Hamarnaka herritar batu ziren Lekunberrin pintada faxistak salatu eta ezabatzeko

Mailope

Herritarrak Hontza Zulo Elkartea garbitzen

Hamarnaka bizilagun batu ziren atzo Lekunberriko plazan, azken egunetan Hontza Zulo elkartearen aurka agertutako pintada eta ikur faxistak salatzeko. Kontzentrazioan, Hontza Elkarteak irakurketa egin zuen, gorrotoaren eta faxismoaren aurrean isilik ez geratzeko konpromisoa berretsiz.

Irakurketan, azken egunetan Lekunberrin eta Nafarroako beste hainbat herritan agertutako pintada, ikur eta mehatxu faxista eta naziak gogor gaitzetsi zituzten. Nabarmendu zutenez, gertatutakoak ez dira ulertu behar gertakari isolatu gisa, eta horrelako jarreren aurrean ezinbestekoa da horiek ez normalizatzea eta herritarrak antolatzea.

Kontzentrazioaren ondoren, bertaratutako herritarrek auzolanean Hontza Zulo elkartearen aurkako pintadak ezabatu zituzten, mehatxuaren aurrean erantzun kolektibo eta komunitarioa emanez. Horrela, gorrotoaren ikurrak kentzeaz gain, herriko kaleak kolorez marrazten jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten, aniztasuna eta errespetua oinarri hartuta eta gizarte aske, anitz eta berdinzale baten alde.

Atzoko kontzentrazioak eta ondorengo auzolanak mezu argia utzi zuten: faxismoak ez du tokirik. Herritarrak antolatuta eta elkarrekin, gorrotoaren aurrean elkartasuna, aniztasuna eta askatasuna aldarrikatzen jarraituko dute.