TXOTXONGILO ARTEAN, EUSKAL HERRITIK PEKINERA

Mailope Aldizkaria 2024ko aza. 24a, 08:41

“Firulete Antzerkia”, txotxongilo antzerki konpainia bat da, Lekunberriko Nerea Orejaren eta Buenos Airesko Marcos Vilelaren ikuspuntu artistikotik sortua. Txotxongiloantzerkiaren munduan ibilbide luzea egin du konpainiak, eta umorezko ikuskizunak zein intimo eta sakonak sortu dituzte, hala nola “Basoa.”

Noiz eta nola sortu zen “Firulete Antzerkia”? Zergatik?
Marcos: Ni oso gaztetatik naiz titiritaria. Nire gurasoek ere txotxongiloekin egiten dute lan, eta hau izan da betidanik nire ofizioa. Hasieran beraiekin egiten nuen lan, eta ondoren Nerearekin BagaBiga Txotxongilo Antzerkia sortu genuen, nik gaztelaniaz egiten nituen obrak euskaratuz. 
Pixka bat geroago, 2021ean, Firulete Antzerkia jaio zen. 
Nerea: Pandemiaren ostean gure bizimodua aldatzeko beharra sentitu genuen, bai eta nolabaiteko bultzada artistiko berri bat ere. Ordura arte egindakoari buelta bat eman genion eta ikuskizun mota berriak sortzen hasi ginen. 

Musika eta txotxongiloak zuek egiten dituzue? Nola?
Marcos: Bai, konpainia txiki bat gara, eta guk egiten dugu dena, ideia artistikotik hasita, produkziora, banaketara eta, azkenik, antzeztera iritsi arte. Musika eta txotxongiloak guk egiten ditugu, baina gure azken ikuskizunarekin hau pixka bat aldatu da. Nafarroako Antzerki Eskolan erresidentzia artistiko eta tekniko bat eman ziguten, eta pasa den otsailean haiekin batera gure azken ikuskizuna sortu genuen: The Immigrant. Kasu honetan, eszenografia eta argien diseinua beste pertsona batzuek egin zizkiguten.

 

“Pandemiaren ostean gure bizimodua aldatzeko beharra sentitu genuen, eta ikuskizun mota berriak sortzen hasi ginen”

Zein da ikuskizuna garatzeko prozesua?
Nerea: Gure kasuan behintzat, lehenengo ideia bat sortzen da. Gai bat izan daiteke, edo, demagun, pertsonaia bat. Lehenengo ideia hau denbora batez “deskantsatzen” uzten dugu, eta ondoren hori nola gauzatu dezakegun pentsatzen hasten gara. Zein formatutan egingo dugu? Ze estetika mota erabiliko dugu? Hizkuntza bai ala ez? Zenbateko aurrekontua daukagu hau gauzatzeko? Eta horrelakoak pentsatzen ditugu. 
Marcos: Gure azken ikuskizunean, adibidez, duela bi urte pertsonaia bat etorri zitzaigun burura: etorkin bat zen, XIX. mendeko estetika zuena, barkuz iristen zena, ez genekien noiz ezta nora ere, baina bere bizitza lur berri hartan ez zen erraza izango. Hori bakarrik geneukan. Ideia bat. Txotxongilo bat sortu genuen, eta bi urtez gure egongelan egon zen, apaingarri gisa. Familiako kide berri bat bilakatu zen. Orduan, erresidentzia eskatzeko epea ireki zen Antzerki Eskolan, eta proiektua martxan jarri genuen, pertsonaia hau gure egongelatik eszenatokira eramanda. 

“Obra honetan doluaren gaia lantzen dugu, haurrei zuzenduriko istorio baten baitan”

Nolako aldaketak izan ditu Firulete Antzerkiak hasieratik gaur arte?
Nerea: Hasieran txotxongiloekin eginiko komedia musikalak egiten genituen. Txotxongilo antzerki tradizionalaren baitan, umorezko eta “katxiporrazko” obrak egiten genituen, eskularru txotxongiloekin. Baina 2023an Basoa estreinatu genuen, obra intimo, poetiko eta sakon bat, mahai-txotxongiloekin eginikoa. Obra honetan doluaren gaia lantzen dugu, haurrei zuzenduriko istorio baten baitan. Oso lan berezia da, basoaren eta izaki mitologikoen presentzia daukana. 
Marcos: Guretzat lan hau inflexio puntu bat izan zen. Komedia alde batetara utzi genuen, eta gai eta tonu berrietan lan egiten hasi ginen. Oso hausnartze prozesu interesgarria izan zen guretzat, bai eta publikoarekin erlazionatzeko modu berri bat ere. Oraingoan barrea bazegoen tarteka, baina batez ere emozioak loratzen hasi ziren haur eta helduetan.

Ikusi dugu Pekin (Txina), Beijing International Puppet Jaialdian antzezten egon zaretela. Nolakoa izan da esperientzia? 
Nerea: Gure azken ikuskizuna martxoan estreinatu genuen, Iruñean; helduentzako gure lehenengo obra da, eta mutua gainera. Gure asmoa kanpora irtetea zen, baina ez genuen  pentsatzen lehehengo geltokia Txina izango zenik. Ekainean deitu ginduten, euren txotxongilo jaialdira gonbidatzeko, eta bertan egon gara astebetez, The Immigrant antzezten! 
Marcos: Oso esperientzia aberasgarria izan da. Gure beldurra zen ea ulertuko ote zuten, edota kode berdinak erabiliko zituzten, bai umorerako baita dramarako ere. Baina zalantza hauek guztiak lehenengo pasea egin eta gero desagertu ziren. Zeinen harrera ona! Aparta izan zen. Publikoa oso gertukoa zen, eta oso feedback ederra jaso genuen.  

 

“Nire gurasoek ere txotxongiloekin egiten dute lan, eta hau izan da betidanik nire ofizioa” 

Zein dira etorkizunari begira dituzuen proiektuak, antzerkiak, etab.?
Nerea: Momentuz ditugun obrak mugitzen jarraitzen dugu, espazio ezberdinetan. Gure asmoa kanpoan egiten diren jaialdietan parte hartzea ere da, eta horrela The Immigrant  ezagutzera ematen jarraitzea. Baina barrukoa alde batera utzi gabe, noski.
Marcos: Etorkizunera begira, obra klasikoren bat txotxongilo antzerkira egokitzeko asmoa daukagu, ziurrenik Calderón de la Barca-ren obra bat. Biak gara filologoak, beraz erronka 
ederra da guretzat!