Zer gustatzen zaizu batukadatik?
Talde barruan lortzera iritsi gaitezkeen batasuna, norbera jotzen eta jendea gozatzen ikusten duzunean sortzen den sentsazioa...
Zein da batukadaren sorburua?
Batukada, bere horretan, Brasileko folklorearen parte da, nahiz eta bere aurreko sustraiak, errealitatean, Afrikan izan. XV. mendetik XVI. mendera bitartean hasi zen esklabotzara kondenatutako pertsonen komertzioa, 400 urtez iraun eta 14.000.000 pertsona inguruk pairatu zutena. Kontinente amerikarrean utzi zuten arrastoa eta eragin kulturala izugarriak dira. Brasilera, etnia desberdinetako pertsonak iritsi ziren, eta hiru multzotan sailka daitezke: batetik, Bantuak, Nksiak gurtzen zituztenak; bestetik, Yorubak, Orixak gurtzen zituztenak; eta, azkenik, Fon eta Eweak, Yodunak gurtzen zituztenak. Hiru talde etniko horien nahasketa erlijioso eta kulturalak, katolikoarekin eta tupi-guaraniar indigenarekin batera, mendeen poderioz, hainbat erlijiori ireki zien bidea, besteak beste, kandombleari.
Bestalde, batukada hitzak batuke hitzean du jatorria etimologikoki: Brasilen mendeetan garatu zen afro moldeko erlijioetako bat. Afro moldeko erlijio horien bitartez, Brasilgo zona bakoitzak musika estilo ezberdinak garatu ditu. Pernambuko estatuan, marakatua dago, Brasilgo estilo zaharrenetako bat, eta bi motatan banatzen da: baque virado marakatua edo naçao marakatua, oinarria Kongoko eta Angolako errege eta erreginen koroatzean duena, eta baque solto marakatua edo landa marakatua, konnotazio erlijiosoa galdu zuena eta nekazarien jaialdi bihurtu dena. Horrez gain, sanba dago, Bahiar Recôncavon jaio bazen ere, Rio de Janeiron kokatzen dena. Sanba horretatik sortzen dira beste guztiak, sanba gogorra adibidez. Bahiako estatuan zehar itzuli osoa eman eta gero, sanbaren erritmoa moteldu egin zen, eta beste estilo batzuk garatu, hala nola sanba afroa edo sanbareggaea (reggaearen mugimendu jamaikarraren eraginekin, Jimmy Cliff edo Bob Marley bezalako pertsonaiekin besteak beste).
“Batukada Brasilgo folklorearen parte da, nahiz eta sustraiak Afrikan izan”
Estilo horiek guztiak oso lotuta daude politikarekin eta pertsona beltzen eskubideen aldarrikapenarekin. Danborra gerra-arma baketsutzat hartzen dute, horren bidez, kultu-askatasunetik askapenerainoko helmugak lortzen lagundu diena. Hain antzinakoak ez diren esklabotza garaien herentziaz, gaur egun ere, haien eskubideen aldeko borrokarekin jarraitzeko eta oraindik existitzen den desoreka ekonomiko eta sozialari aurre egiteko erabiltzen da. Beraz, batukada bat entzuten denean, pentsatu behar da ez dela soilik pertsona talde bat danborrak jotzen; izan ere, atzean istorio handi eta aldi berean triste bat dago.
La Farruka batukada taldetik, batukaden topaketa antolatzen ari zarete. Kontatuko diguzu nola sortu zen ideia?
2022an, La Farrukak 10 urte bete zituen, eta modu berezian ospatu beharra zegoela pentsatu genuen, beste batukada batzuk gonbidatuz egun bat pasatzeko: elkar ezagutuz, erritmoak partekatuz, eta Danbor eta koreak blokoaren eta Olodum bezalako hainbat formakuntzatan jo duen Junior Souza mestrearen eskutik, tailer bat jasoz. Pacote do Peloren semea da, eta, hainbat urtez, Olodum-en jo zuen berak ere. Topaketa horretatik halako esperientzia atera zen, non 2023an berriro egitea erabaki baitzen, eta, aurreko aldian bezala, hain ongi pasatu genuen, berriz ere errepikatuko dugula. Aurreko bi edizioak Sarrigurenen egin ziren arren, aurten Lekunberrira gatoz, urtero tokiz aldatzea eta Nafarroa osoko herri desberdinetara iristeko asmoa dugu eta.
