Ilbeltzaren 13ko iluntzean barrenak astindu zitzaizkien askori Gorka Urbizuk zerbait bazetorrela aditzera ematen zuten hiru argitalpen jarri zituenean Instagrameko bere kontuan. Atzerako kontaketa bat abiatu zuen gero beste batean, tik-tak hots eta guzti, eta zaleak airean jarri zituen horrek. “Gaur lo gutxi eginen dugu, baina irribarre batekin”, zioen komentarioetako batek. Ilbeltzaren 15ean ikusi zuen argia Urbizuren bakarkako aurreneko diskoak, Hasiera bat izenekoak. Xume aurkeztu zuen sare sozialetan: “Kaixo. Disko bat grabatu dut, eta plataformetan duzue jada”. Abailan etorri ziren erreakzioak, askori luze egin baitzaie itxaronaldia orain dela lau urte Berri Txarrak taldeak oholtzak utziko zituela iragarri zuenetik. “Hemen naiz berriro” hartatik, gelditu gabe aritu da lekunberriarra, han eta hemen elkarrizketak egiten, kantuak aurkezten, bira bat ere abiatuko du hilabete honen bukaeran, baina aurkezpen guztietan aurrenekoa etxean bertan egitea erabaki zuen, ingurukoen babesean; ilbeltzaren 17an Larraungo Gabari gune irekian elkarrizketatu zuen Gazteako zuzendari Xabier Doncelek. Streaming bidez ere eman zuten elkarrizketa, eta Youtuben dago ikusgai.
Sarrera mugatua izan zen, eta Mitxausenea kultur etxean banatu zituzten gonbidapenak, elkarrizketaren bezperan. Hala ere, zortedun gutxi batzuek baino ez zuten lortu Gorka zuzenean ikustea, bost minutuan bukatu baitziren sarrera guztiak. Urduri sumatzen zen Gabari 17ko iluntzean, herritarrak gogotsu zeuden, jakin-minez, eta goxo hartu zituzten aurreneko kantuko akordeak: Janela bat kantak mutu utzi zituen bertaratutakoak. Elkarrizketa abiatzeko bidea eman zion kantu horrek Donceli: “Zer da janela bat, Lekunberriko hitz bat”?, bota zion Gorkari. Entzuleek bazekiten ez zela hala, noski. Barre egin zuen Gorkak, eta argitu portugesez leiho esan nahi duela, eta gustatzen zitzaiolako erabili zuela, besterik gabe. Are, hasieran leiho erabili zuen kantuan, baina azkenean “lizentzia poetiko” hori hartu eta aldatu egin zuen.
“Kimatu" egin ditu abestiak, eta aitortu askotan janztea baino zailagoa dela kantuak biluztea
Baina ez zituen izenburu horrekin bakarrik izan buruhausteak Urbizuk. Kontatu zuen diskoaren master-a jaso ondoren, hau da, grabazio originala Los Angelestik bidali eta gero, izenburu guzti-guztiak aldatu zituela; ordu txikitan, goizeko hiruretan okurritu zitzaion tituluei “bat” gehitzearen kontu hori. Eta halaxe jaio ziren denak: Maitasun bat, Teoria bat, Tren bat, Toki bat, Janela bat, Kolore bat, Lilura bat, Etxe bat, Sute bat eta Besterik ez. Bueno, ez: Toki sekretu bat izena zuen berez diskoko laugarrenak, elkarrizketan ere nahi gabe hala deitu baitzion kantu horri. Abesti nahiko lasaiak dira denak ere; azaldu zuen “kimatu” egin dituela, “soildu”, eta askotan abestiak janztea baino zailagoa dela biluztea, bere horretan ematea. “Oso gordina da disko osoa, soila. Detaile gutxi dauzka; ez dago efekturik, ez dauka distortsiorik”. Hala, sortze prozesua “aktiboagoa eta interesgarriagoa” izan dela gehitu zuen. Instrumentuen aldetik ere nabaritzen da hori, eta, hain justu, horrek egiten du berezi lana hein batean; izan ere, aitortu zuenez, bateria grabatu dutenak ez dira bateria joleak (Ferran Palau artista katalana izan da tartean, besteak beste), eta ahotsa bera eta baxua dira diskoko zutabe nagusiak. “Hitza eta ahotsa dira garrantzitsuenak”.
