IRAGANEKO ETXEEK, TINKO JARRAITZEN DUTE

Mailope Aldizkaria 2024ko eka. 18a, 18:08

"Lekunberri. Herri baten eta bere etxeen historia”: XVI. mendeko dokumentuetan oinarritutako ikerketa sakona egin dute Inma Etxarrik eta Belen Balenciagak, Ondare Kultur Taldearekin eta Aitor Pescador Medranorekin, Aranzadi Zientzia Elkarteko filologoa, historialaria eta dokumentalista adituarekin. 31 etxebizitza eta beste hiru desagertuta daudela baieztatu du ikerlanak, bost mende geroago. Lekunberri herriak izan zuen garrantzia azpimarratzen duen lehen ikerketa historikoa da.

Noiz eta nola sortu zenuten proiektu hau?
Inma: Orain dela urte asko, ikusi genuen ez zegoela ezer idatzita Lekunberriko historiari buruz. Egia da ahoz aho historia kontatzen dela, baina zerbait idatzita egotea beharrezkoa zela iruditzen zitzaigun, gero gu ez gaudenean, hori nonbait idatzita gorde dadin. 1997. urte inguruan, Lekunberriko Udalarekin hitz egin genuen beka bat eskatzea proposatzeko, modu horretan, pertsona bat artxibora joan zedin eta prozesu honi guztiari hasiera bat emateko; izan ere, dokumentazioa lortzeko hau beharrezkoa zela uste genuen. Nafarroan artxibo bikaina daukagu, eta zorte oso ona dugu horregatik.
Belen: Guk historia ikasi genuen, eta Lekunberriko liburutegian biltzen ginen. Horren ondorioz, 1997an lan hau egiten hasi ginen, baina proiektua garatzeko jarraipena beharrezkoa zen. Gauza asko aurkitu genituen hilabete batean; nabarmena zen proiektu honek zerbait berezia zeukala. Momentu horretan, gaztelua aurkitzea zen garrantzitsuena guretzat. Urteak igaro ondoren ere, bilatzen jarraitu dugu, baina oraingoz ez da azaldu.

"Bekaren hasiera gazteluaren bilaketa izan zen"

 

 

 

 

 

Denbora igaro ahala, aurrekontu parte-hartzaileak eskaini zituen udalak, hau da, dirua eskaini zuen proiektu
konkretu baterako. Horrekin batera, pentsatu genuen lanean berriro hasteko momentua zela. Denek denbora geneukan eta gaian sakontzen hasi ginen gure proiektua aurkezteko.

Inma: Geroago, Ondare elkartearen izenean, gure proiektua aurkezteko ideia izan genuen, eta oso ideia ona iruditu zitzaien hasieratik. Guk geroago ikusi genuen beste euskarri bat behar genuela, bakarrik ezin genuen liburu bat idatzi, aditu bat bilatu behar genuen. Ondorioz, Aitor Pescador historialariarekin harremanetan jarri ginen. Bera Erdi Aroko gaietan aditua da, ikertzaile oso ona, Aranzadi zientzia elkartekoa. Harekin hitz egitea erabaki genuen, Lekunberrira etorri baitzen gazteluaren bila, udalak proiektu bat garatu baitzuen Aranzadikoek gaztelua bilatu zezaten. Pescador gazteluaren bila hasi zenean, konturatu zen Lekunberriko etxeei buruzko dokumentazio mordoa zegoela, eta gai hau lantzea oso interesgarria iruditu zitzaigun. Aitzakia horrekin, gure proiekturako aztertzailea aurkitu eta gaia zabaltzea lortu genuen. Modu horretan, proiektuaren ideia sortu zen: 540 orrialdeko liburua. 

Zergatik aukeratu zenuen Lekunberri zuen proiektua aurrera eramateko?
Inma: Gu Lekunberrikoak gara eta etxean lan egiteak abantaila handiak eskaintzen ditu. Ondare Kultur Taldea sortu zenetik, helburua bertako ondarea zaintzea eta ezagutaraztea da. Proiektu hau oso aukera ona izan zen; izan ere, Ondareren filosofiak zera dio: “Berreskuratzen ditugun lanetan edo edozein egitasmotan auzolana bultzatzea ezinbestekoa da”. 

Javier: Azkenean, egia da kanpotik enpresa bat etorri ahal zela lan hau egitera, baina horrek ez du herria
errotzen. Aldiz, bertakook egiten badugu lan hori, auzolan horrek beste sustrai bat landatzen du, eta, etorkizunari begira, aurkitu diren datuak biztanleei helaraztea errazagoa izango da. Proiektu honek gure filosofiarekin bat egiten du; azken finean, Ondare beti dago laguntzeko prest. Gainera, Aitor Pescador teknikariak ere izugarrizko lana egin du bere ikuspuntutik, baina auzolana beharrezkoa da.