Bi eguneko topaketa izanen da. Programaren barruan zer egongo den azaltzerik bai?
Larunbat goizean parte-hartzaileei harrera egin, kamiseta eta gainerakoak eman, eta jarraian egingo den perkusio tailerrean, Sandra Ribeiro mestrarekin kontatzeko plazera izango dugu, zeinak hainbat instrumentu eta erritmo menderatzeaz gain, tinbau eta djembean espezializatutako perkusionista den. Neginho do Sambarekin formatu zen, eta hark sartu zuen perkusio afro-brasildarraren munduan, 15 urte zituela. Carlinhos Brown, Cara de Cobra, Gabi Guedes, Luzinho do Jeje eta beste musikari batzuen errekonozimenduak jaso izan ditu. Didá taldeko kide izan zen, eta Sodomu proiektua zuzendu zuen. Gaur egun, emakumez osaturiko Yaya Muxima eta Timbaladies musika taldeetako kide da.
“Iluntzean, batukada guztiak aterako ditugu kalejiran, herri osoan zehar”
Bazkaldu ondoren, beste afro-urban dantza tailer bat egongo da, sustrai afrikarrak dituen Iruñeko Baobab dantza eskolako Ainhoa Carreraren eskutik. Iluntzean, batukada guztiak aterako ditugu kalejiran, herri osoan zehar, Sandrarekin ikasitako erritmoa batera joz, eta batukada bakoitzak bere errepertorioa joz ere bai. Hortik, hasierako lekura itzuliko gara, afaldu eta Sambastian taldearekin sambaren errodaz gozatzeko. Eta larunbateko jardunaldiari, DJ eta perkusionista den Mantra Selektrahrekin emango diogu amaiera, zuzeneko kolaborazioekin lagunduta.
Igande goizean denok batera gosalduko dugu, eta jarraian timbauren erroda Allison ABren eskutik. 16 urte zituela Acatutú izeneko Klakibumeko haur taldeari, perkusio afro-brasildarreko saioak ematen hasiriko perkusio jolea da. Gaur egun, emakumez soilik osaturiko Yewande perkusio taldearekin eta Charly García perkusio musikariarekin jarraitzen du lanean (zeinak gaztetatik Kilombo batukada edo Sambiosis perkusio eskolako taldeetan parte hartu duen). Gaur egun, Giraboix taldeko eta Alacanteko Batucole gazte elkarteko kide da. Horri gehitu behar zaio Allison ABrekin batera, timbauko errodan eta Mantra Selektrahrekin, Uxua Echeverria izango dela kolaboratzaile. Ibilbide oparodun perkusio zuzendari eta hezitzailea da honakoa: Texasen, estatu mailako Uil saria jaso zuen marimba espezialitatean, Leire Colomorekin (Zetak) Timbateras taldea sortu zuen, Niarawa Batucada blokoaren sorkuntza eta garapenaren parte da, eta La Farruka, Barabatu, Beti Prest, Kukula Batuka edo Batuka and Aitas bezalako taldeen irakaslea eta zuzentzailea da. 2022an, García Galdeano bezalako ikastetxeetan irakaskuntza-lerro berri bat hasi zuen guraso-elkarteen bidez gurasoentzako eta seme-alabentzako, eta Isterria ikastetxean gaitasun desberdinak dituzten haurrentzako perkusio-irakasle gisa ere bai. Olodum, Ile Aiye, Tinbalada, Didá, Banda Cafundo, Timbaladies, Cara de Cobra eta antzeko taldeetako kideen prestakuntza jaso du... Zerrenda bukaezina da.Azkenik, bazkaria izango dugu gainerako batukadekin, jaialdiaren itxiera eta agurra.
“Nahi duenak eman dezake izena, betiere, bere instrumentua ekartzen badu”
Nork har dezake parte? Eta nola eman daiteke izena?
Edozein batukadari irekita dago, berdin du nondik datorren; Valladolid, Reus, Zaragoza, Bartzelona, Valentzia, Donostiatik... etorri izan dira. Nahiz eta batukada talde bateko kide ez izan, nahi duenari ere ematen zaio parte hartzeko aukera, betiere, bere instrumentua ekartzen badu. Topaketa honetan izen-emateko aukera otsailaren 4an irekiko da, eta "La Farruka" instagram orrian egin daiteke.
