Zerbitzu berria: Txirrindularientzako Zerbitzugunea
Orain hilabete batzuk Txirrindularientzako Zerbitzugunea martxan jartzeko obrak bukatu ziren Beigorri Parkean. Adjudikazio berri horrekin hainbat zerbitzu eskainiko dira aurrerantzean: bizikletak alokatzeko zerbitzua eta konponketak egiteko tailerra, besteak beste. Horretaz gain, komun eta dutxa zerbitzuak ere jarri dira, bisitarien bizikletak gordetzeko eta kargatzeko gune itxi bat ere bai, eta aire zabalean, bizikletak garbitzeko eta konponketa arinak egiteko espazioak. Lekunberriko herritarrentzat eta ingurukoentzat ere oso erabilgarriak izango dira zerbitzu horiek, komunak eta bizikletak garbitzeko guneak irekita egongo direlako. Osotara, 250.000 euro inguruko inbertsioa egin du Udalak, eta 210.000 euroko dirulaguntza jaso zuen Nafarroak Turismo Zuzendaritzatik.
Beigorri Abentura Parkea
Orain arte bezala, Beigorri Abentura Parkeak bere eskaintza erakargarriarekin jarraituko du. Gaur egun, 4 ibilbide ditu hainbat altueratan, haritz handi eta ederren arteko ingurune eder batean, zuhaitzen adarretan ibiltzeko, plataformen arteko pasabideekin. Oreka, trebetasun, koordinazio eta tirolina jokoak ditu, eta, horri esker, jarduera entretenigarri batez gozatzeko aukera ematen du.
Naturari loturiko turismoa indartuz
Bi zerbitzuak elkarrekin landuz, bultzada bat eman nahi zaio naturari loturiko turismoari, ekonomia berdeari eta bereziki bizikletari loturiko turismo jasangarriari, Lekunberri erreferentziazko helmuga izan dadin bizikleta zaleentzat. Ildo horretan, Bidegorria eta Plazaolako Naturbidea lotzen dituen bidea egokitu du Udalak, eta beste konexio bat egitean hasia da Bidegorriaren eta Beigorri parkearen artean. Artzanegiko bidexka guztiz konponduko da Karabanen aparkalekuraino, eta zubi bat eraikiko da gune horretatik Sagardotegi aurrera gurutzatzeko eta handik Beigorrira.