taharentzat ere familia bihurtu zen hura eta Rida izeneko lagun mina egin zuen. 18 urte bete arte, bertan bizi izan ziren. Hantxe jasotzen dute Lehen Hezkuntza eta hortik aurrera bertan bizi arren, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa beste ikastetxe batzuetan egiten dira. Hala egin zuten beraiek ere.

12-13 urte ingururekin lagunartean, plastikozko poltsa beltzak merke erosi eta supermerkatuetan zein kalean garestiago saltzen hasi ziren diru pixka bat lortzeko. Denborarekin, tabakoa saltzen zuten beste batzuk diru gehiago lortzen zutela ikusi zuten eta beraiek ere horretara pasa ziren. 16-17 urterekin mekanikoa zen bere anaia Nordineri laguntzen hasi zen arratsaldetan eta hark propina ematen zion. Beranduago lanparak egiteko kobrea lantzen eta zurgin gisa ere aritu zen hilabete batzuetan, bere gustuko lana lortu zuen arte: larrua lantzeko artisautza. Azken horretan aritu zen 18 urtetatik hona etorri arte.

Umezurztegia haien familia bihurtzen da

Marrakexetik kanpo askotan ibili izan da, baina Marokotik sekula atera gabea zen, nahiz eta umetatik izan duen Alemaniara joateko desioa. Maroko iparraldeko jendeak, gertutasunagatik,  gehiago hitz egiten du Europaz eta hango informazio gehiago dute orokorrean. Iparraldeko Tetuan hiriko lankide batek, kanta bat jarri zuen behin (Cheb Adjel Tebghi Moul El Habette 2012) eta berari buruz hitz egiten zuela iruditu zitzaion Tahari. Esaldi batek,  herrialdetik ateratzeko esaten zuen eta ideia hori buruan izan zuen ordudanik. Taharen arabera, Marokon ez zara gosez hilko, baina zaila da dirua lortzea eta “dirurik ez baduzu, ez duzu batere balio”. Han egun guztia lanean pasa eta gero, 5 edo 10 euro besterik ez zituen lortzen. Europara bizitzera joanak ziren marokoarrak bisitan itzultzen zirenean, itxura hobearekin itzultzen ziren eta horrek zer pentsatua sortzen zion. Marokoar haiek gutxiago sufritzen zutela zirudien.

Europara bidaia

Facebooken Europara etortzeko lantxa berri bat ageri zen orrialdea atera zitzaion behin eta idatzi egin zien. Kudeatzaileak azalpenak eman eta gero, dirua aurrezteko denbora behar zuela erantzun zien Tahak. Harremanetan jarraitu zuten gerora eta 2018ko abuztuaren 21 arratsaldean lagunekin zegoela, dei bat jaso zuen: “Taha, autobusa berehala hartu beharra daukazu. Bihar Rabaten egon behar duzu”. Aurpegia aldatu zitzaion eta bere lagunek zer gertatzen zen galdetu zioten. Egitera zijoana inork jakiterik ez zuenez nahi, Tangerren lan bat egitera joan behar zuela erantzun zien. Etxera joan eta amari lagunekin bidaia batera zijoala esan zion. Gauean autobusa hartu eta goizaldera Rabateko ibaian egoteko esan zioten. Esan zioten lekuan, mantaz estaliriko egurrezko txalupa zahar bat zegoen. Manta jaso eta txalupa jendez lepo zegoela ikusi zuen. Igo edo ez zalantzan egon ondoren, 2000 euro ordainduta igo zen. Ingurura begiratuta batzuk haien umeekin zeuden, beste batzuk lagunekin... Taha bakarrik. 65 pertsona zeuden guztira.

Europara bizitzera joanak ziren marokoarrak, itxura hobearekin itzultzen ziren

Itsasorantz abiatu eta itsas-erdian txalupa hartatik patera zahar batera lekualdatu ziren. Paterak ez zuen fidagarritasunik ematen, baina ez zegoen atzera bueltarik. Kexaka hasiz gero, itsasora botako zintuzten eta akabo. Egunak pasa ahala, bustita, bertan egiten zuten pixa edo botaka... jateko datilen bat besterik ez eta noizean behin botilaren tapatxo bana ur ematen zieten ahoa bustitzeko. Paterako 3 zulotatik ura sartzen zitzaien eta ez urperatzeko, txandaka aritu beharra zeukaten hura ateratzen. Han ez zegoen lo egiterik.

Modu horretan 3 egun pasa ondoren, Cadizeko itsasertzera iristear zirela, Marinako polizi ontzi handi bat ziztuan gerturatu eta olatuekin patera irauli zien ia-ia. Katalejuekin dena aztertu ondoren, alde egin zuen, baina urrunetik aztertzen zituzten. Haien artean gidaria nor zen jakin nahi zuten itxuraz. Motor inguruan zeudenek manta bat jarri zuten gainetik gidaria nor zen ikus ez zedin eta itsasertzera hurbilduz jarraitu zuten. Polizi ontzi txikiago bat etorri zitzaien orduan eta bertara igoarazi zituzten. Poliziak patera urperatu zuen, motorra kendu ostean.

