Haur, gazte zein helduak behar dituzte Antzinako Azokako antzerkian parte hartzeko

Mailope Aldizkaria 2026ko maiatzaren 18a

Antzinako Azoka 2026. Argazkia: Juan Antonio Garaikoetxea.

Aurtengoa, 30. Antzinako Azoka izanen da, eta ospakizunarengatik, zenbait berrikuntzetan lanean ari dira. Horietan nabarmenena, abuztuaren 1eko arratsaldean Lekunberriko Alde Zaharrean eginen den herri antzerkia izanen da.

Duela zenbait urte arte, Azokaren egunean antzerki herrikoi bat ospatzen zen, eta izpiritu hori jaso nahi dute berriz. Herriaren historia eta pasarteak balorean jarriko dira, baina batez ere ongi pasatzea izanen da helburua.

Haur, gazte zein helduak behar dituzte arratsalde horretarako. Antzerkia Lorena Arangoa eta Esti Curiel aktoreek gidatuko dute, beraiek izango dute paper nagusia, baina herritarrak behar dituzte figurante eta laguntzaile moduan izateko. Ez dute ezer profesionalik eginen, ezta testurik ikasi behar ere; istorioa kontatzen laguntzeko, dantzatzeko, edota kantatzeko jendea baizik. Adin guztietakoa, era guztietako jendeari zabaldu dute gonbita.

Antzerkira apuntatzeko formulario bat  zabalduko dute Lekunberriko Udaleko eta Kultur Saileko sare sozialetatik.