Lekunberriko ur hornikuntzaren polemikatik, egokitzapenera

Erreportajea: Jose Luis Goldarazena (Lekunberriko bizilaguna), Gorka Azpiroz (Lekunberriko Taldeko zinegotzia) eta Arkaitz Goikoetxea (Lekunberriko alkatea). 2026ko martxoaren 26a

2021ean Lekunberrin uraren prezioa eztabaida iturri izan zen. “Faktura altuek” eta “gardentasun faltak” hainbat herritarren desadostasuna piztu zuten, eta kexak erakundeetara iritsi ziren. Gaur egun, ordea, udal gobernuaren aldaketarekin eta kudeaketa ereduan egindako moldaketekin, udalak eta bizilagunek, egoera bestelakoa dela diote.

Herritarren ikuspuntua

Jose Luis Goldarazena, Lekunberriko bizilagunarentzat, 2019ko udaberrian jaso zuen ur-faktura izan zen eztabaidaren abiapuntua. “Apirilean 96,91 euroko faktura jaso nuen eta ez zitzaidan batere ohikoa iruditu”, gogoratu du. Ordura arte jasotako fakturak handiegiak zirela iruditu arren, ordainagiri hark Goldarazenaren kezka piztu zuen. “Ez ginen kezkatutako herritar bakarrak izan, askok sumatu zuten prezio igoera, baina lehenengo pausoa ematea zaila zen”. Horregatik, Goldarazenak kexa formala aurkeztea erabaki zuen eta handik gutxira, Iñaki Ganuza bizilagunarekin elkartu zen. Hala, elkarrekin uraren datuak biltzen eta aztertzen hasi ziren, eta taula konparatiboak osatu zituzten. “Uraren prezioa inguruko herriekin alderatu ondoren, argi ikusi genuen Lekunberrin askoz garestiagoa zela, eta hura ezin zen justifikatu”, azaldu du.

“Apirilean 96,91 euroko faktura jaso nuen eta ez zitzaidan batere ohikoa iruditu” - Jose Luis Goldarazena

Goldarazenaren hitzetan, “zenbakiekin frogatu genuen Lekunberriko uraren prezioa Nafarroako batez bestekoaren kanpo zegoela. Halaber, 2010etik aurrera uraren tasak igo egin ziren, eta 2012tik 2023ra urtero %2ko igoera aplikatu zen”.

Azken urteotan, ordea, aldaketa nabarmenak izan direla onartu du. Udalak bere eskumenen barruan dauden tasak jaitsi baititu: hornidura-tasa %15 inguru jaitsi da (0,679 €/m³-tik 0,587€/m³-ra) eta estolderia-tasan moldatu da. “Gaur egun gutxiago ordaintzen dugu duela lau urte baino”, azaldu du.

Hala ere, ñabardura garrantzitsu bat azpimarratu du: NILSA, Nafarroako Gobernuaren enpresa publikoaren saneamendu-kanona azken hiru urteetan nabarmen aldatu da. “NILSAren tasa 0,597 eurotik 0,77 eurora igo da, eta aurten, agian, 0,81era iritsiko dela dirudi. Igoera hori Nafarroa osokoa izan da, eta horregatik Lekunberriko uraren prezio jaitsiera ez da fakturan hainbeste nabaritzen”. Bere esanetan, udalak tasak jaitsi ez balitu, gaur egun “gehiegizko ordainketa” jasan beharko lukete herritarrek.

“Lekunberriko uraren prezio jaitsiera ez da fakturan hainbeste nabaritzen” Jose Luis Goldarazena

Goldarazenak argi du urteetako borrokak fruitua eman duela, “uraren tasa jaisterakoan arrazoi genuela onartu dute. Gaur egungo udalak entzun gaitu. Hala ere gardentasun osoa eskatu nahiko nuke. Halaber, Lekunberriko uraren ur kostu zehatza jakitea gustatuko litzaidake, eta horren arabera jarri dadila prezioa. Gehiago bada, ordainduko dugu; gutxiago bada, jaitsi dezatela. Hori besterik ez”.

Iñaki Ganuza eta Jose Luis Goldarazena 2021ean. Argazkia: Labrit.