“Lekunberriko biztanleek beti izan dugu lursailak, etxeak eta gaztelua ezagutzeko grina”

Belen: Egia esanda, hemengoak izanda, gu askotan etxez etxe joan gara informazioa biltzera eta beso zabalik hartu izan gaituzte. Bertakoek espektatibak dauzkate, liburuaren zain daude. Lortu dugun informazio guztia urrea da, alderdi kulturalak argi adieraziko dituen liburu bat da, historia gertatu den moduan kontatuko duena. Hainbat elementu bilduta daude liburuan, izugarrizko materiala eskaintzen du edozein gauza egiteko, eta hori izugarrizko berria da.


Zer rol eta erantzukizun izan zenituzten?
Javier: Inma eta Belenek azterketak egin, informazioa bilatu eta aztertu egin zuten. Aitor Pescadorrek, berriz,
informazioa jaso eta transkribatu egiten zuen. Hala, liburua oso interesgarria gelditu da. Idazteaz gain, puzzle erraldoi bat osatzea izan da liburu hau sortzea, bertan epaiketak daude, ezkontza kontratuak, hainbat txosten, eta hori dena Aitorrek elkartu eta lan sakona eginez antolatu du; lan zaila da, korapilatsua.

Inma: Erantzukizuna oso ona, alderdi guztietan ateak ireki dizkigute eta gero ere bai. Bi edo hiru hitzaldi egin ditugu eta jendea gogotsu dago, asko gustatzen zaie gaia. Beti oso ongi eta zainduak sentitu gara alde horretatik.
Belen: Ondarek lehenengo momentutik asko lagundu gintuen eta Lekunberriko udalak ere bai. Honekin batera, Larraunen gauza bera egiteko gogoa sortu da; horregatik, haiekin ere harremanetan jarri gara eta esperientzia oso ona izan da.

Ze erronka nagusi izan zenituzten proiektua garatu bitartean?
Belen: Gehienbat geure buruarekin, prozesu luze honetan informazio gehiegi zelako momentu batzuetan, proiektua bi urtez luzatzea zaila izan da. Erronka nagusiena, alde batetik, gaztelua bilatzea izan da, eta, beste aldetik, artxiboan azaltzen ziren bi etxe desagertu bilatzea. Etxe horietako batekin, batez ere, denbora mordoa igaro genuen, ezin genuen kokatu. Errota batekin gauza bera gertatu zitzaigun, eta horrelako zailtasun txiki asko izan genituen, baina, batez ere, gazteluaren bilaketa da erronka handiena. Betidanik pentsatu dugu hau Malkorrean zegoela, baina ordurako Aranzadik ezetz esan zuen. Hori bai izan zela modu batean hasierara itzultzea. Guk uste dugu lortutako informazioaren arabera, Sasita inguruan kokatzea lortu dugula, baina ez da batere erraza. Hori bigarren zatia izango litzateke; izan ere, arkeologia munduan sartu beharko ginateke hori aztertzeko, eta izugarrizko lana izango litzateke. Ez dakigu non egongo diren eraikuntza horien aztarnak, baina pieza horiek lekuren batean egonen dira. Toponimia aldetik ere, XVI. mendean honi buruzko euskarazko hitzak azaltzen dira: Torreondoa, Torregiben, Torreburua, etab. Beraz, horrek esan nahi du gaztelua nonbait existitu zela, idatzita dago.
Inma: Familien izen-abizenak bereiztea ere zaila izan da; izenak eta abizenak asko errepikatzen dira, elkarren artean ezkontzen zirelako. Garai horretan ez zegoen errepiderik, eta gehienbat Errazkingoak, Baraibarkoak, Aldazkoak, ondoko herrietako jendea etortzen zen, baina, hala ere, abizenak askotan errepikatzen ziren. Izan ere, hiru edo lau belaunaldi ingurutan izen eta abizen berdinak aurkitu ditugu, eta oso konplikatua izan da. Familia eta izen guztietan interes berdina izan dugu, ez bakarrik boteretsuetan; etxe guztiak guretzat berdinak dira, denen historia biltzen saiatu gara. Ikusi dugu etxeak garai horretan ere asko saltzen zirela, ematen du “jauntxo” asko zegoela, baina errealitatea beste bat zen, zorrak ugariak ziren. Gerra asko zeudenez, etxe ugari erretzen ziren; izan ere, zona muga alboan egonda urtero armadak dena desegiten zuen, dena hautsi.