Botilaren tapatxo bana ur ematen zieten ahoa bustitzeko

Itsasertzean Gurutze Gorrikoek artatu zituzten, arropa lehorra eta janaria eman zizkieten. 3 egun pasa zituzten bertan eta mugara bidali zituzten jarraian. Dokumentazioa eskatu zieten han eta ez bazuten, adina galdetzen zieten. 18 urte edo gehiago dituztenak bueltan bidaltzen dituztenez, Tahak 17 urte zituela esan zuen. Sevillako komisaldegi batera eraman zituzten eta bi egun pasa zituzten bertan. Adina neurtzeko hortzetako froga bat egin zieten eta ezer esan gabe, adin txikikoen zentro batean sartu zituzten. Gainean zeramaten guztia kendu zieten han eta ezin ziren irten.

Halako batean, komunean ezkutuan zuen mugikor batetik hizketan harrapatu zuen Tetuango bat. Ez txibatzearen truke, dei bat egiten uzteko eskatu zion eta hark onartu ondoren, Irurtzunen bizi den Rada arrebarekin hitz egitea lortu zuen Tahak. Familiakoei ongi zegoela helarazteko adina denbora izan zuen soilik. Zentroan 3 egun pasa eta pare bat saiakeren ondoren, zentrotik ihes egitea lortu zuen. Sevillan nolabait beste 3 egun pasa ondoren, kalean ezaguturiko marokoar batek Iruñeara etortzeko autobus txartel bat erosi zion.

Euskal Herriratzea

Rada arrebarekin elkartzean izugarrizko poza sentitu zuen. Hemengo pisuetan dagoen isiltasuna txundigarria egin zitzaion eta kaleak horren garbi ikustea ere bai. Radak Irurtzungo etxean jasotzeaz gain, 3 gauzarekin lagundu zion soilik: erroldatzen, osasun txartela egiten eta bankuko kontu korronte zenbakia irekitzen. Kultur etxeko gaztelera ikastaroan izena emateko gomendatu ondoren, ez ziola beste ezertan lagunduko esan zion, hortik aurrerakoa bere egitekoa zela. Tahak harriduraz hartu zuen arrebaren esana eta gaizki sentitu zen hasieran. Etorri berritan, hemen ez zuen lagunik, jendearekin ezin zen komunikatu eta une batez Marokora itzultzeko aukera ere pasa zitzaion burutik. Dena den, goizetan gaztelera ikasten serio hasi eta arratsaldetan herriko plazan futbolean aritzen ziren lagun taldetxo batekin elkartzen hasi zen. Lagun horiek bertakoak ziren eta Omarren laguntzarekin bereziki, asko hobetu zuen bere gaztelera. Arrebak esandakoa ulertzen hasi zen orduan. Marokoar batzuk haien artean soilik elkartzen dira eta gaztelera ongi ikasi gabe, mugatuak daude gauza askotarako. Taha dagoeneko, gero eta errazago moldatzen hasia zen. Elektrizista ikastaro bat ere egin zuen.

Paperak lortzea zen hurrengo erronka. Arlo honi dagokion legedia aldakorra da, baina laburbilduta, 3 bide zeuzkan horretarako: 1. Hemengo etxe bat erosi duzula frogatzea. 2. Hemengo norbaitekin ezkontzea. 3. Erroldatuta 3 urte pasa eta gero, gutxienez urtebetekoa den lan kontratua lortzea. Azken aukera hau da gehiengoak jorratzen duena eta jasoko zaituzten aterperik ezean, paperik gabeko urte horiek oso gogorrak izan daitezke. Tahari esaterako aita hil zitzaion tarte horretan eta sekulako egonezin uneak bizi izan zituen. Lan kontratua lortzea ere oso zaila da hemengo kontakturik ezean eta badira egoera horretaz baliatzen saiatzen direnak. Tahari esaterako, 8000 euroren truke saldu nahi izan dizkiote lan kontratuak, baina egiazkoak edo faltsuak ziren ezin zion inork ziurtatu.

Kotxeko gidabaimena lortzea da bere hurrengo erronka

Saldotxon lortu zuen lana azkenean eta urtebete egin du dagoeneko bertan. Kotxeko gidabaimena lortzea da bere hurrengo erronka eta azterketa teorikoa gainditu du jada. Gustura bizi da Lekunberrin eta kiroldegira joaten da denbora librea duenean. Oso futbol zalea da eta belauneko lesio bat izan arren, lana lortu baino lehen, Beti Kozkorrekin entrenatzen hasi zen. Berehala antzeman zioten lesioa ordea eta ezin zuen horrela segi. Belauneko ebakuntza egiteko 9000 euro eskatzen zizkioten Marokon eta ordaindu ezin zuenez, ordura arte irauten jarraitu zuen. Beti Kozkorreko entrenatzaileen gomendioz medikura joan eta hemen egin zioten ebakuntza. Gaur egun, hobeki dago.

Euskaraz hitz batzuk besterik ez dakizki, baina dakien horri ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatzen da. Etorri zenetik 5 urte pasa eta gero, 27 urterekin bere familia bisitatzera joango da laster. Gogoz gainezka dago eta bereziki, bere amarekin egoteko desioz. Ikaragarri maite du eta amak beragan pentsatuz sufritu behar izan duen guztiagatik hunkitua dago. Hilabete pasako du Marrakexen eta ez daki egin nahi dituen plan guztietarako denborarik izango duen.