 

Lekunberriko Taldearen irakurketa

Gorka Azpiroz, Lekunberriko Taldeko zinegotziak, duela urte batzuk uraren prezioaren inguruan piztutako polemikaren ostean, egungo egoerari buruz  hitz egin du: “egiari zor, herritarrak jasotzen dugun fakturetan ez dago alderik, nahiz eta faktura konposatzen duten kontzeptu batzuk jaitsi, faktura betetzen duten beste kontzeptuen igoerekin ez da batere nabaritzen. Herritar asko hurbildu dira hori esatera”.

Hala, uraren kudeaketa dirudiena baino askoz konplexuago dela azpimarratu du, “baloratzen ez dugun luxua da txorrota irekitzea eta ura izatea. Horrek atzetik sekulako azpiegiturak, lanak, zerbitzuak, kostuak eta kudeaketak ditu. Hori esanda, kalitatezko ura genuen eta dugu, bereziki, duela 15 urte Iribasen dagoen edateko uraren estazioa (ETAP) egin zenetik, eta kudeaketa profesionala beharrezkoa da. Gaur egun, lehen ere bezala, eta momentuz, kudeaketa ontzat eman daiteke bere osotasunean”.

“Baloratzen ez dugun luxua da txorrota irekitzea eta ura izatea” - Gorka Azpiroz

Lekunberriko Taldeko zinegotziak nabarmendu du azken urteotan aldaketak izan direla tarifetan eta kudeaketa ereduan: “saiatu izan da, baina patrikek orokorrean ez dute sumatu aldaketarik”.

Azpirozek Lekunberriko ur tasaren prezioa Nafarroako batez bestekoaren barruan dagoela defendatzen jarraitzen du, “NILSA-k egin zuen txostenean, uraren kudeaketa defizitarioa zela azaltzen zen, hau da, zehazki Lekunberrin eta orokorrean Nafarroan gastatzen eta inbertitzen zen dirua ez zen tasekin errekuperatzen. Kostuak altuagoak ziren (eta dira) prezioak baino. Eta hori, gutxinaka-gutxinaka erregulatu behar da”.

“NILSA-k egin zuen txostenean, uraren kudeaketa defizitarioa zela azaltzen zen” Gorka Azpiroz

 

Lekunberriko Taldeko zinegotziaren arabera, informazioaren gardentasuna garrantzitsua izan da hasieratik: “gu alkatetzan egonik fakturaren kontzeptuak argitu eta esplikatu genituen. Horrez gain, uraren inguruko txosten luze bat argitaratu genuen. Azkenean, prezioa ez zen kostua baino altuagoa, eta beraz, zegoen, eta dagoen prezioa, ez da altua. Gardentasun aldetik legegintza honetan ez da parekorik egin, ezta hurbildu ere, ez baita ezer egin txosten horiek adibide”.

Azkenik, etorkizunean kudeaketa integrala eta bikaina bermatzea ezinbestekoa izango direla adierazi du. Ondorioei dagokienez, “udalerriko hainbat ataletan bezala, lana eta kudeaketa behar dira. Bizitzako hainbat alderditan bezala, falta denean sumatzen dugu falta. Zentzuzkoak eta arduratsuak izan gaitezen, bai erabiltzaile, bai arduradun; bakoitza bere esparruan. Gaur arrunta iruditzen zaiguna ez dadin altxor bihurtu”.

 

Gorka Azpiroz, Lekunberriko Taldeko zinegotzia.

 

Udalaren azalpena

Arkaitz Goikoetxea, Lekunberriko alkateak, nabarmendu du Iribasko Ertzilla Iturburutik banatzen den ura kalitatezkoa dela. Halaber, egiten diren kontrolek emaitza onak ematen dituzte. Zerbitzuari dagokionez, ura “altan” Ertzilla Partzuergoak kudeatzen du, ura “bajan”, berriz, Udalak. “Legealdi honetan eraldaketa prozesu batean sartuak gaude, eta pauso garrantzitsu batzuk eman dira: zenbait inbertsio egin dira zerbitzua hobetzeko, tasak berrantolatu egin dira, inguruko herriekin elkarlana sendotu da Ertzillan, ur kontsumoen azterketa egiten ari gara”, adierazi du alkateak.  