“Turismoak bertako historia eta informazioa eskatzen du”

Nolakoak ziren Erdi Aroko etxeak? Zer material erabiltzen zen gehien?
Inma: Erdi Aroan, etxeak eliza eta bide inguruan eraikitzen ziren. Ingurune hau Nafarroako Erreinua zen garai horretan eta bide bat igarotzen zen hemendik Gipuzkoara. Erdi Aroan egiten ziren etxe horiek egurrezkoak ziren, harria oso garestia zen eta ez ziren existitzen gaur egungo etxeak. Lekunberri herriaren antolaketak pixka bat despistatzen du, ez da oso argia. Ez zegoen horrelako tipologia arkitektonikoa, baina bai kokapena: Lekunberrik bi sarrera zeuzkala uste dugu, baina zaila da azaltzeko. Ohiko tipologiari dagokionez, erdian beti ate bat zegoen, gainean leiho bat eta haren gainean armarria. Etxea simetrikoki erditik puskatuz gero, etxea berdina zen bi alboetan leihoak txikiagoak ziren. Lekunberrik sute handia jasan zuen iraganean eta zaila izan da herria zegoen moduan mantentzea. Hala ere, etxeak lehen txikiagoak ziren, denbora igaro ahala altuagoak bilakatu dira. Aipagarria da, era berean, etxe guztiek ura gertu zeukatela: erreka bat, iturri bat, errota txiki bat, etab. Izan ere, ura beharrezkoa zen edateko, garbitzeko, lan egiteko, animalientzat eta janaria prestatzeko.

Zer eragin izatea espero duzue proiektu honek tokiko turismoan eta ekonomian?
Javier: Uste dugu turistei interesatzen zaiela bertako informazio guztia, arlo guztietan. Baina, agian, hori ez da nahikoa, askotan antzerki bat behar dute, edo ikustaldi bat, elkarrizketa bat, etxeen erakustaldi bat, eta horrelako ekintza desberdinak. Orain arte genekizkien gauzez gain, bestelako informazio bat eskaini ahal diegu proiektu honi esker. Adibidez, interesgarria izan daiteke
Erdi Aroko feria moldatzea lortu dugun informazioa erabiliz, edo gaiari buruzko ibilbide turistikoak egitea. Hona etortzen den turismo gehiena kulturala da; beraz, gauza asko egin daitezke. Dokumentazio honekin zehaztasun gehiago eskaini dezakegu. Aisialdirako ekintzak egiterakoan ez dira asmakizunak izango, baizik eta informazio errealean oinarritutako historia. Lekunberrira etortzen diren turistek hori baloratuko dute seguru, hori bilatzen dutelako.


Nolako elkarreragin izan du zure proiektuak Lekunberriko komunitatearekin?
Belen: Egia esan, hitzaldi bat antolatzen den aldiro jende mordoa elkartzen da, ematen du jendeak ez duela interesik, baina ez da horrela. Jendeak interes handia du, eta oso eskuzabalak izan dira etxeen informazioa eskaintzeko momentuan. Haien historia interesatzen zaie, eta haien sustraiak aztertzea asko eskertzen dute. Jakin-min handia dute bertakoek, haien herria ezagutu nahi dute.
Javier: Dirudi Lekunberri beti izan dela “pasagune bat”. Orain, beste herrialdeetan bezala, ondareari garrantzi handia ematen hasi zaio, eta geroz eta egitasmo gehiago daude honi buruz. Sozialki, pentsatzeko era desberdin bat garatzen ari gara. Orain interes hori piztu da eta ikerketa honek guztiak garena adierazten du.

Gai honekin zerikusia duen beste ekintzaren bat garatu duzue? Horrela bada, zer ekintza?
Inma: Momentuz hitzaldiak eta ikastaroak antolatzen ari gara, Aitor Pescadorrekin. Formakuntza txiki eta berezi bat sortu dugu, 33 pertsona elkartzen dira ostiralero. Lehen aipatu dugun jakin-min horrek sorrarazten du hau guztia. Orain arte Lekunberriko datuak ez ziren existitzen, baina jada ikastaroetan sartu ahal dira, eta hori zoragarria da. Historiak gutxi erakartzen dituen bizilagunentzat ere hau interesgarria izan daiteke, bertako historia delako eta horrek bertakoen interesa piztu eta ikuspuntua aldatu dezakeelako.

“Umeen interesa pizten dela ikusteak asko alaitzen gaitu”

Zeintzuk dira etorkizunerako planak?
Inma: Alde batetik, Larraungo Erdi Aroko etxeak aztertzearen proiektua, eta, beste aldetik, Lekunberri XVIII. mendetik orain arte aztertzea. Izan ere, bertan informazio ugari dago, karlismoari eta musikari buruzkoa adibidez. Gainera, herriaren historia ikasteko gai didaktiko interesgarria da hurrengo belaunaldientzat Lekunberriko eskolan muturra sartzea beste jomuga bat izango litzateke, baina informazioa beharrezkoa da horrelako unitate didaktikoak prestatzeko; oso interesgarria izan daiteke, baina sakondu behar da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa MAILOPEren etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aurrera egiteko.

Egin MAILOPEren lagun