Ia 15 hilabete igaro dira. 15 hilabete haurren, amonen, bidez bideko txalapartarien, kuadrillen eta isiltasunen eskuetan. Makilak higatu egin dira. Berniza galdu dute, kolpez borobildu dira, ehunka esku-ahurren kolore iluna hartu dute.
Igaro diren hilabeteetan txalapartara hurbildu denak txalaparta errespetatu du eta makilak errespetatu ditu. Txalapartarien hitzetan: “Ez da egon hausturarik, ez sinadurarik, ez errespetu faltarik. Errritmoa eta entzutea besterik ez”.
Hilabete honetan, lau makila berri utzi dituzten Lekunberriko txalapartaren ondoan. “Ahal bada, lau makila hauek ere zorte bera izan dezatela: erabileraz higatu daitezela, ez ahazturaz. Errespetuz ondu daitezela, ez utzikeriaz” adierazi dute antolatzaileek. “Makilarik gabeko txalaparta egur isildua baita. Eta jotzen duen herria, elkar entzuten duen herria da”, amaitu dute.