Batukadek gero eta presentzia handiagoa dute hemengo festetan. Zuen taldeak, adibidez, zenbat lekutan jotzen du urtean?
Bada, 2023an 30 aldiz jo dugu, eta era guztietakoak, herrietako jaiak, sanferminak, Halloween, Iruñeko Kulturen Kalejiran, bi urtez deitu gaituzte Skyrhuneren helmugako iritsierarako... baina era berean elkartasunez jotzera ere joan gara, adibidez, Iruñeko Esperantzaren Telefonoa taldearentzako, ADANOrentzako (haur onkologikoei laguntzeko elkartea), Fenix elkartearentzako (LGTBI+ errefuxiatuei eta etorkinei babesa emateko eta Nafarroako kolektibo minoritarioetako taldea)... Mentalia Salud bezalakoetan ere tailerrak egin dira adibidez...
Zer ezaugarri izan behar dira horrelako diziplina batean parte hartzeko?
Batukada talde gehienetan ez da jotzeko ezaugarri berezirik eskatzen. Argi dago musika entzumena baduzu eta perkusio instrumentu bat hartzeko trebetasuna baduzu plus bat dela, baina garrantzitsuena ikasteko gogoa, ondo egiteko interesa eta konpromisoa izatea da, bata bestearen menpe gaudelako.
“Brasilera 3 hilabetez egindako bidaia batean txundituta gelditu nintzen”
Nola hasi zinen zu batukadarekin?
Bueno, hemen batukadaren bat ikusia nuen, baina Brasilera 3 hilabetez egindako bidaia batean txundituta gelditu nintzen benetan... Salvador de Bahian egon nintzen egunetan, arratsaldero batukadaren bat ateratzen zen eta, egia esan, kanpotik eta barrutik mugiarazten zaituzte. Lekunberrin nengoela, batukada bat sortu zela jakin nuen (Batule) eta hor hasi nintzen, baina 3 edo 4 hilabetera konfinamendua iritsi zen eta, hori eta beste arrazoi batzuk zirela tarteko, desegin egin zen. Zuzentzen gintuen pertsona Donostiako beste batukada batean zegoen, ordea (Taupada), eta entseguetara joatera animatu ninduen. Ez nintzen damutu. Hasiera-hasieratik beso zabalik hartu ninduten (jaietan eta Lekunberriko antzinako azokan 2 urtez jo dugu), eta beno, urte eta erdi igaro ondoren, hor jarraitzen dut, eta kariño berezia diet guztiei.
Taupadarekin hasi eta lau hilabetera, beste batukada bat probatu eta beste erritmo batzuk ikasteko gogoz nengoen. Orduan jarri nintzen harremanetan La Farrukarekin. Urtebete egin berri dut La Farrukan, eta oso gustura nago, barre asko egiten dut haiekin, oso jende ona dira eta asko ikasten da Uxuarekin. Aurretik ere egin dut haren lanaren eta prestakuntzaren laburpen bat (amaigabea da) eta gaineratu behar dut pertsona horrek edozein instrumentu jotzeko duen bertuteaz gain (nik uste dut besapean ogi batekin jaio beharrean, tinbau bat zuela batean eta baketak bestean), gozatu eta apasionatu egiten duela, eta hori transmititzen digula entsegu bakoitzean. Hari esker, Cafundo bandaren, Didá bandako Adriana Portelaren, Elton Jacksonen edo Sabrina Saracelliren tailerrak jaso ahal izan ditugu...
Gehitu nahi zenukeen zerbait...
Izen-ematea kobratzen bada ere, ez dugu nahikoa diru lortzen afari, gosari eta tailerrak ematera datozen adituen eta larunbat gauean etortzen diren musika-taldeen gastuak ordaintzeko. Sandra Ribeiro, adibidez, Salvador de Bahiatik dator... Iazko topaketan 300 pertsona inguru egon ginen, aurten agian gehiago, parte-hartzaile gehi ikustera etorriko den jendearekin. Azken hau kontuan izanik, edozein establezimendu komertzialek eta, batez ere, jatetxe-arlokoek, ezer ez dagoen asteburu batean baino diru-sarrera handiagoak lortuko dituzte. Horregatik, edozein ekarpen ekonomiko eskertuko genuke (685 78 37 11).