Koro Barea

“Dagoeneko, 1.605 arkatz ditut bilduma barruan”

Mailope Aldizkaria 2024ko aza. 28a, 08:00

Koro Barea, Belgikan jaio zen, Donostian urte batzuk igaro zituen eta dagoeneko sei urte daramatza Lekunberrin bizitzen. Bere pasio handienetakoa arkatzen bilduma areagotzen jarraitzea da, beretzat, ez dira objektu soilak, oroitzapenak eta esperientzia bereziak baizik.

Nolatan hasi zinen arkatzak biltzen?
Duela urte asko, 1982an, paper-denda batean egiten nuen lan. Dendara etortzen ziren produktu saltzaileek arkatzak oparitzen zizkiguten guk eskariak egiteko, eta oparitzen zizkiguten guztiak ontzi batean sartzen hasi nintzen. Geroago, ingurukoek arkatz ugari neuzkala ikustean, gehiago 
ekartzen zizkidaten. Ondorioz, ontzia kendu eta zapata kaxa batean sartzen hasi nintzen, eta horrela, bilduma handitzen joan zen. 

Gogoratzen duzu zein izan zen zure bildumako lehen arkatza?
Bai, gogoan dut, gordeta daukat, saltzaile batek oparitu zidan, zuten produkturik berritzaileena zelako. Arkatz gardena eta malgua da. Hain zoragarria iruditu zitzaidanez, saltzaileak etortzen ziren bakoitzean arkatzak eskatzen hasi nintzaien. Arkatz gutxi lehiatu daitezke honen aurka, 
baina berriak jasotzen jarraitu nuen, eta horrela hasi zen dena.

Zenbat arkatz dituzu guztira?
Dagoeneko, 1.605 arkatz ditut bilduma barruan. Ez daukadan edozein lortzea gustatuko litzaidake. Adibidez, Italiatik ekarri dizkidaten arkatzak, puntan, Pinotxoren buruaren forma dute, eta dagoeneko, bost dauzkat, baina bat ere ez da berdina. Beraz, berdin zait, askotan lagunei esaten diet oporretara joaterakoan arkatzik aurkitzen ez badute, ez erosi, hotel beretik hartzea, edo harreragileari arkatza eskatzea nahikoa da, edo hegazkinean bertan. Dagoen arkatza, ziur ez daukadala, edozein, berdin zait.
Herrialde desberdinetako arkatz ugari ditut... Baina Japoniarrak eta Koreakoak ez... Bueno, badakit duela gutxi lagun bat joan dela eta arkatz bat gorde duela niretzat. Gainera, Hego Amerikako herrialdeetatik ere nahiko nuke, Europatik ia denetik daukat, baina... Arkatz oso arraroak ditut, armadakoak, NASAkoak, New York-eko suhiltzaileenak.

“Niretzat arkatzak ez dira objektu soilak, oroitzapen eta esperientzia bereziak baizik”

Nola lortzen dituzu zure bildumarako arkatzak?
Gehienak opariak dira. Noizbait oporretara joan naizenean eta baten batek arreta sortu zidanean hartu izan dut, baina ez da ohikoena. Orduan bai, egia da nik neuk noizbait ere 
hartzen ditudala, baina %90 opariak dira. 

Baduzu arkatz gogokoagorik edo baliotsuagorik? 
Baliotsuena lehenengo arkatza da, eta gogokoak, asko ditut: esan nahi 
berezia izan dutenak, jada gurekin ez dauden pertsonen opariak izan direnak, batzuei maitasun handia diet. Hauek leku garrantzitsuetan gordetzen ditut, ikusten diren lekuan, esan 
nahi berezia dutelako. Adibidez, Nepaleko arkatz bat daukat emakume batek Nepaletik ekarri zidala. Ez zuen inon arkatzik lortzen eta azkenean hango emakume batek tela batean arkatza bildu zuen eta bueno... Bereziak dira. 

Ezagutzen al dituzu arkatzak biltzen dituzten beste pertsona batzuk? Bildumagileen komunitateren bateko kide zara?
Ez, badakit Interneten ikusi dudanez bilduma egiten duen jendea dagoela, baina milaka eta milaka arkatz dituen jendea da, gainera ikusten da arkatz gehienak oso antzekoak direla, agian lerro berekoak direla eta kolore ezberdineko minak dituztela... Nire bilduma, oparitzen dizkidaten arkatzak biltzean datza, besterik ez. 

Nola antolatzen eta gordetzen duzu zure bilduma?
Ba saiatzen naiz... Orain, beira-arasetan ditut, goialdean irudi bat dutenak besteengandik bereiziago egon behar dira ez hondatzeko, eta horregatik, bananduta jartzen ditut, beste beira-arasa batean. Eta arkatz sinpleak direnak beste arasa batean jartzen ditut. Asko dira arkatz sinpleak direnak eta hauek, herrialdeka banatzen eta antolatzen saiatzen naiz.

Eskura egindako arkatzik baduzu zure bilduman?
Bai, asko. Enborrekoak diren guztiak eskuz eginak daude. Lehen aipatutako Nepaleko arkatza eskuz egina dago, batzuk zizelkatuak dira, beste batzuek egurrezko zuntz bat dute gainean... 
Baina badira eskuz egindakoak. Gero, fabrika-arkatz tipikoak daude, baina bai, New York forma duten arkatzak daude, goiko atalean sagar itxurarekin, bertako Sagar Handia kalea irudikatuz. Asko daude, asko!

“Ez da nirea bakarrik arkatz bilduma, guztiona da”

Inoiz egin al duzu zure bildumako erakusketarik?
Ez aukerarik izan ez dudalako. Jende ezagunak badaki arkatz-bilduma egiten dudala, baina ez dut erakusketarik antolatu. Erakusketa bat egin liteke, baina leku itxi batean egin beharko 
litzateke, beira-arasen babesarekin eta ez manipulatzeko baldintzarekin. 
Azkenean niretzat opariak dira, oso garrantzitsuak dira, orduan, oparitu didan jendeak nik zainduko ditudalakoan fidatzen dira. Hotel batetik hartua izan arren, niretzat balio handia 
dute. 

Bilduma mugagabea egiten jarraitzeko asmoa duzu? 
Bai. Jendeak arkatzak oparitzen dizkidan bitartean, nik jarraitu egingo dut. Beira-arasa gehiago erosi beharko ditut, baina bai, jarraituko dut. 

Zerbait gehiago aipatu nahi duzu?
Arkatzak oparitu dizkidatenek badakite hori egiten duten bakoitzean, nik arkatza bilduman gehitu eta argazkia partekatzen dudala. Etxean arkatz bat duen edonor animatzen dut bertara ekartzera, ni pozarren nago bilduma hau zabaltzeaz, ez da nire bilduma bakarrik, guztiona da.