“Legealdi honetan eraldaketa prozesu batean sartuak gaude” Arkaitz Goikoetxea

Tarifen berrantolaketari dagokionez, azterketa bat egin dute eta etxeko kontsumo baxuei tasa jaitsi egin zaie eta kontsumo altuei igo. Uraren fakturan NILSAren saneamendu-kanona ere sartzen da. Azken urte hauetan igo egin dute kanona. “Adibide gisa, batez beste 35 m³ kontsumitzen dituen familia batek, Udalaren neurriekin (NILSAren kanona kontuan hartu gabe), 2026. urtean 50€ inguru aurreztuko ditu legegintzaldiaren hasieran indarrean zeuden tasekin alderatuta; NILSAren kanona kontuan hartuta, berriz, aurrezpen hori urtean 27 euro ingurukoa da. Kontsumo altuek, berriz, %8ko igoera izan dute”, azaldu du Goikoetxeak.

Arkaitz Goikoetxea, Lekunberriko alkatea.

Beraz, Lekunberrik jasotzen duen ura Ertzilla Partzuergoak hornitzen du, eta Lekunberri partzuergoko parte da. “Aurreko legealdian gatazka iturri izan zen, baina legealdi honetan elkarlana sustatzen ari gara eta pixkana-pixkana emaitzak ikusten ari gara”, adierazi du. Kudeaketa horretan, ur isuriak konpondu eta uraren kontsumo jasangarria sustatzea dira udalaren helburuak. “Aurten, adibidez sistema guztia digitalizatuko ditugu;  300.000 €-tik gorako inbertsioa izan da eta ur isuriak momentuan antzemateko aukera emango digu. Horri esker, lehenago hartzen ditugu neurriak. Halaber, Ertzilla Partzuergoak 1.3 kilometro hodi berritu du Iribasen, 500.000€-ko inbertsioa eginda. Bi inbertsio horiek hobetu egiten dute uraren hornidura zerbitzua”, gaineratu du.

Iribasko iturburua.

Hala, oraingo udalak uste du egungo tarifak lehen baino justuagoak direla, “estolderia tasa, adibidez, lehen denontzat berdina zen, eta orain gehien gastatzen duenak gehiago ordaintzen du. Ur horniduraren tasan ere norabide hori hartu dugu, baina oraindik badugu zer hobetu, dena den”.

Alkateak dioenez, haien helburua zerbitzu jasangarria izatea da, uraren ziklo osoa aintzat hartu behar da kudeaketa diseinatzerakoan. Hala, uraren kontsumo arduratsua sustatzeko neurriak bultzatu dituztela eta herriko sare osoaren diagnostiko integrala egin dute: ur-baliabideen egoera, uraren kalitatea, ur-galeren kantitateak, kontsumoak, sarearen egoera, azpiegituren egoera...

Hala, uraren kontsumo arduratsua sustatzeko neurriak bultzatu nahi dituzte, eta uraren erabilera arduragabea saihestu, “herriko sarea optimizatzen jarraitu behar dugu.  Ur-galeren arazoa ere nabarmentzeko modukoa da; Lekunberrin, adibidez, segundo bakoitzeko 5-6 litro galtzera iritsi izan gara zenbaitetan. Orain erdian gaude”.

“Lekunberrin, adibidez, segundo bakoitzeko 5-6 litro galtzera iritsi izan gara zenbaitetan” Arkaitz Goikoetxea

Horretaz gain, informazioaren gardentasuna kudeatzeko, gaur egun hiru hilabetetik behin herritarrei ur kontsumoaren faktura iristen zaie, eta uraren zerbitzua digitalizatzeko lanak bukatzen dituztenean, herritarrentzat tresna erabilgarria izango da, norberak egiten  duen kontsumoaren datuak edozein momentutan eskura izango dituztelako programa baten bitartez.

Etorkizunari begira, azpiegiturak hobetzen jarraitu nahi dute. Epe motzean, espero dute Ertzillan ura ponpatzeko bonbaren arazoa konpondua izatea; urrian apurtu zen bonba eta Ertzilla Partzuergoan bideratzen ari dira. “Horrekin batean, lanean ari gara sagardotegi ondoko ura ponpatzeko bonbak berritzeko, eta aurrera begira depositu berria eraikitzea dugu agendan. Horrek autonomia gehiago emango lieke Ertzillako herriei edozein arazoren aurrean”.

Azkenik, larrialdi klimatikoa errealitate bat da, “urarekin, energiarekin, espazio berdeekin eta hondakinekin lotutako politikak ikuspegi integral batekin landu behar ditugu; hori dela eta, uraren kultura berri baten ikuspegia landu behar dugu. Eta hori ezinbestean herritarrekin egin behar dugu, herri jasangarri baten bidean urratsak eginez”, amaitu du alkateak.

Lekunberriko erreka ia gainezka, 2026ko otsailaren 14an.