Lekunberriko Jubilatuen Etxeko Taberna ireki dute

Mailope Aldizkaria 2026ko maiatzaren 16a

Lekunberriko Jubilatuen Etxeko Taberna. Argazkia: Lekunberriko Udala.

Maiatzaren 14an, Lekunberriko Jubilatuen Etxeko taberna berriro ireki zuten, eta ekitaldian jendetza bildu zen.

Lekunberriko Udalak martxoaren amaieran esleitu zuen zerbitzua, eta herriko bizilagun batek kudeatuko du. Kontratua urtebetekoa izanen da, urtean 1.000 €-ko kanonarekin, eta lau urtera arte luzatu ahal izanen da.

Aralar Musika Eskolako txistulariek, abeslariek eta  San Juan Jubilatuen Elkarteko kideek parte hartu zuten, eta giro ederra izan izan zen.

Arkaitz Goikoetxea Lekunberriko alkateak ongietorria eman zuen. Halaber, argi adierazi zuen Jubilatuen Etxeko tabernaren kudeaketak etapa berri bat abiarazi duela, norabide komunitario berriarekin. Jubilatuen Elkarteko presidenteak ilusioz hartu zuen tabernaren irekiera, eta zorterik onena opa zien kudeatzaile berriei.

Taberna zerbitzuari eman nahi izan zaion berrantolaketa aurreko kudeaketan antzemandako hainbat gabeziak eraginda dator, eta Jubilatuen Etxeko tabernaren arreta, ordutegiak eta eskaintza hobetu nahi dituzte. Kontratazio pleguak prestatzerakoan eta proiektu berria lantzerakoan, Jubilatuen Elkartearekin eta Mirua mikro-kooperatibarekin batera lan egin da, zeuden arazoak konpontzeko.

Beraz, aurrerantzean, Jubilatuen Etxeko tabernak egunean otordu osasungarria eskainiko die bakardade egoeran dauden adinekoei, baita sozializatzeko eta lagunartean egoteko jarduera osagarriak ere. Lekunberriko Udalak zerbitzua hobetu nahi du eta lokalari erabilera berriak eman nahi dizkio. Zaintza eredu komunitarioa sustatu nahi dute  eta horretarako lanean ari dira Gizarte Zerbitzuekin, Eguneko Zentroarekin eta Osasun Etxearekin.