Lekunberriko Udalak 2026ko aurrekontua onartu du

Mailope Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 15a

Lekunberriko Udal batzarrak hirugarren urtez jarraian onartu du Udal Gobernuak aurkezturiko aurrekontu proiektua, eta 3.737.874,40 €-ko aurrekontua izango du.

Aurrekontu horiek herrian dauden beharrei erantzuteaz gain, tresna eraginkorrak izango dira legealdi hasieratik finkatu den ibilbidean aurrera egiten jarraitzeko. Udalerriarentzat estrategikoak diren inbertsioak eta neurriak bultzatzeko balioko dute. Halaber, justizia sozialean, berdintasunean eta jasangarritasunean aurrera egiteko aukera emango dute.

Arkaitz Goikoetxea Lekunberriko alkateak nabarmendu du udalean lan egiteko beste modu bat finkatuko zutela eta horrela egin dute aurrekontu proiektuan ere: herritarren ekarpenak jaso dituzte, eta hirugarren urtez jarraian, oposizioaren  ekarpenak ere kontuan izan dituzte aurrekontuak osatzeko.

 

Hainbat inbertsio eta azpiegituren indartzea

Inbertsioen atalak 1.295.727 €-ko partida izanen du, eta esku-hartze hauek egitea aurreikusten da: Kiroldegiko teilatua berrituko dute eta horretarako 195.000 €-ko diru atala jaso dute; bizikleta-bide berria egingo dute Bidegorritik Toki Alai sagardotegirainoko bideak txukunduz, eta handik Beigorriraino (343.00€); Urzubi eta Epeleta inguruko ur zikinen sarea berrituko dute, eta herriko sare orokorrera konektatu (50.000 €); poligonoko zorua berritzeko inbertsioa ere aurreikusten da, 195.000 €-koa. Antzinako Lanbideen ibilbidea garatzeko 50.000€ partida jaso dute. Honekin batera ur zerbitzua digitalizatzeko 95.478€ partida jarri dute, eta proiektua hau epe motzean bukatzea aurreikusten dute. Horrekin batera, beste langile bat kontratatuko dute herriko mantentze lanak indartzeko eta obra txikien partida handitu egin dute.

 

Klima Larrialdiari erantzuteko hobekuntzak

Klima larrialdiari erantzuteko, herriko gune berdeen azterketa egitea aurreikusteaz gain, diru atal bat jarri dute hobekuntzak egiteko eta zenbait neurri hartzeko(45.000 €). Halaber, futbol zelaiko argiteria Led sistemara pasatu nahi dute, energia kontsumoak murrizteko eta efizientzia hobetzeko (80.000 €). Neurri horiekin batera, mugikortasun jasangarria eta  segurua sustatzeko atalari eutsi diote eta “asto bizkarrak” jarriko dituzte herriko hainbat puntutan ibilgailuen abiadura murrizteko; horretarako 25.000€-ko partida erabiliko dute obra txikien ataletik. Horrekin batera “Lekunberrin, dena hor bertan” kanpainarekin jarraituko da herrian zehar oinez eta bizikletaz ibiltzeko neurriak hartuz; 10.000€ partida izango dute horretarako.

 

Tokiko garapena eta etxebizitza

Etxebizitzari dagokionez, neurrigabe igo diren prezioen egoera larri horri erantzun bat emateko, iaz 11.000€-ko diru atal berri bat sortu zuten aurrekontuetan, eta aurten eutsi egin diote eta, beharko balitz, handitzeko intentzioa dute; etxebizitzari dagokionez, lehenbiziko pausoa lan egitea izango da Iturriburuko pisuak  herritarren eskura jartzeko. Eta horretarako harremanetan daude Nasuvinsarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta CASA47 erakunde publikoarekin.

Tokiko Garapenari dagokionez, 47.000€ partida eman diote arlo horri. Ildo horretan, ezinbestekoa ikusten dute Mendialdeko Aktibazio Ekonomikoaren planarekin jarraitzea.

 

Berdintasuna, kultura eta aisialdia

2026an Mendialdea Mankomunitatetik Berdintasun zerbitzu berria jasoko dute, eta 15.000€-ko partida lotua dute horretarako; horri esker, 14 urte bazterrean gelditu den zerbitzua martxan jarriko dute berriz.

Kulturako atala bigarren urtez igo egin dute; zehazki, 2025ekoa baino %20 handiagoa izango da aurtengoa: 60000€ izango ditu. Arlo horretan garrantzitsua ikusten dute kultur programazioa indartzen joatea eta urte osoko dinamika kulturala sendotzea.

Gaztetxoei dagokienez, zerbitzu berria izango dute 2026. urtean: Gazte Txokoa martxan jarriko dute 12 eta 16 urte arteko neska-mutikoentzat, begirale tituludunek gidatuta. Hala, iaz Jaibus zerbitzua indartu zuten inguruko herriko festetarako, eta aurten bide berean jarraituko dute. Horretarako, gaztetxoei eta gazteei bideratzen zaizkien diru atalak ordenatu eta handituko dituzte.

Balantze orokor moduan, diru sarrera propioak hobetu edituzte eta hainbat gasturen kontrola hobetu dute; horri esker, bideragarritasun ekonomikoa bermatua dago aipatutako proiektuetan aurrera egiteko eta erronka nagusiei heltzeko.