Aitorpen bat edo beste ere egin zuen: esate baterako, Kolore bat abestiak ez zuen konbentzitzen, eta diskotik kentzea ere pasatu zitzaion burutik, baina ekoizleek lan berrian sartzera animatu zuten azkenean. Lilura bat segur aski diskoko beatlerianoena zela esan zuen, The Beatles taldearen kutsurik handiena zuena, eta horren zergatia ere azaldu zuen: hilabeteak eman ditu goizetan, paseatu bitartean, The Beatles taldearen disko bat aditzen; arratsaldean, berriz, talde “modernoago” bat entzuten zuen, zeharo desberdina, Sen Senra edota Olaia Inziarte, esate baterako. Eta diskoko azkena, Besterik ez, bukaerako soinu proba batean sortu zen, azken orduan, baina hasieratik argi ikusi zuen diskoari bukaera emanen zion kantua izanen zela; “kariño handia diot”, esan zuen elkarrizketan. Kariñoarekin dago lotuta, hain zuzen, kantu horretako azken esaldia, disko osoa biribiltzen duena: “Batzutan ‘I love you’/ idazten diogu elkarri./ ‘Maite zaitut batek’/ ikaratzen gaitu./ Besterik ez”. Eta hori ere ez da kasualitatea, diskoko aurreneko esaldiari bezainbesteko garrantzia ematen baitio azkenekoari artistak.
Bere buruari bakarkako lan bat zor ziola sentitzen zuen
Lau urtez “nebulosan”
Sekretupean gorde nahi izan du Urbizuk Hasiera bat. Kontatu zuen “nebulosa batean” pasatu dituela azken lau urteak, deskantsatzen, bidaiatzen, kontzertu pila bat ikusten… “Abstraitzeko” beharra zuen. Baina sentitzen zuen bere buruari zor ziola bakarkako lan bat, nahiz eta ez den erabaki “erraza” izan harentzat bidaia honi ekitea. Bere buruari zor bai, baina nola ezin jakin, zein formatan: beste izen batekin agertzea ere okurritu zitzaion, “Gorka Urbizu” jarri beharrean. “Izan zitekeen Zuhaitz gorria”, bota zuen brometan, baina agian ez zen hain broma. Aitortu baitzuen prozesu zamatsua izan dela Berri Txarrak-en itzaletik urruntzea, dena errazagoa zela “inor begira ez zegoenean”. Baina, aldi berean, entzulerik gabe ez dagoela musikarik, “batzuetan hori ahaztu egiten” dela, eta zortedun sentitzen dela alde horretatik.
Bidaide izandakoak ere ekarri zituen gogora, baita diskoa su txikian kozinatutako toki berezia ere. Lleidako Teatre de ca l’Erilen grabatu dute Hasiera bat, berez antzoki zahar bat den eta, besteak beste, estudio baten funtzioa egiten duen toki batean, zeinak “xarma berezia” baitu Gorkarentzat —1910eko eraikin bat da—. Ez zen ausaz ailegatu hara: “bat-bateko maitemin” batek eraman zuen Kataluniaraino. El Petit de Cal Eril taldearen musikarekin maitemindu zen orain dela urte batzuk, talde horren soinuarekin, hainbeste non Jordi Matas talde hartako kideetako baten atzetik hasi baitzen, ekoizlea baita hura. Harremanetan jarri, Gorkak bere asmoen berri eman, eta, halako batean, Matasek Lleidako Teatre de ca l’Erilen ateratako argazki bat bidali zion sakelakora: “Begira nor dabilen hemen gurekin”, idatzi zion Urbizuri. Big Thief taldea zen, lekunberriarrak asko estimatzen duen talde bat, eta berehala erabaki zuen zer egin: “Baietz esan nion neure buruari; seinale bat izan zen”. Eta halaxe joan zen Lleidara, Matas ekoizlearen laguntzaz diskoari forma ematera. Entsegu gutxi —estudioan sartu aurretik bi baino ez—, sentimendu asko eta apenas geruzarik duen diskoa ondu zuten horrela.
Bolada “esperimentala” pasatu du; pentsa, elektronikarekin ere ibili da saltsan
Bolada gorabeheratsua, “esperimentala” bizitu du denbora honetan; pentsa, elektronikarekin ere ibili da saltsan. Jaiotako pieza batzuk “kaxoian” gorde ditu, baina giltza badauka, eta zeinek daki: akaso ikusiko dute argia noizbait. Hain justu, diskoko kantuen artean printzarik bereziena igortzen duenarekin bukatu nahi izan zuen elkarrizketa, Etxe bat abestiarekin, eta ez zuen zalantzarik horretan: “Zein kantu joko duzu orain?”, galdetu zion Doncelek. Eta Gorkak ez zuen bi aldiz pentsatu: “Ba, hemen egonda, Etxe bat joko dut”. Diskoko kanturik pertsonalena akaso, agian “jendeari batere inportako ez zitzaiola” iruditzen zitzaion bat, baina, zalantzarik gabe, “sugarra inoiz itzal ez dadin” erraietara ailegatzen diren horietako bat. Kanta amaitzean esandakoak ere hunkituko zituen segur aski hasierako ilaretan zeudenetako batzuk: “Nire gurasoendako; eskerrik asko”.